Pfizer etxearen txertoa 12 eta 15 urte arteko nerabeei jartzearen alde azaldu zen joan den ostiralean EMA Sendagaien Europako Agentzia. Onespen horrekin, bidea ireki dakioke EB Europako Batasunean 16 urtetik beherako herritarrak txertatzeari. Izan ere, EBn orain arte adin horretatik gorakoei besterik ez zaie jarri COVID-19aren aurkako txertoa. Orain, Europako Batzordearen esku dago adin horretako gaztetxoak ere txertatzeko gomendioa berrestea, eta estatu kideek aukera hori jaso ahal izango dute beren txertaketa plangintzetan. Atzo, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak bere irizpidea eman zuen: nerabeenaren aurretik, aurrena adin handiagokoen txertaketa lehenetsi behar da.
ECDCk argudiatu du haur eta nerabeetan «leuna» izaten dela normalean COVID-19a, eta, kontrara, ondorio larriak izaten dituela adinean gora egin ahala. Onartu du, hala ere, zenbait nerabek izan dezaketela beren osasunagatik aparteko arriskuren bat gaixotasunaren aurrean, eta horien txertaketa lehenestea egokia dela. Gainerakoan, ordea, populazio orokorrera begira, ondorioztatu du onura handiagoak dituela adinekoak lehenesteak.
Txosten bat plazaratu du ECDCk propio gai hau aztertzeko. Esan du aldagai asko hartu behar direla kontuan txertatze planak zehazteko, eta kasuan-kasuan aztertu behar direla. Ikerkuntzan sakondu beharra ere nabarmendu du. Batetik, adi egon behar dela aldaerei begira, akaso sor daitezkeelako gazteenentzat erasokorragoak diren gaitzaren aldaerak. Bestetik, COVID-19ak adingabeengan izan ditzakeen epe luzerako ondorioei begira ere zer ikertua franko bada.
Sinovac etxearen txertoa
Osasunaren Mundu Erakunde OMEk onetsi egin du Sinovac botika etxearen txertoaren larrialdizko erabilera. Txinan ekoitzitako txerto bat da. Aurrez ere emana dio OMEk onespena herrialde horretan egindako txerto bati: lehengo astean esan zuen erabil daitekeela Sinopharm txertoa. Orain esan du Sinovac-enak bete egiten dituela nazioartean ezarrita dauden «estandarrak» produktuen segurtasunari eta eraginkortasunari begira.
Koronabirusa
Nerabeen aurretik adinekoak txertatzea lehenetsi behar dela gogoratu du ECDCk
Argudiatu du haur eta nerabeen artean «leuna» izaten dela normalean COVID-19a. Egokitzat jo du arriskuren bat duten nerabeak txertatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu