Eskolara edo lanera joan ahalko da, kontzertuak eta kirol emanaldiak ikusiko dira, erosketak egingo dira, eta lagun mordo batekin harremanetan egoteko aukera ere izango da. Bizitza errealean nola, birtualean hala. Gaur egun, metabertsoa espekulazioa da errealitatea baino gehiago, asko garatu gabe dagoelako oraindik, baina etorkizuneko teknologiatzat jo dute dagoeneko.
Mundu paralelo birtualek zientzia fikzioa izateari utzi zioten 2003an, Second Life bideo jokoa kaleratu zutenean: abatarrei esker, erabiltzailearen biki birtual antzeko bat, elkargune digital batean aritzeko abagunea eman zuen programa hark. Egun, sofistikatuagoa da teknologia, baita murgiltzaileagoa ere —metabertso batzuetara errealitate areagotuko betaurrekoen bidez sartzen baita—, eta harreman sozialetatik harago doaz jomugak: baliagarria izango da ikerketa arlo askotarako; osasungintzarako, hezkuntzarako eta industriarako, esate baterako.
Metabertsoa hizpidera ekarri du ostera ere Facebook enpresa zenaren iragarpenak: joan den urte amaieran, teknologia horren aldeko apustua berretsi zuen konpainiak, eta enpresari izena aldatu zioten: Meta. Hurrengo hamar urteetan arlo horretan egingo ditu inbertsiorik handienak, eta, besteak beste, 10.000 langile kontratatzeko asmoa du metabertsoa garatzeko. Oraingoz, estrategiak galera ekonomikoak baino ez dizkio ekarri, ordea. Sonatuena izan arren, baina, Meta ez da bakarra: enpresa asko ari dira metabertsoan inbertitzen, bai informatika arlokoak, baita bestelakoak ere, Gucci eta Nike, kasurako.
Aurreikusita dituzte mundu digitalaren itxura eta baliabideak, baina nola arautuko da? Hain zuzen, Iñigo Martinez Peña filosofia irakasle eta Agora elkarteko kideak uste du metabertsoak «erronka berri asko» dakartzala: esaterako, «erronka judiziala». Dioenez, «legean hutsunea» dago. Bat egiten du kezkarekin Esther Paniagua teknologian espezializatutako kazetariak eta Error 404. ¿Preparados para un mundo sin Internet? liburuaren autoreak (Debate, 2021). «Lege asko daude berriak direnak edo Interneten ingurukoak. Metabertsora aplikatu litezke, baina dena sortzeko dago oraindik; ez da eremu segurua».
Hori horrela, jada ezarri beharko lirateke arau horiek, Paniaguaren irudiko: «Metabertsoa erreala izan baino lehen, prest egon behar dugu hura gobernatzeko». Izan ere, dagoeneko jazo izan dira jokabide ez-etikoak, mundu fisikoan arau urraketak izango liratekeenak. Horizon Worlds Metaren mundu birtualean gertatutako eraso matxista bat aipatu du kazetariak: emakume batek salatu zuen beste erabiltzaile batek ukituak egin zizkiola bere abatarrari. Enpresaren erantzuna: andreak ez zituela aktibatu jokoak eskaintzen dituen baliabideak halakoak saihesteko, hala nola ezkutatzeko aukera. Berriki, beste emakumezko erabiltzaile batek esan du jokora sartu eta berehala lau gizonezkoren abatarrek bereari abusu fisikoak eta hitzezkoak egin zizkiotela.
Kasu horietan, Metaren gain dago kudeaketa; alegia, enpresa pribatu baten esku. Paniaguaren arabera, «mundu horiek sortzeko ahalmena dutenek definituko dituzte hango arauak». Eta nork du ahalmen hori? «Oraingoz, korporazio handiek. Zuk ez duzu nahi duzuna egiteko askatasunik besteek sortutako mundu batean. Baldintzatuta dago». Eta Interneten hastapenekin alderatu du egoera: «Lehen, gutxik egin zitzaketen webguneak, adibidez; orain bai, demokratizatu da».
Alabaina, «metabertsoan zerbait sor dezakeen publikoa oso mugatua da, gutxik dituztelako halako zerbait diseinatzeko tresnak eta dirua». Mundu birtualeko lurra ere komertzializatzen denez, zerbait sortu nahi bada eremu bat erosi behar da aurretik. Horrez gain, hardwarea ere ez da merkea: Metaren Oculus enpresako betaurrekoek 350 bat euro balio dute. Ondorio ezkorrak atera ditu Paniaguak: «Internetekin gertatzen den bezala, gobernantza pribatizatuko da. Enpresa pribatu horiek erabakiko dute nola funtzionatuko duen online munduak, beren interesen arabera baino ez, eta esparru publikoaren inolako kontrolik gabe. Nazio bateko gobernua pribatizatzea bezala da».
Beste kudeaketa baten alde egiten du Paniaguak, eta argi du zein den jopunturik urgenteena: produktu horiek mendekoak sortzeko duten ahalmena, «eskapismorako» erabiltzen baitira. «Facebookek onartu zuen tabako enpresek zigarretei azukrea eta mentola gehitzen zieten bezala erabiltzaileak mendekoagoak egiteko, helburu bera zutela gustatzen zait interakzioak eta edukia partekatzeko aukerak». Kazetariaren ustez, lortu behar da «mundu murgiltzaile horiek ez daitezen diseinatuta egon pertsonen denbora diru bihurtzeko xedearekin».
Polisaren ezabaketa
Arauak alde batera utzita, beste erronka batzuk ere ikusten dizkio Martinez Peñak metabertsoari: behinenak, teknologia horrekin eraikitzen den komunitate mota, kideen arteko harremanak, baita planteatzen duen gizaki politikoa ere. Agora eta merkatua bereizi ditu filosofia irakasleak: lehenari dagokionez, «plaza erabiltzen da politika egiteko, elkarren artean eztabaidatzeko, hizpidera ekartzeko elkarrekin erlazionatzeko moduak»; bigarrena, ordea, «negozioa» egiteko gunea da. «Antzinako Grezian, banatuta zeuden biak, baina nik uste dut gaur egun agorarik gabe gelditzen ari garela, dena merkatu bihurtzen ari delako».
Metabertsoa joera horren produktu bat da, ez konponbidea, irakaslearen iritziz: «Uste dut gero eta gehiago garela kontsumitzaileak, eta ez hiritarrak. Eta errealitate birtual horretan kontsumitzaile hutsak izango gara». Gogorarazi duenez, enpresa jakinek sustatutako elkarguneek osatzen dute metabertsoa; denda mordoa daude, eta bertako produktuak eskuratuta biribiltzen da norberaren abatarra. Hala, metabertsoaren helburua «negozioa» dela iruditzen zaio: «Polisa baino gehiago [komunitate politikoa], merkatua dago. Elkargunea merkatu bilakatu dute erabat, komunitate politikoa deseginda».
Horrenbestez, zerbait izatekotan, mundu birtualak elkarrekin fisikoki elkartzeko «bitartekoa» izan behar du, baina ez batzeko tokia, ez helburua. Ildo horretatik, Martinez Peñak dio pentsatu behar dela digitalki elkartzeak gorputzean dituen ondorioetan: «Hein batean, gorputza desagertzen da: pandemian, jende askok Zoom nekezia-z hitz egiten zuen, pantailen aurrean hainbeste denbora pasatu ondoren gorputzarekin gertatzen zenaz». Kontrara, elkargune presentzialetan «beste erotika eta komunikazio bat» dagoela nabarmendu du: «Ezinbestekoa zaigu toki horiek bizirik mantentzea».
Baina badago kezka sortzen dion beste alde bat ere: ekologikoa. «Batetik, gailu berri batzuk beharko dira, eta, beraz, zabor teknologiko handia ekarriko du; bestetik, datu horiek guztiek gastu energetiko itzela eskatuko dute». Gisa horretako fenomenoek jendea «liluratu» egiten dutela uste du irakasleak, baina «modu kritikoan aztertu eta politizatu» beharko lirateke, haren aburuz.
Sedentarismoa jorratzeko
Kritikak kritika, Martinez Peñak azpimarratu du ez dela «teknofobian» erori behar, eta Paniaguak adierazi du metabertsoak abantailak ere eskain ditzakeela. Gipuzkoan, esaterako, Activatec proiektua garatzen ari dira, errealitate birtualaren bitartez kirol zerbitzu berri bat eskaintzeko; Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du ekinbidea, besteak beste.
Ikerketaren diseinatzaileetako bat da Juanma Murua ekonomialaria, eta teknologia berrien inguruko irakasgaia ematen du EHUren Kirolaren Kudeaketaren masterrean. Dioenez, gisa horretako teknologiek sedentarismoa areagotu dezakete, baina, era berean, exergames deritzenak, mugimendua eragiten duten jokoak, baliagarriak izan daitezke ariketa fisikoa hauspotzeko, batik bat kirolik egiten ez duten eta bideo jokoen zaleak diren gazteei dagokienez: «Ikerketetan ikusi dugu jarduerok balio dutela pertsona horiek dinamizatzeko, kirol klasikoa gustatzen ez zaienak mugiarazteko». Teknologia berrien bidez jokatzen diren kirolek «pizgarriak» eskaintzen dizkiete, Muruaren arabera.
Bestalde, proiektuak jopuntuan du, halaber, mugitzeko arazoak dituen jendea, gertuko kirol zerbitzuren bat ez duena, edota gustuko jardueraren bat egiteko kilometro asko egin behar dituena. Horiei kirola gerturatzeko bidea izan daiteke mundu birtuala. Bi egoera horietan, metabertsoak «ekarpena» egin dezakeela uste du Muruak. Alabaina, ez dute asmorik mundu fisikoan dagoeneko kirola egiten duten horiek digitalera eramateko, azpimarratu duenez.
Nola bizi bizitzatik kanpo
Metabertsoa etorkizuna da, baina orain eragiten du kezka, korporazio handiek arautu dezaketelako hango jarduna, eta kontsumitzaile hutsen komunitatea sor daitekeelako. Ordea, bestelako ekarpenak ere egin ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu