Argazki bat azokei

Pandemiak errotik itxi zituen lehenak izan ziren ekoizleen azokak. Eta errotik ixte hark hainbat sustrai utzi ditu agerian: saretzeko beharrari, erreleboari eta gobernantza ereduari buruzko kezkak, besteak beste.

Plaza pandemia garaian. Erosleak eta saltzaileak, Ordiziako azokan. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ohartze baten kronika da. Nola ixte bat izan litekeen irekiera bat. Nola krisi bat pizgarri bat. Ohartze baten kronika da ixteak ohartarazi zituelako ahulguneez, sarerik ezaz, lehen kolpeko babesaz, eta bigarren uneko nekezaz. Ekoizleen azoka bakoitzak du bere errealitatea. Hori da plazaren aberatsa, baina hori da plazaren flakia. Argazki orokor bat da hau, mahaian erakusgai jarritako kezka orokorretatik abiatuta.

Eta Gipuzkoako Aldundiaren ekinbide bat du abiapuntuak aitzakia. Azoken Sarea sortu dute «herrietako azokak aztertu eta indartzeko, eta, horrela, horien etorkizuna bermatu ahal izateko». Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du martxan egitasmoa, Eusko Jaurlaritzarekin, landa garapeneko elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean. Azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana adostu nahi dituzte, eta guztien artean Gipuzkoa osorako ikuspegi orokor bat landu. Proiektua gauzatzeko hiru enpresa aholkulari kontratatu dituzte: Elhuyar, Eurogap eta Ikertalde. Egitasmoaren hasieran 16 udalerrik hartuko dute parte. «Azoken sarea sortzearen atzean dagoena da elkarrekin zerbait egin daitekeen aztertzea edo ikustea. Aldundi gisa gu ez gara agian nor zer egin behar den esateko. Dinamika parte hartzaile bat jarri dugu martxan horretara batu nahi izan duten udalekin. Ikusten ari gara ea badagoen elkarlanerako gunerik. Gure ustez, egon, badaude», nabarmendu du Xabier Arrutik, aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapenerako zuzendariak.

Arrutik nabarmendu du kezka «aspaldikoa» dela, baina pandemiak «katalizatzaile» gisa funtzionatu duela. «Dena mugatu egin zen. Kontsumitzaileen kontzientzia bertakoaren alde areagotu egin zen. Ekoizleek saltzeko zailtasun gehiago zituzten, eta guk administraziotik ikusten genuena zen azokak salmentarako kanalak direla, eta ez ginela ari behar bezain ondo aprobetxatzen. Kontzientzia areagotzeak, muga horiek sortzeak, aukera eman zezakeen azokak berrindartzeko, eta birplanteatzeko. Hori izan zen gure abiapuntua».

Proiektua abian da, eta Arrutik dio dinamika horretatik irtengo diren ekinbideak «errespetatzea eta haiekin lan egitea» dagokiela haiei, baina «lehen inpresioak» jaso dituztela, eta ikusten duela berak hiru erakundeen artean «elkarlanerako» aukera bat, «emaitza on bat» emango duena: «Hiru maila daude: udala, aldundia eta Jaurlaritza. Eta bakoitzak bere eskumena dauka: udalek ordenantzak egin eta azokak egiteko eskumena dute, baina bertara joaten diren baserritarren kontrola eta haien produktuen trazabilitatearen ardura aldundiarena da, eta eraldaketa eta merkaturatzea, Jaurlaritzarena».

Arrutik garbi dauka: «Bakarka azkarrago joan liteke, baina elkarrekin, urrutirago. Honek ez die azoka ezagunei itzalik egin nahi. Honek nahi duena da haiei aitortza egin, eta lagungarri izango baliteke sare bat sortzea, bada, horretan lagundu».

Aurretik egindako ikerketa

Mirene Begiristain EHUko irakasle eta ikerlariak badu eskarmentua azokei buruzkoetan. Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteak 2016-17an eskatutako azterketa koordinatu zuen ikerlari gisa. Tokiko nekazarien azoken eragin ekonomikoa eta soziala, horixe zen ikerketaren izenburua. Identifikatu zituzten ekoizleen soslaiak, kontsumitzaileenak, eta aztertu zuten azoka horien inpaktu ekonomikoa ere. «Ekoizleen soslaietan hiru identifikatu genituen: ekoizle profesionalak, kulturalak eta sozialak. Bakoitzaren atzean motibazio ezberdinak daude, baina azoketan dauden baserritarren erdiak profesionalak zirela identifikatu genuen, eta badagoela beste soslai bat kulturalagoa: emakume nagusiaren soslaia, joaten dena baserrian ekoizten duen horrekin, eta soilik azoketara joaten dena, ez dituenak beste komertzializazio bideak erabiltzen. Ekoizle sozialaren kasuan, berriz, azokakoa jarduera osagarri bat da haientzat».

Soslai profesional horretan egin du Begiristainek azpimarra: gazteagoa dela, gizonezkoa dela gehienetan, eta produktu espezializatua ekoizten duela. Zuzenean lotzen du hori beste aldagai nagusi batekin: erreleboarekin. «Soslai profesional horrek normalean erakartzen duena kontsumitzaile gazteago bat da. Hori oso inportantea da, zeren azoketan erreleboa behar da. Azokak oso eremu biziak dira, eta lehen sektorearen argazki bat ematen digute. Errelebo falta azoketan ere ikusten da: ekoizleena zein kontsumitzaileena».

Eta argazki horri segika dio Begiristainek lehen sektorean ez dagoela erreleborik; beraz, soslai hori falta dela azokan ere: «Kontsumitzaile gaztea gutxiago hurbiltzen da ekoizle kultural horrengana. Emakume nagusi horiek oso kontsumitzaile fidelak dituzte, eta beste belaunaldi batekoak dira asko».

Aipatutako ikerketan egindako neurketaren arabera, azokek urtean Gipuzkoan 80 milioi euroko inpaktu ekonomikoa dute: «Zuzenekoa eta zeharkakoa hartu behar da kontuan. Zuzenean baserritarrarengan eragiten duena, baina herri horretan eragiten duena ere bai».

Azoken errealitatera jaitsi

Ikerketa jada eginda dagoela dio Begiristainek, eta «azoken errealitatera jaitsi» behar dela orain. «Pandemia garaian sortu zen blokeoa esanguratsua izan zen. Desorekak sortu zituen azoka batzuen eta besteen artean. Ez zekiten zer egin, kaos sentsazio bat egon zen, talka bat egon, eztabaida bat egon zen. Eta gizartearen aldetik egon zen halako eskari bat, eta ireki egin zituzten».

EHUko ikerlariaren ustez, horrek adierazten duena da badagoela «atxikimendu bat» azokekiko, baina gehiago dela soziala eta kulturala: «Gero, kontsumo ohiturak beste batzuk dira. Hor badago erronka bat. Erronka bat azoken erreleboari lotuta. Eta, horretarako, azoka bakoitzak dituen beharretara jaisteaz gain, dagoen gabezia inportante bat da ez dagoela definituta gobernantza eredu bat azokei begira, eta hori oso beharrezkoa da».

Begiristainen proposatzen duena da «bestelako» gestio eta estrategia batzuk pentsatzea «non baserritarrek edukiko duten erabakietan parte hartzeko aukera». Erakundeen erabakiak «oso goitik behera» datozela dio, eta ekoizleak «oso kezkatuta» daudela horrekin. «Ezin dugu gobernantza eredu berri horretan araudiekin eta burokraziarekin korapilatu, eta azoketara doazen baserritarrei zailtasun gehiago jarri».

Iñaki Gonzalo ezti ekoizlea da, eta Gernikako (Bizkaia) azokan aritzen da, besteak beste. Begiristainek aipatzen dituen kezka horiek berresten ditu hark. Etorkizuna ez dela «batere ona» dio, ekoizleak «geroz eta jende nagusiagoa» direla, berritzea «oso motel» ari dela ematen, eta «sektorearen beraren egoeragatik» dela hori. Erakundeetatik datozen ekinbideak «errezeloz» hartzen dituela dio: «Guk hartu behar dugu ekimena».

Gonzalok dioenez, plazara saltzera joan nahi duenarentzat «denak dira eskariak eta denak dira paperak». Oinarrira joan behar dela dio: «Azoken sarea oso ondo egon liteke, baina joan behar da oinarrira. Eta oinarria da ekoizle oso gutxi daudela, eta hemen egon den ekoizpen moldeak dibertsifikaziora jo duela. Orain nahi dutena da espezializazioa, teknifikazioa, burokratizazioa».

Saretzeko beharra

Pandemiaren hasieran ekoizleen azokekin gertatu zenak eman die zer pentsatua Nafarroan ere. Ana Bados Iruñeko Ekomerkatuko koordinatzailea da, eta garbi dauka gobernuak «albo batera» utzi dituela. Hasieratik saiatu ei ziren elkarrekin harremanetan jartzen, erantzun komun bat emateko, baina orduan jabetu ziren euren «gabeziez». Hark esandakoa berretsi du Miriam Otxotorenak. Gazta ekoizlea da Lizarrako eta Iruñeko azoketan, eta NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko presidentea ere bai: «Pandemia hasi zenean, egin zuten lehen gauza izan zen merkatuak ixtea. Gure ahuleziak ikusten hasi ginen, hasi ginen ikusten ez geundela antolatuta, ez genekiela nora jo, norekin bildu... Ordiziako merkatua itxi zutenean, udalen bitartez-eta eskaini genien hango ekoizleei Lizarrara etortzea, elkartasunez. Horrek piztu zuen zerbait: gogoeta, elkartasuna gure artean, elkarlanerako beharra. Eta hasi ginen horri buelta bat ematen».

Badosek azaldu duenez, duela hilabete egin zuten lehen bilera, eta «sortze prozesuan» daude orain. «Elkar ezagutzen ari gara, zeren azoka bakoitzak du bere funtzionamendua, bakoitzak du bere historia. Batzuk instituzionalak dira, beste batzuk oso autonomoak eta ekoizleetatik sortutakoak, beste batzuk kontsumo taldeetatik sortutakoak...».

Iruñeko, Lizarrako, Berako, Leitzako eta Baztango ekoizleen merkatuetako kideak izan dira bileran. Miriam Otxotorenak dio «ezberdindu» egin nahi dituztela merkatu horiek besteengandik,«galduta zegoen figura hori bultzatzeko, eta herrietako plazak berreskuratzeko. Irizpide batzuk bateratu, bereizgarri bat lortzeko, eta Lizarrara edo Elizondora doanak jakin dezan merkatu horiek irizpide berdinak dituztela. Marka baten antzerakoa, baina marka baino gehiago aldarrikapen bat da».

Badosena da aldarrikapena: «Bertako merkatuak nahi dituzte, merkatu politak, turistentzako merkatuak. Guk nahi duguna da sistema horri buelta eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.