Hizkuntza gutxituak. Murgiltze eredua. Paul Molac. Bretainiako diputatua

«Badirudi hauteskunde giroan su bat itzaltzen saiatu dela Macron»

Frantziako Gobernuaren «ele ederrez» harago, erantzun eta ekintza zehatzak espero ditu Paul Molac diputatuak, Frantziako legediak hizkuntza gutxituen irakaskuntza eta erabilera berma ditzan.

XIIIFROMTOKYO / CC-BY-SA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Paul Molacek (Ploermel, Bretainia, 1962) hizkuntza gutxituei lege babes sendoagoa eman nahian. Helburu horrekin aurkeztu zuen Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legea Frantziako Asanblean, 2020ko otsailean. Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondotik, konstituzioaren 2. artikulua aldatzea da, haren ustez, sortutako egoera konpontzeko aukera bakarra.

Kezka eta haserrea eragin ditu Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak. Arriskua erreala da?

Konstituzio Kontseilua ez da legearen bi artikulu baliogabetzera mugatu. Argiki erran du murgiltze metodoa konstituzioaren kontrakoa dela, izan zerbitzu publikoan edo izan itunpekoetan. Horrek piztu du sua. Erabakia aplikatzen badugu, erran nahi du murgiltzean oinarritzen diren eskolak gelditu behar direla, edo oren parekotasunera itzuli behar dutela. Horrek arazo handiak sortzen ditu. Bretainian aurkitu dugu modua: irakasle berak ematen dituenez bi hizkuntzak, badira andana bat %80 bretoieraz egiten dutenak. Aski da egitarau polit bat osatzea, eta, horrela, ikuskaria datorrenean entzun nahi duena erranen zaio. Baina informala da; hori da arazoa.

Metodo pedagogiko baten balioa epaitu dutela diozu.

Ez du ez hanka, ez buru! Eta bistan dena, itunpeko eskolei eraso egin nahiko liekeen botere batek arazorik gabe egin lezake. Arma juridiko guziak ditu horretarako. Hauteskunde garaian gaude: orain eskualde eta departamenduetakoak, eta heldu den urtean presidentetzakoak. Zer gertatuko da 2022aren ondoren? Blanquer Hezkuntza ministro izanen da oraindik? Hala bada, okerrena espero dut. Edo erabat gure hizkuntzen kontra den presidente bat? Hori ere posible da. Batasun Nazionala ez da bereziki gure hizkuntzen aldekoa, eta Marine Le Pen presidente hautatua izan daiteke. Beraz, bai: mehatxua biziki argia da. 2022ra arte, ez, baina ondotik...

Anitzek Blanquerren eskua ikusi dute honen gibelean.

Berak abiatu zuen Konstituzio Kontseiluko helegitea; bera izan da diputatuen bila joan dena, engainatuz. Oso ongi zekien Konstituzio Kontseiluak gainerako artikuluak ere aztertuko zituela. Aliatuak baditu Konstituzio Kontseiluan, eta ezagutzen ditugu: Jacques Mezard, adibidez.

Posible izango ote zuen Macronen oniritzirik gabe?

Beti izanen da zalantza hori. Baina, ikusita gauzek nola funtzionatzen duten, harritua naiz. Macronek erran zuen berak ez ziola helegiterik jarriko legeari, eta ministro bat hori guzia instrumentalizatzen uzten du? Bitxia da. Ni Errepublikako presidente banintz, eta ados egonen ez banintz, ministroak biziki fite jakinen zukeen, eta ez zitekeen ministro luzaz egonen. Chevenement jurisprudentzia dago horretan: «Ministro batek edo ahoa ixten du, edo badoa». Hori da argitu behar dena: edo Blanquerrekin ados da, edo ez da ados, eta Blanquer joan behar da. Ez dut bereziki bere dimisioa eskatzen, ez baita nire rola, eta, funtsean, bost axola baitzait. Baina nahiko nuke kalte egitea eragotziko baliote.

Asteazkenean mintzatu zen Macron, hizkuntza gutxituak «altxor nazionala» direla erranez. Sinesgarria da?

Ele ederrek on egiten dute. Baina asmoak baizik ez dira. Nola konponduko dugu arazoa? Ez dakigu. Garai bereziki konplikatuan gaude eskualdeko hauteskundeak datozelako. Errepublika Martxan-ek non atera ditzake emaitza onak? Eskualdeko hizkuntzak dauden eskualdeetan: Bretainia, Akitania Berria eta Okzitania. Badirudi su bat itzaltzen saiatu dela. Gobernuak bi diputaturi misio bat ematea ikerketa bat egin dezaten, ados. Baina, funtsean, eskualdeko hauteskundeen bukaera itxaroten dugu, nolabait.

Ez du 2. artikulua aipatu.

Konstituzioko 2. artikulua idatzi zenean Errepublikako hizkuntza frantsesa dela errateko, diputatuek eta senatariek erran zuten ingelesaren kontra itzulia zela, eta ez eskualdeko hizkuntzen kontra. Baina Asanblea Nazionalean eta Senatuan izandako eztabaidei muzin eginez, Konstituzio Kontseiluak eskualdeko hizkuntzen kontrako arma bilakatu du. Beraz, momentu baten buruan, legegileak, herriaren ordezkaria baita, esku hartu behar du interpretazio horri «aski!» errateko. Aukera bakarra dago: 2. artikulua osatzea hizkuntza gutxituen irakaskuntza eta erabilera txertatuz. Hori presidenteak ez du aipatu, eta lehen ministroak ere ez.

Halakorik posible ote da?

Uste dut egoera batera heldu garela zeinetan herritarrek ez duten gehiago ulertzen eskualdeko hizkuntzen kontrako militantismo hori. Fañch izenaren afera biziki adierazgarria da. Guraso batzuek epaitegietara jotzea haien semearen izenean ñ erabiltzea debekatu zaielako? Seguru nago duela 30 urte gehienek paso eginen zutela. Gaur egun, bretoiera ez dakitenek eta ikasteko asmorik ere ez dutenek galdetzen dute ea administrazioak ez duen deus hoberik egiteko halako pitokeriekin kakinaraztea baino. Hori da entzuten duguna. Estatu egiturak erabiltzen du hori guzia, estatuaren makinerian ongi kokatua den pertsona talde txiki batek. Uste dut eskualdeko hizkuntzekiko beste harreman batera pasatzen ari garela. Horri buruzko eztabaida bat behar dugu.

Nola eta zer epetan?

2021eko abendura arte dugu, funtsean. Beraz, bai, posible da. Baina horretarako negoziazioak abiatu behar ditugu Senatuarekin; Asanblea Nazionalean ez litzateke arazo handiegirik egon behar. Nire kezka da betiko jukutria egitea: bozkatu nire alde, eta ikusiko dugu hautatua naizenean. Hori frantsesek ez dute gehiago sinesten.

Egun gutxian Frantziako gai politiko bilakatu da hizkuntza gutxituena. Nola baliatu beharko litzateke egoera?

Eskaera herritar bat behar da, eta [atzoko] mobilizazioek horretarako balio dute. Herriak zerbait zinez nahi duenean, momentu baten buruan desblokeatzen da. Eta gaiak buzz-a egiten duenean Parisko hedabideak interesatzen hasten dira. Funtsean, jadanik hasi dira interesatzen, eta hori kontuan hartzen.

Legearen bozketaren biharamunean zenioen oraingoz koofizialtasuna «urrun» dagoela. Konstituzio aldaketaren eztabaida horrek ahalbidetu ote lezake hizkuntzei lege babesa ematea?

Sustatu dudan legeak ematen du lege esparru bat. Hori zen ideia, gainera, orain arte ez baitzegoen lege esparrurik. Oraingoz inportanteena 2. artikuluaren kisketa haustea da, biziki murriztailea delako. Poliki joan beharko da, herritarrek nahi dutenaren arabera. Presio popularra atxiki behar dugu, eta gure agintariak bultzatu gai hori mahai gainean ezar dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.