Preso, iheslari eta deportatu ohiek iragarri dute datozen egunetan xehetasun gehiago emango dituztela horren inguruan, baina dagoeneko Usurbilgo itxialdiaren inguruan antolatuko den egitarauaren zertzelada batzuk aurreratu dituzte, bai eta dinamikak iraungo duen hilabetean egingo diren mobilizazioei buruzko informazioa ere.
KALERAGUNEAREN IREKIERA
Usurbilgo itxialdiaren inguruan Kaleragunea izeneko esparrua atonduko dute, eta abenduaren 10ean irekiko dute, 19:00etan. Itxialdia izango da gune horren ekinbide nagusia: abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra ehunka lagunek itxialdia egingo dute, eta horren inguruan ekitaldi eta jarduera ugari antolatuko dituzte. Batzuek hilabete osoa emango dute itxita, beste batzuek egun gutxi batzuk edo gau bat emango dute itxialdian, baina asmoa da hilabete batez iraungo duen etenik gabeko ekinbidea sortzea.Itxialdia preso ohiek atondu badute ere, antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute ekitaldi irekia dela, eta, preso ohiez gain, beste edozein herritarrek ere parte har dezakeela han, bakoitzak nahi edo ahal duen denbora tartea emanez itxialdian. Gutxieneko parte hartzea bermatzeko, hainbat lagunekin hitz egin dute antolatzaileek, eta dagoeneko ziurtatu dute «jende kopuru handi bat» modu iraunkorrean egongo dela itxialdian. Orotara, preso ohiek kalkulatzen dute mila lagunek baino gehiagok parte hartuko dutela une batean edo bestean Kaleragunean.
Itxialdiak iraun bitartean, mota guztietako ekitaldiak antolatuko dituzte Kaleragunean: hitzaldiak, mahai inguruak, kultur emankizunak eta abar. «Borroka gune ez ezik, alaitasunerako gune» ere bilakatu nahi dute Usurbilgoa, Juan Mari Olanok esan duen moduan.
HARREMANAK
Usurbilgo Kaleragunea baliatuko dute hainbat eragilerekin harreman eta elkarrizketa sorta antolatzeko, eta dinamika horrek izango duen atalik garrantzitsuenetako bat izango da, edo esangura politikorik sakonena izango dutenetako bat behintzat. Dagoeneko hitzordu batzuk finkatuta dituzte, baina Olanok nabarmendu du «nahi duten guztiekin» biltzeko prest daudela.«Gizarte, sindikatu, politika eta kultur arloko eragile guztiekin» harremana izan nahi dute preso ohiek, presoen auzia nola ikusten duten jakinarazteko eta, era berean, «beraiek nola ikusten duten entzuteko» ere. «Uste dugu auzi honi duintasunezko irtenbide bat emateko premia handia duela herri honek», esan du Olanok, «eta horregatik entzun nahi dugu eragile horiek guztiek zein iritzi duten».
Iritzi horiek bilduta «etorkizunari begira preso, iheslari eta deportatuen auzia konpontzeko herri gisa osoko planteamendu bat» egitea da preso ohien nahia.
Harremanen egutegia oraindik finkatzeke dagoen arren, Olanok nabarmendu du publikoak izango direla, edozeinekin biltzeko prest daudela eta laster jakinaraziko dutela horren berri.