Ganbila antzerki testuen bildumak beste bi lan batu dizkio duela hiru urte hasitako zerrendari: Formol Laborategiak Album antzezlana eta haren sorkuntzaren unibertsoa eraman ditu izen bereko liburura; eta Samuel Beckettek eta Godoten esperoan haren obrak euskal teatroan utzitako arrastoa aztertu dute zenbait egilek Esperoan lanean. Susa argitaletxeak eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak plazaratzen duten bildumako 18. eta 19. zenbakiak dira, hurrenez hurren.
Antzezlanaren testua baino gehiago da Formol Laborategiko kideek Album liburuan eginiko proposamena, Edurne Azkarateren esanetan. «Obraren idazkerak egitura bat ematen zuen, eta erabaki genuen hari fidelak izatea eta collage zabalago bat harilkatzea, aukera eman zezan gure unibertsoan sakontzeko». Hala, irakurlea obraren prozesuan «murgiltzeko», testuaz bestelako piezak ere jaso dituzte: erabili gabeko idatziak, erreferentzia gisa izan dituzten beste idazle batzuenak, argazkiak, marrazkiak...
Testuak ez ezik elementu plastikoak, bisualak eta soinuzkoak ere islatu nahi zituztela gehitu du Intza Alkainek: «Eta hori liburura nola eraman izan zen erronka». Hala, eta «beste sortzaile batzuekin saretzea» gogoko dutenez, Janire Arroyo eta Dani Fanoren irudiak, Unai Belamiren argazkiak, Nerea Ibarzabal eta Eider Perezen testuak, eta beste eraman dituzte liburura. Horrela, irakurleak antzerki testuaren ibilbidea egin lezake, baina baita unibertso horren irakurketa sakonago bat ere.
Album ikusteko aukerak badira oraindik, baina emanaldi gutxi geratzen zaizkiela ohartarazi du Mikel Ibargurenek. Antzezlanean eta liburuan, beren belaunaldiaz baino gehiago, beren belaunalditik hitz egiten dutela zehaztu du Alkainek, eta «belaunaldien arteko irakurketa» gisa definitu du obra. «Igual, belaunaldi bakoitza bere esperientzietatik belaunaldi hau ulertzera iritsiko da, edo zalantzan jarriko ditu hainbat gauza». Azken batean, beren burua eta beren garaia ulertzeko saiakera egin dutela gehitu du Azkaratek, eta «oraindik hil ez den belaunaldi bati omenaldi bat» egin diotela nolabait. Ibargurenen hitzetan, obra ikusi ondoren beren burua hartan islatuta ikusi dutela esan diete hainbat lagunek: «Zerbait eragin duela jaso dugu, eta horrekin geratzen gara». Erantzun eta iritzi gehiago bildu nahi dituzte, eta horretarako aukera eman dute liburuaren amaieran dagoen QR kode baten bidez.
Oier Guillan bildumaren editorearen ustez, «ikusle belaunaldi desberdinekin konektatzea» lortu du obrak: «Esango nuke batzuek bete-betean bat egin dutela irakurketarekin eta hori egiteko moduarekin, baina aurreko belaunaldietan ere egon dela halako interpelazio harritu bat». Gehitu du liburua prentsaren aurrean aurkeztu aurretik ere ahoz aho zabaldu zela eta Durangoko Azokan oso harrera ona izan zuela.
Beckett euskal teatroan
Samuel Becketten Godoten esperoan obratik abiatuta, hainbat eskuren artean idatzia da Esperoan liburua ere, eta, Guillanek zehaztu duenez, «euskal teatro garaikidea XX. mendean eta XXI.ean giltzarri izan diren mundu osoko erreferentziekin elkarrizketan» dagoela ikusarazteko osatu dute lana, «euskarazko teatroarekin askotan izaten diren aurreiritziak gainditze aldera». Becketten lan jakin hori erdigune gisa hartuta, haren eragina duten bi antzezlanen testuak jaso dituzte liburuan: Karlos Linazasororen Godotekin solasean eta Samara Velteren Eta Karmele?. Azken hori oholtzara eraman zuten Ainhoa Alberdik eta Iraia Eliasek bere garaian, eta Alberdik gogora ekarri du saio jakin baterako sortu zen harekin, azkenean, ehun emanaldi baino gehiago egin zituztela lau urtean. Eliasen ustez, eta Becketten obraren ildotik, «atmosfera bat» sortzen asmatu zuen Veltek: «Gauza asko esan gabe geratzen dira, baina airean badago zerbait hor».
Bi testu horiekin batera, Becketten obra haren itzalari euskal teatroaren ikuspegitik begiratu dioten beste zenbait egilerenak dakartza Esperoan-ek. Ehazeren hitzaurrearen ostean, Becketten lanetan bitasunak daukan zentzua eta presentzia aztertu du Beñat Sarasolak Godot, bitan banaturik artikuluan. Eta inor ez baletor? izenburua jarri diote beren gogoetari Piszifaktoria Ideien Laborategiko Irati Agirreazkuenagak eta Mikel Ayllonek. Beckett bera, haren lanak eta horiek idazteko izan zituen eraginak aztertu dituzte aurrena, absurdoaren kontzeptutik abiatuta: «Absurdoaren etiketa erabili izan da desaktibatzeko izan ditzakeen potentzialitate politikoak, baina Beckettengan oso presente dago; berak txikira, hustasunera jotzen du, baina munduko ia gauza guztiak kabitzen dira bere diskurtsoan». Bide bera landu duten euskal antzezlan batzuk aipatu dituzte segidan; tartean dira Antzerkiola Imajinarioa, Metrokoadroka, Atx Teatroa, Anodino Teatroa, Les Bobebobe eta Gilkitxarorenak.
Amancay Gaztañagak ere aipatu du absurdoak adibide ugari utzi dituela euskal oholtzetan. «Iruditzen zait euskal antzerkiak guk uste baino zerikusi handiagoa duela antzerki absurdoarekin». Halere, halako obrak gutxi programatzen direla kritikatu du De kruisafneming artikuluan.
Guillanek berak idatzi du liburuko azken testua, Esperoaren esperoan, eta Becketten eraginaren aztarna agertzen duten beste zenbait erreferentzia aipatu ditu bereziki, Gaizka Sarasola eta Mairu antzerki taldea.
Absurdoaren aztarnen atzetik
Ganbila antzerki bildumako bi liburu plazaratu ditu Susak: 'Album', Formol Laborategiak emandakoa; eta 'Esperoan', Beckettek euskal teatroan utzitako arrastoa aztergai duten zenbait sortzaileren artean ondua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu