Itzalpetik lehen lerrora

Maddi Ane Txoperenak neskame aritu ziren andreen istorioak eraman ditu 'Ene baitan bizi da' bere lehen nobelara. Amatxi-biloba batzuen harremana du ardatz

Maddi Ane Txoperena, bere lehen eleberria eskuetan duela, atzo, Andoainen, liburua aurkeztu berritan. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Maddi Ane Txoperena Iribarren idazle, bertsolari eta BERRIAko kazetariak lehen eleberria eman du argitara: Ene baitan bizi da. Orain arte literaturan gutxitan landu izan den gai bat hartu du hizpide: 1940ko hamarkadatik 1970ekora bitarte, sorterria utzi eta Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskame aritu ziren emakumeen errealitatea. Horretarako, neska gazte baten eta haren amatxiren arteko harremana jarri du istorioaren erdigunean. Txoperenak Gazteluma saria eskuratu zuen, eta haren laguntzaz idatzi du lana. Elkar argitaletxeak plazaratu berri du.

Marie da liburuko protagonista. Lapurtarra da, Donibane Lohizunekoa, eta Parisen politika zientziak ikasten ari da.Uda amatxiren baserrian pasatzea erabakiko du, Beran (Nafarroa); ikasketak bukatzeko lan bat egin behar du, eta, amatxi gaztetan neskame aritu zela jakinda, hari horri tiraka hasiko da. Hain zuzen, Marieren amatxi Josefina da beste hari nagusia, neskame ibili zen garaiko bizipenak agertuko dituena: «Liburu osoa hari batetik bestera doa saltoka», azaldu du Txoperenak.

Iraganeko eta egungo pasarteak tartekatuz, amatxi-biloben arteko harremanak gidatzen du narrazioa. Haien istorio eta bizipenetan antzekotasunak aurkitzen saiatu dela adierazi du idazleak, izan, badirelako; baina bien arteko kontrasteak ere agertu nahi izan ditu, belaunaldi ezberdinetako kide eta izaera nahiko ezberdinaren jabe ere badirelako. «Marie nahiko zalantzatia da; gauzak askotan egiten ditu pentsatu gabe, gero gaizki ateratzen zaizkio... Josefina beste era batekoa da, askoz ere ziurragoa, eta hasieran nahiko izaera gogorrekoa dela ematen du, baina liburuan zehar ikusiko da pertsonaia goxoagoa dela».

Baina haien arteko laguntasun harremana soilik ez, biek ala biek beste hainbat pertsonaiarekin dituztenak ere ageri dira liburuan: Mariek Parisen zein Beran ezagututako pertsonekin dituenak, Josefinak gazte garaiko lagun batekin zuena... «Saiatu naiz jendearen arteko harremanetan gertatzen diren gauza txikiak, detaileak azaltzen». Horiez gain, bada beste pertsonaia bat liburuan: Jose Luis, Marieren aita eta Josefinaren semea, gaztetan Beratik ihesi joan zena Donibane Lohizunera.

Hari guztiak kapitulu laburren bidez josi ditu egileak. «Uste dut kapitulu bakoitzak baduela izaera propio bat, edo ipuin txiki bat izan daitekeela». Hizkuntzari dagokionez, berriz, «nafar-lapurtera nahasketa bat» erabili duela azaldu du, istorioaren kokalekuagatik egokiena iruditu zaiolako.

Duela hiruzpalau urte sortu zitzaion Txoperenari lana idazteko ideia. Hendaiarra da bera, baina txikitatik izan du lotura estua Lesakarekin (Nafarroa), eta bertan bizi da egun. Baztan, Malerreka eta Bortzirietako andre asko bezala, haren amatxi ere etxetik kanpo neskame ibili zen gaztetan, eta hari entzundako istorioek piztu zioten gaiarekiko interesa. «Iruditzen zitzaidan gure eskualdeko gai inportante bat zela, baina ez zela asko hitz egiten ez idazten horri buruz, eta, aldiz, Ameriketara joan ziren artzainez edo kontrabandoan aritu ziren gizonezkoez askoz ere gehiago hitz egiten eta idazten zela, nahiz eta kontrabandoan, adibidez, emakumeak ere aritu ziren», azaldu du. «Iruditzen zitzaidan gure herriko historia modu partzial batean ailegatu zitzaigula, beste leku askotan gertatzen den bezala, emakumeen historiari ez zaiolako garrantzia eman; konkretuki, hauek zaintza lanetan aritu ziren, eta horri ere ez zaio garrantzi handirik eman. Gai hori landu nahi nuen nolabait».

Antropologia ikasketak egiten ari denez, lehenik bide horretatik ekin zion gaia aztertzeari. Eta jabetu zen elkarrizketatzen zituen andreek eurek ere ez ziotela haiek bizi izandakoari garrantzi handirik ematen. Literaturaren bidetik jotzea erabaki zuen gero, eta historiatik istorioak sortzea. Edonola ere, abiapuntutzat gertaera historikoak hartu baditu ere, zehaztu du ez dela historia liburu bat.

Bere amatxiren eta beste hainbat emakumeren testigantzak zituen idazleak, eta gaiari lotutako libururen zein dokumentalen bat ere baliatu zuen dokumentatzeko. Sakon aztertu ez duen gai bat dela argi utzita, azaldu du askotariko bizipenak topatu dituela andreen artean. Gogora ekarri duenez, emakume haiek luzaz egoten ziren beren sorterrietatik kanpo, komunikatzeko bideak eskas ziren garaian, eta askok hizkuntzaren oztopoari ere egin behar izan zioten aurre. Hainbati «askatasun puntu bat» ere ekarri zien lan horietan aritzeak; batetik, ekonomikoki diru iturri bat izan zezaketelako, eta, bestetik, Hegoaldekoei frankismoko girotik ateratzeko aukera eman zielako. Baina ez da ahaztu behar gogor lan egin behar zutela, zaintza lanetan aritzen zirela 24 orduz, beste inoren etxean. Eta «paradoxa» aipatu du Txoperenak: amatxi haiek garai batean egin bezala, egun beste emakume batzuek uzten dutela beren sorterria, hegoamerikarrek adibidez, Euskal Herrira lan berberak egitera etortzeko, baldintza zailetan.

Gazteluma saria

Pantxoa Etxegoinek, EKE Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak, gogora ekarri du Gazteluma saria 2000. urtean abiatu zela, eta ordutik bi urtetik behin egin dutela. Sariketa EKEk, Elkar fundazioak eta Baionako Elkar dendak elkarlanean jarri zuten abian, Ipar Euskal Herriko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzeko. Eneko Bidegain izan zen lehen irabazlea, eta, ordutik, beste zortzi idazle gaztek eskuratu dute. Txoperena izan da, oraingoz, azkena. «Beka aukera bat izan da niretzat liburua bukatzeko», azaldu du. Iazko udan idatzi zuen zatirik handiena, eta «plazerezko sufrimendu bat» bezala definitu du prozesua.

Emaitza «plazer handiarekin» hartu du Etxegoinek; hainbat belaunaldiren bizipenak biltzen dituen «istorio hunkigarria» dela eta euskara «biziki ederrean» idatzia dagoela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.