Letraz jositako triptikoa itxi du Meabek, hirugarren ohola emanda

Miren Agur Meabek 'Nola gorde errautsa kolkoan' poema sorta aurkeztu du, Susarekin. Triptiko bat osatzen du, idazlearen hitzetan, 'Kristalezko begi bat' eta 'Hezurren erretura' lanekin batera

Miren Agur Meabe idazlea, atzo, Donostian, Nola gorde errautsa kolkoan poemarioaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Baziren hamar urte Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962) ez zuela poema libururik argitaratzen. 2010ean eman zuen Bitsa eskuetan, eta Azalaren kodea 2000n. Baina, hamar urtetik behineko horiekin baino gehiago, Kristalezko begi bat nobelarekin eta Hezurren erretura narrazio sortarekin lotu du Meabek berak bere lan berria: Nola gorde errautsa kolkoan —Susarekin eman du, aipatutako besteak bezala—. «Hiru lanok triptiko bat osatzen dute», azpimarratu du.

XV. eta XVI. mendeko flandriar eskolako triptiko baten tankerako zerbait, zurezkoa ez baizik hitzezkoa, hiru ohol ondu eta loturekin. «Ohol bakoitza beregaina da, baina beste bien konpainian osatua. Alboko hegalak higikorrak dira, eta, kaxa baten moduan ixten direnean, hiru zatiek elkar babesten dute, batasuna eratuz». Aurkeztu berri duen poema sortak, bada, «lotura nabarmenak» ditu beste bi oholekin. Aurrekoetan bezala, hirugarren piezan ere tesi honi eutsi dio Meabek: «Biografia orok igortzen du izpiren bat». Poema bilduma berria jauregi bateko galerien edo klaustroaren moduan irudikatu du, «emakume mordoa kontu kontari, kandela piztuak eskuan» bertan paseoan dabilela.

Baratzearekin ere alderatu du triptikoa: «Orain dela zazpi urte, Kristalezko begi bat nobelan, baratzea lantzearekin konparatu zuen idazkuntza. Baina baratzea lantzeak garbitzea ere eskatzen du, sasiak erretzea, eta horren isla izan zen Hezurren erretura. Azkenik, zerbait egin beharra egoten da su metak utzitako errautsekin». Horixe litzateke Nola gorde errautsa kolkoan: sormena ongarritzeko lehengaia. «'Nola gorde errautsa kolkoan' esatea eta 'bizitza kudeatu' esatea gauza bera da», azpimarratu du egileak.

Metodo bat, sei atal

Meabek sei ataletan egituratu du liburua, eta, seion sarrera gisa, poema bat paratu du: Metodoa. Poema horretan, behin eta berriz errepikatzen da galdera, salmodia batean bezala: «Nola gorde errautsak kolkoan...». Metodoa poemaren goiburuan, egilearen esanetan «liburuaren oinarrizko filosofiaren laburpena» den Eloy Sanchez Rosillo poetaren aipua ageri da: «Aldi berean arnasten ditugu argia eta errautsa./ Hasiera eta amaiera oinaztu berean bizi dira».

Album bat da liburuko lehen atala. Memoriaren partea. «Atal autokostunbrista deitu diot». Txikitako folklore pertsonala jaso du bertan idazleak: paisaiak, jolasak, eskola eta heziketa, familia eredua, lilurak, pertzepzioak, ametsak...

Bigarren atala: Pospoloak. «Emakume erreal eta fikziozkoen katalogo bat. Pospoloek bezala, argia eta beroa igortzen dute, baina atzamarrak erre ere egin ditzakete». Hor agertzen dira, besteak beste, Alien filmeko Ellen Ripley, Dracularen amorante Lucy Weston, Peter Panen lagun Wendy, Xeherezade, Forugh Farrokhzad poeta irandarra, Marguerite Yourcenar, Bronte ahizpak, Mary Shelley, Andre Maria Birjiña, Martija Jauregikoa emagina, Milia Lasturkoa eta beste.

Nola gorde errautsa kolkoan liburuko hirugarren atala, Neguko bidaia izenekoa, Meaberen ohol poetikoaren parte alegorikoa da; Tempo Giusto, berriz, liburuko atal soziala; hileta kantu luze bat dator hurrena: Ate hori. Poetak bi dolu deskribatu ditu horretan: desamodioak eragindakoa eta heriotzondokoa. «2020 honen hasieran, neure maite-laguna izandakoa hil zen. Atea zarratzeko eskea da atal hau». Azkenik, Estigma zorizkoa metaliterarioa dator.

Miren Agur Meabek azken hamar urteetan idatzitako poema bilduman, aniztasun formala agerikoa da. Aniztasun horren barruan, estilizazioa, barrokismoa, abstrakzioa sartu ditu. Eta poema postalak, poema teselak, haikuak, kantak, kontaerak. Errima beste batzuetan baino markatuago dator, gainera. Eta, triptiko bat izanik, «lerro plastiko bat» dauka, nola ez, poema sorta osoa zeharkatuz. Lerro horren osagarri, Meaberen literaturan lehendik ere ezaguna den sinbologia aurki daiteke: tximeletak agertzen dira, eta palmondoa, txoriak eta katua. Eta agertzen da intertestualitatea.

Idazleak itxi du triptikoa. Jakin badakien arren badirela batzuk itxi orduko laugarren margolan bat agertzen dutenak, tapan. «Egunen batean triptikoaren tapa ere margoztuko dugu, agian, baina orain nitasunetik pixka bat urrundu eta barruari atzaparka ibiltzeari utzi beharra daukat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.