Txakurra. Gizakiaren lagun leiala, eta baita, zenbait kasutan, lankidea ere. Gertukoa. Zabaldua. Etxekoa. Etxekotua. Etxekotutako lehen animalia. Gauza asko jakinak dira gaur egungo txakurrei buruz: arrazez, portaerez... Beste hainbat, ordea, ezezagunak dira oraindik: esaterako, otsoak non, noiz eta nola bihurtu ziren txakur. Izan ere, txakurrak otsoetatik datoz, garai batean etxekotutako otsoetatik. Noiz, non eta nola hasi zen txakurren eta gizakien arteko harreman estua eta sakona? Hainbat teoria daude gai horri buruz.
Iragan astean kaleratutako ikerketa bati esker jakin da duela 11.000 urte, Izotz Aroaren bukaeran, jada bost txakur talde ezberdin —talde genetikoak— zeudela munduan zabalduta, genetikoki otsoengandik ezberdinak.
Ondorioak: «Txakurrak munduko bost leku ezberdinetan etxekotu ziren, modu independentean; duela 11.000 urte, Europan txakurrak zeuden, eta txakur mota ezberdinen presentzia bat dator giza mugimendu eta kultura nagusiekin». Aritza Villaluengarena da azalpena; parte hartu du ikerketan. EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle atxikia da, eta Historiaurre ikerketa taldeko ikertzailea Arabako Campusean.
Nazioarteko ikerketa talde batek txakurren historiaren hutsune horiek osatzen lagundu du. Era berean, galdera berriak sortu ditu gizakien eta txakurren arteko harremanaz eta elkarrekin egindako migrazioez. Origins and genetic legacy of prehistoric dogs (Historiaurreko txakurren jatorria eta ondare genetikoa) ikerketa argitaratu zuten iragan astean Science aldizkarian.
Antzinako 27 txakurren aztarnen genoma osoak aztertuta, etxekotze prozesuaren bukaera zehaztu dute: duela 3.000-11.000 urte artean. Modu globalean aztertu dute prozesua, lehen aldiz, Afrikan, Amerikan, Asian eta Europan aurkitutako animaliak aintzat hartuz. Otsotik txakurrerako aldaketa morfologikoak —tamaina txikitzea, besteak beste— «azkarrago» gertatzen dira, «baina DNAren aldaketak askoz ere denbora gehiago behar du».
Txakurren historia gizakienari lotua dago; gizakiena ere bai txakurrenari, neurri batean. Txakurrak izan ziren etxekotutako lehen animaliak, eta horrek gizakiaren eboluzioa aldatu zuen. «Gizakiek nonbait eta noizbait harreman zuzena izan zuten otsoekin, eta, belaunaldiz belaunaldi, otso horiek aldatuz joan ziren, txakur bihurtu arte», Villaluengaren esanetan. Horregatik, bat datoz garai hartako gizakien eta txakurren mugimendu asko; beste batzuk, ez.
Europatik Ekialde Hurbilera
Bost txakur mota zeuden Eurasian banatuta. Kareliako —Errusia eta Finlandiaren muga inguruko— lagin bat izan da aztertutako zaharrena: duela 11.000 urtekoa. Txakur batena da, genetikoki otsoengandik ezberdina. Harremana zuen garai hartako ehiztari biltzaileekin. Ikerketaren arabera, etxekotu ziren lehen txakurrak Europa osoan zabaldu ziren, eta Ekialdi Hurbileraino iritsi. Europakoa beste txakur mota batekin gurutzatu zen han, Iran-Irak aldekoekin, eta beste txakur mota bat sortu zen.
Txakur mota hori Afrikan sartu zen, eta iparraldetik, Saharatik behera joan zen, ekuatoreraino. «Txakur horren sakabanaketa nahiko harrigarria da», azaldu du Villaluengak. Ez dago argi garai horretan zer giza mugimendu izan ziren, txakurren mugimenduak ere ulertzeko. Bada beste kasu harrigarri bat: txakur mota bat Siberiatik Amerikara sartu zen duela 5.000 urte inguru. Han ere ez dute giza mugimenduen berririk. «Argitu gabeko ikerketa lerroak daude». Ondo kontserbatutako laginak beharko lirateke ikerketetan aurrera egiteko.
Ekialde Hurbileko txakurra «Europa osoan zabaldu zen, Neolitoko jendearekin, lehen abeltzainekin eta nekazariekin, eta han zeuden txakurrak ordezkatu zituen». Txakur mota hori da Marizuloko aztarnategian aurkitutakoa, Urnietan (Gipuzkoa).
Gero, duela 3.000-4.000 urte, Alemania aldean beste txakur mota bat agertu zen, jatorriz Asiakoa, eta Europa guztian zabaldu zen, «Neolitikoko txakur mota guztiak ordezkatuz». «Arraza horretatik datoz Europako txakur arraza guztiak», argitu du Villaluengak. Europa kolonizatu zuen gizatalde bakoitzak «txakur propioak» zituen.
Ikerketan beste ondorio bat ere atera dute, txakurren laginen DNA aztertu eta gero: otsoen eta txakurren arteko banaketa genetikoa gertatu eta gero, txakur horiek ez ziren gehiago nahastu otsoekin; txakurrek ez daukate otsoen DNArik; otsoek txakurrena bai, ordea. «Horrek esan nahi du noizbehinka txakurrek alde egiten zutela, basati bihurtzen zirela, eta otsoekin ugaltzen zirela», Villaluengaren arabera. «Horrek erakusten du, argi eta garbi, txakurrak beti egon direla gizakiekin, eta gizakiek kudeatu dutela txakurren eta otsoen banaketa prozesua, azkeneko milaka urteetan».
32 laginetik bakarra
Villaluenga doktoretza ondoko ikertzaile lanetan ari zen Alemaniako Monrepos ikerketa zentroan. Zentro horretan, ikertzaile batzuk txakurren jatorri genetikoa ikertzen ari ziren. Villaluengak haiekin hitz egin zuen, eta konturatu ziren ez zutela informaziorik Iberiar penintsulako txakurrei buruz; Villaluengari esker lortu zuten. Gordailuko —Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa— Goi Paleolitoko eta Mesolitoko txakurren eta txakurren familiako animalien aztarnak aztertu zituen.
Alemaniako ikertzaileek, Eusko Jaurlaritzaren baimenarekin, laginak hartu zituzten, eta ikertu. DNAren kontserbazioa aztertu eta gero, 32 laginetatik, 32 animalietatik, Marizulo kobazulokoa bakarrik zegoen ondo kontserbatua. Karbono-14 proba egin zioten, noizkoa zen jakiteko. Emaitza: duela 6.200 urtekoa. Jose Migel Barandiaranek indusketa egin zuenean, 1960ko hamarkadan, uste zuen duela 5.000 urtekoa zela. «Beraz», azaldu du Villaluengak, «orain badakigu Neolitoa Kantauri aldean ongi ezarria zegoela 1.200 urte lehenago».
Ez dakite gainerako laginak txakurrenak, otsoenak edo kuoienak diren. Kuoiak kanido mota bat dira: Goi Paleolitoan bazeuden, eta Praileaitzeko koban (Deba, Gipuzkoa) arrastoak agertu dira, esaterako.
Ez da erraza hezur zaharretatik DNA lortzea. «Aurrena, oinarrizko azterketa bat egiten diete, ea kolagenorik dagoen jakiteko», azaldu du Villaluengak. «Ondo baldin badago, klonatu egiten dute, eta DNA kateak lortzen dituzte».
Marizuloko haitzuloko (Urnieta, Gipuzkoa) hezur baten lagina izan zen ikerketarako baleko bakarra, duela 6.200 urte ingurukoa. Harekin batera zeuden beste hiruk ez zuten balio. Badakite Marizulokoa txakurra dela, hezurdura guztia aurkitu baitzuten. Gainera, garai hartako otsoak edo kanidoak baino txikiagoa da: «Tamaina txikiagoa etxekotzearen adierazgarria izan ohi da, etxekotzearekin gertatzen den ezaugarri morfologiko bat».
Gizon gazte baten eta hiru bat hilabeteko arkume baten ondoan zegoen ehortzita Marizuloko txakurra. Ehortzita. «Inguru antropiko bat da, argi eta garbi», baieztatu du Villaluengak; hau da, gizakiak sortua edo aldatua.
Zientzia
Lagun bai, baina ezezagun
Nazioarteko ikerketa talde batek ondorioztatu du duela 11.000 urte bost txakur talde zeudela gutxienez. Hainbat laginen DNA aztertu dute horretarako. Aritza Villaluenga EHUko irakasleak parte hartu du ikerketan, eta Euskal Herriko lagin bat ere erabili dute ikerketarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu