Sorkuntzaren lokatzak

Euskal Herrian euskaraz sortzen duten zazpi gazteren ahotsak batu ditu Lanartea elkarteak 'Loreak belaunetan' izeneko dokumentalean. Donostian proiektatu dute lana, eta Bilbon emango dute bihar

Ekain Ibarguren zirku artistak zortzi pilotarekin malabarrak egin bitartean ematen ditu bere bizimoduari buruzko azalpenak dokumentalean. LANARTEA.
Inigo Astiz
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Iceberg oso bat darama ezkutuan publiko aurrean jotzen den akorde bakoitzak, eta hura osorik azaleratzeraino errebobinatzen du bere azalpena Amets Aranguren Ibil Bedi taldeko musikariak (Iruñea, 1998) Loreak belaunetan dokumentalean. «Kontzertu bat ikustera joaten zarenean, joaten zara ordu eta erdiko emanaldi batera, eta ordu eta erdi hori prestatzeko igual lau ordu lehenago heldu da taldea, horren ondotik dena bildu behar da, eta, noski, hor daude horren atzean dauden konposizio orduak, entsegu orduak, bidaiak... [...] eta, gerora, hori ongi ateratzen baldin bada, helduko zara ordu eta erdiko emanaldi horretara». Hain justu, ezkutuko alde hori erakusteko asmoz sortu du dokumentala Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, ordea. Amagoia Gurrutxaga kazetari eta Lanarteko koordinatzaileak zuzendu du lana, eta gaur egun euskaraz sortzen ari diren zazpi sortzaile gazte elkarrizketatu ditu horretarako. Atzo egin zuten lehen aurrestreinaldia, Donostian, eta asteazkenean egingo dute bigarrena, Bilboko Bira aretoan.

2019. urtean sortu zen Lanartea elkartea, eta euskararen bueltan dabiltzan langileen baldintzak hobetzea du helburu. Elkartean bildutako gehienek ibilbide bat egina zutela ohartu, ordea, eta hala etorri zen dokumentala sortzeko ideia. «Ikusi nahi genuen sortzaile gazteek ea zer kezka zerabilten», azaldu du Gurrutxagak, eta kezka horien guztien mosaiko moduko bat da lana, azkenerako.

Arangurenez gainera, beste sei sortzaile ere elkarrizketatu ditu Gurrutxagak dokumentalerako: Dom Campistron marrazkilaria (Aldude, Nafarroa Beherea, 1995), Ekain Ibarguren zirku artista (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996), Iker Maguregi zinemagilea (Getxo, Bizkaia, 1996), Kattalin Barcena J Martina taldeko musikaria (Larrabetzu, Bizkaia, 1997), Maddi Ane Txoperena bertsolari eta idazlea (Hendaia, Lapurdi, 1994) eta Oihana Arana bertsolari eta idazlea (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001). 28 urtetik beherakoak guztiak, guztiak sortzaileak eta guztiak euskaldunak.

«Jendaurreko azkeneko emaitza hori ez, atzetik dagoena azaldu nahi genuen», esplikatu du Gurrutxagak, eta horregatik grabatu dituzte musikariak emanaldirako prestaketa lanetan, esaterako. Edo zirku emanaldirako makillatzen malabarista. Edo bertso-antzerkirako testua errepasatzen bertsolariak. Edo lantokitik etxerako bidean gidatzen idazlea. Edo oharrak antolatzen zinemagilea. Izan ere, Gurrutxagak azaldu duenez, sortzaile gazteek «izugarrizko arazoak» dituzte jendeari ulertarazteko eurek egiten dutena ere lana dela.

Sistemaren zama

Burokraziaren pisuaz mintzo da Maguregi dokumentalaren beste une batean. Edo haren zamaz, zehatzago. «Uste duzu sormena izango dela zure lana; idatzi behar duzula, grabatu egin behar duzula, eta hori izango dela zure lana, baina keba! Paper lan pila bat dago horren atzean, eta nik uste hori barrera bat dela sortzaile askorentzat, saltoa ez emateko edo nahi duten proiektua ez garatzeko». Eta soka beretik doa Campistronen gogoeta ere minutu batzuk geroago: «Jende anitzek uzten dute bizimodu hori, maluruski, beldurtzen baitira denaz: bai dirua ez egiteaz, eta bai paper eta gauza legal horiengatik ere». Eta horregatik ondorioa: «Sistema ez da batere pentsatua guretako».

Militantziaren eta profesionaltasunaren arteko oreka irristakorraz mintzo da Arana. Ume zela Hendaiako kaleetan euskaraz aritzeagatik jasandako mespretxuak gogoratzen ditu Txoperenak. Arte plastikoak laguntzeko beka sistemek sustatzen duten lehiakortasunaz mintzo da Barcena. Gurasoek emandako babesa ezinbesteko zaiola aitortzen du Mauregik. Eta, zirkuan lanean aritu ahal izateko ogasunean «txurrogile» epigrafean izen eman beharraz ez ezik, autonomo izateko hilero aurreratu behar duen diru kopuruaz ere mintzo da Ibarguren. «Autonomo izatea... Lan egiteagatik ordaintzea baino gauza tristeagorik ez dut ezagutu inoiz».

Unibertsitatean hamar urteko igaroaldia iragarri ziotela gogoratzen du Campistronek dokumentalean. «Arte eskolan nintzelarik hori erraten zuten: normalki, diploma pasatzen duzularik, gero, hamar urte behar dira kontatu soldata normal baten ateratzeko, minimo bat, eta pentsatzen dut hala dela, ze ene diploma pasatu nuen duela lauzpabost urte eta orain egiten ahal dut ene soldataren erdia ilustrazio lanarekin, eta bertze erdia bertze gauzekin; momentuan, adibidez, okindegi batean ari naiz lanean».

Eta, hain justu, etorkizunean beren burua non ikusten duten galdetzean, zalantzaz betetako erantzunak baino ezin izan ditu jaso Gurrutxagak bideoaren amaieran.

Bestelako mundu bat

Bestelako mundu batekin amestera doa Barcena bere erantzunarekin, esaterako: «Artea zentroan daukan ekoizpen bat nahi nuke garatu, baina badakit hori kapitalismoan ez dela posible». Eta etorkizuna irudikatzen saiatzeko darabilen terminologiarekin borrokan ikus daiteke Aranguren: «Bai, gustatuko litzaidake... horretaz bizitzea?, ez dakit horrela esango nukeen, baina bai musika izatea nire..., ez dakit, izatea nire bizitzako nukleoa? Bai».

Uda ostean jarraituko du Lanarteak dokumentalaren proiekzioekin, eta itxita dituzte hainbat emanaldi ere, Iruñean, Gasteizen, Baionan eta Baigorrin (Nafarroa Beherea), esaterako. Gero herriz herri joateko prest direla ere azaldu du Gurrutxagak. Dokumentalaz gain, sortzaileek gutxieneko baldintzetan lan egin ahal izateko diziplinaz diziplinako praktika onen zerrenda bana ere prestatzen ari dira, eta fiskalitateari dagozkion hainbat eskari ere helarazi dizkiete erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.