Pandemiaren ondorioz Petronorren egoera gogorra dela aitortu du Emiliano Lopez Atxurrak (Zumaia, Gipuzkoa, 1956). Baina «garairik txarrenean» hidrogeno berdearen inbertsioa egin dutela nabarmendu du. Proiektu horrek aukerak ditu Europaren laguntza izateko.
Ematen du Europako diruek salbatuko gaituztela...
Ez. Salbatuko gaituzte gure borondateak eta gure estrategiak, gure sendotasunak eta gure elkarlanak. Europako dirua proiektuak aurrera eramateko gihar finantzarioa da, baina Europak esan du ez dela edozer gauza egiteko. Europako diruak ez dira txeke zuri bat; helburu estrategiko sendoetarako dira, ekonomia produktiboa sendotzeko, ekonomia lehiakorragoa izan dadin Txinarekin eta AEBekin lehiatzeko.
Esan nahi duzu Europako Batasunak salbatuko gaituela, baina berak norabidea jarrita.
Europarik gabe ez dago salbaziorik. Edo sinesten dugu Europan, edo ez daukagu etorkizunik; argi eta garbi esaten dut hori. Eta Europan elkartasuna behar da nahitaez, batasuna; dimentsio teknologiko industriala behar duelako Txinarekin eta AEBekin lehiatzeko. Gero, Europaren barnean ere egongo da lehia.
Hor diozu Polonia dela gure lehiakidea.
Normalean lehiak ez dira txarrak. Txarra da ez jakitea non gauden kokatuta, beti uste izatea txapeldunak garela.
Kritikoa zara; diozu Euskal Herriak ez dakiela nora joan.
Kritikoa ez, errealista naiz. Europako eskualde ospetsua garela esan ohi da... Ekonomian beti da inportantea geure buruarekin zintzoak izatea. Gauza ez da gure akatsak ateratzea, baizik eta jakitea non gauden eta nora nahi dugun joan; hori bai, gezurrik gabe, geure buruari tranpak egin gabe. Gure ekonomia lotuta dago sistema teknologiko industrial franko-alemaniarrari, eta hori mugitzen ari da. Hor zer gertatzen ari den kontuan hartu behar dugu eskualde ekonomiko gisa.
Pandemiaren aurretik ere aipatu izan duzu sistema franko-alemaniar horren garrantzia.
Pandemiak zer egin du? 2030. urtea hamar urte aurreratu. Eta 2015etik gai batzuk jada mahai gainean zeuden: Europak ikusi zuen Europa eta bere industria atzean gelditzen ari zirela deskarbonizazioan eta aldaketa geopolitiko teknologikoetan, eta horren inguruan berpiztu da politika industriala. Horri begira, Europako diruak ez dira helikopterotik botatako diruak, baizik eta estrategia baterako erabili beharrekoak.Gure sistema soziala, gure ongizatea, goi mailakoak dira, eta hori mantentzeko, ekonomia produktibo sendoa behar da, gizarte bat formazio handia duena, elkarlanerako ohitura duena, gazteei bizitzarako aukerak emango dizkiona. Enpresa espiritua berpiztu behar da. Mundu berri batean gaude, eta elkarlana behar da.
Ez dago nahikoa elkarlanik?
Gehiago behar dela uste dut, nazioarteko ekonomia aldatu egin delako, eta gu txikiak garelako.
Zein izan behar da politikarien zeregina honetan guztian?
Uste dut behar dela ikuspuntu estrategikoago bat. Akats inportante bat dugu: Alemanian sistema teknologiko industriala eta energetikoa sendotzeko banku bat daukate, eta finantza fluxuak daude. Hemen ez dago; zergatik ez funts subirano bat?
Espainiaz ari zara? Euskal Herriaz?
Maila guztiez.
EBren proiektuak bideratzeko talde bat ere osatu duzue enpresaburu batzuek, katalanak tartean.
Askotan elkartzen gara; jende xelebrea gara. Arduratuta gaude, egoera oso gogor bat delako hau. Gauzak ez badira ondo egiten gure lehiakortasuna egoera dramatiko batean sar daitekeelako. Guk eskualde oso konpetitiboa eta efizientea izan behar dugu, eta ezin dugu perspektiba itxi. Gure sistema Ebro ardatzera, Bordelera eta Tolosara [Frantzia] begira kokatu behar dugu. Hori egiten badugu, Espainiako ekonomia ere sendotuko dugu, sistema franko-alemaniarrarekin lotuko dugulako. Eta serioak izan behar dugu. Alemaniarrek eta hanseatikoek lana egingo dute, eta gu izarretara begira baldin bagaude, gu haien maquila bihur gaitezke [eskulan merkeko herrialdeetako tailerra]. Ez badugu ondo erantzuten, gure gainbehera izugarrizko abiadan iritsiko da.
Petronorren hidrogenoaren proiektuarekin, Europaren laguntza lortu nahi duzue.
Baina guk ez dugu egin proiektua horren bila; aurretik egindakoa da. Proiektuarekin, Alemaniaren analisi bera egin genuen: Europako deskarbonizazio agresiboa ezin da energia nuklearrik gabe egin. NBEk ere esana du hori. Orduan, nola demontre deskarbonizatuko da Europa, aldi berean lehiakortasunari eutsiz? Bada, hidrogenoa oraindik sistema bakarra da balio duena aldi berean deskarbonizaziorako eta energia biltegiratzeko. Portuan demo proiektua egiten ari gara hidrogeno berdea ekoizteko. Hori ondo ateratzen bada, eta ziur nago ondo irtengo dela, proiektuak ekarriko du urteetan Euskal Herrian egingo den inbertsiorik handiena.
Noiz jakingo da proba ondo atera den?
2023an, eta orduan hartuko dira inbertsio erabakiak. Proiektu erreferentziala da Espainian eta Europako hegoaldean. Hidrogenoaren korridorea lotuko dugu, hoditeriatik joango delako eta gure kokapen geografiko eta estrategikoagatik sare transeuroparrean gaudelako. Gero, Bizkaiko Diputazioarekin planteatu genuen, hainbat enpresa traktorerekin elkarlanean jarduteko, balio katea osatzeko lotura estrategikoetarako, hidrogeno bidezko hiri mugikortasuna lantzeko, energiari buruzko zentro teknologikorako... Elektrolizatzaile ahaltsuak egingo dira, robotizazioa, 4.0 industria... Proiektu handia da.
Altzairu berdea?
Horretaz ere hitz egin dugu, bai.
Baina gasolina saltzen jarraituko duzue.
Noski, gasolinak etorkizun handia duelako. Aurreikuspenek diote 2050ean petrolioak eta gasak bere partea izango duela mix energetikoan. Beste kontu bat da denentzako tokia izango den. Horregatik, edo findegi oso efiziente eta lehiakorra duzu, edo ez daukazu etorkizunik.
Nola bizi duzue krisia Petronorren?
Egoera gogorra da, oso gogorra. Zer daukagu alde? Akziodun ahaltsu bat; eta horrek ziurtasuna ematen digu. Eta elkarlana: gure jendeak zoragarri erantzun du pandemian; ez dut ahaztuko hori. Neurriak hartzen ari gara: atal bat itxi dugu, ea nola doan merkatua, eta buru-belarri hari gara jendea mantentzen, formazioa ematen. Ez ditugu erabili araudiak ematen dizkigun aukerak. Ezin dut esan hemendik hilabete batzuetara erabiliko ez ditugunik; merkatua nola dagoen, pandemia nola dagoen, agian neurriak hartu beharko ez direnik. Nire erantzukizunetik ezin ditut horiek baztertu. Edonola ere, Petronorrek iraungo du, sistema energetikoan inportantea delako, giltzarria delako. Eta ez dugu behin ere ahazten Euskal Herriko eta Bizkaiko sistema ekonomikoan daukagun erantzukizuna.
Europako diruak. Emiliano Lopez Atxurra. Petronorreko presidentea
«Izarretara begira bagaude, alemaniarren maquila bihur gaitezke»
Lopez Atxurrak argi du Europako funtsak ez direla txeke zuri bat, eta ikuspegi estrategiko bat beharko dela haiek erabiltzeko, Europan mugitzen ari den sistema franko-alemaniarrari adi. Petronorren hidrogenoaren proiektuak Euskal Herrian urteetan egingo den inbertsio handiena ekar dezakeela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu