Bistan da gaia mahai gainean dagoela: denbora da bertso mundua genero ikuspegiaz hitz egiten hasi zela; denbora, mugimendu zein akademia feministaren eta bertsolaritzaren arteko zubiak eraikitzen hasi zirela. Are, zubiak geroz eta sendoagoak dira, Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayoz bertsolari eta ikerlarien ustetan. Horren adierazle izan zen iazko udan UEUren eskutik Iruñean egindako ikastaroa: Bertsolaritza genero-ikuspegitik. Eta hark izan zuen arrakastaren ondorio da Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburua, Artetxek eta Labakak koordinatu eta UEUk plazaratu duena. Labakaren esanetan, ikastaroaren helburu berari erantzuten dio argitalpenak: «Gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea izan da helburu nagusia. Alde horretatik, etor daitezkeen ikerketa, gogoeta eta praktika feminista gehiagoren pizgarri izatea nahi dugu».
Hortik dator, hain zuzen, liburuaren izenburuan azpimarratu duten ideia, (bir)pentsatzearena. Gaia berria ez den bezala, aldarrikatu dute auzia kuotez eta emakumeek plazan duten tokiaz harago doala: «Bertsolaritzaz eta feminismoaz hitz egitea, lehenik eta behin, bertsolaritzaz hitz egitea da. Bertsolaritzan ageri diren genero desberdinkeriak agertzearen bidez, gure kulturaz eta gizarteaz ere hitz egiten ari gara». Denera, hamalau artikulu bildu dituzte liburuan, eta aniztasuna bilatzeko ahalegina egin dutela nabarmendu du Labakak, gaien zein formatuen aldetik. Apropos egin dute, zenbait dikotomia puskatzeko: «Bizipenak vs gogoeta, adituak vs arituak, akademia vs herri jakintza... Guztiei egin nahi izan diegu leku».
Kolektiboaren aztarna
Lau ataletan sailkatu dituzte hamalau artikuluak. Lehengoa, oraingoa (eta tartekoak) izendatu dute aurrenekoa, eta, Labakaren hitzetan, «bertsolaritza gaur egun ezagutzen den modukoa izaten hasten den garaiko emakumeen lekurik ezetik egungo bertsolaritzan emakumeek duten leku(txo)ra» arteko bilakaera marrazten du. Atala zabaltzeko, Irati Majuelo Itoizek Carmen Larriñaga Odriozola «aitzindariaren» artikulu bat itzuli du: Bertsolaritza: maskulinitatearen habitat. Beste lau artikulu datoz ondotik: Elixabete Perez Gazteluk Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar bertsolariari buruz idatzi du; Kristina Mardaras, Arantzazu Loidi eta Estitxu Arozenak Iruñeko ikastaroko mahai inguruan esandakoak bildu ditu Nerea Ibarzabal Salegik; Maialen Lujanbio Zugastik egun emakumeek bertsolaritzan duten lekua ulertzeko gakoez gogoetatu du; eta, azkenik, Harkaitz Zubiri Esnaolak bertsolaritzari buruz egindako azterketa soziologikoaren emaitzak oinarritzat hartuta idatzi du. «Haren arabera, ebidentziek iradokitzen dute genero ikuspegitik aurrerapausoak eman diren arren nabarmena dela oraindik asko dagoela egiteko», aurreratu du Labakak.
Emakume* gorputz eta ahotsek esan (ezin) dezaketena du goiburu hurrengo atalak, eta biltzen dituen lau artikuluek «emakume gorputz eta ahotsetatik esan daitekeenari buruz, esan denari buruz eta esan ezin denari buruz» dihardute, Artetxeren esanetan. Jone Miren Hernandez Garciak, Oihana Iguaran Barandiaranek, Maite Berriozabal Berrizbeitiak eta Labakak berak hartu dute parte atal horretan, eta, besteak beste, ahotsak bertsolaritzaren «modernizazioan» izandako eraginera, gai jartzailetzara eta umorera jaitsi dute fokua.
Hiru artikulu datoz hirugarren atalean, Desautorizazio(eta)tik ahalduntze kolektibo(eta)ra deituan: Uxue Alberdi Estibaritzek Kontrako eztarritik liburuko oinarri teorikoa batu du; Artetxek azken urteetan emakume bertsolarien ahalduntze bidean mugarri izan diren uneei buruzko irakurketa bat egin du; eta Maider Arregi Markuletak, Maite Martinez Etxebarriak eta Izar Alguero Txibitek Bertstxortan saioekin izandako bizipenez idatzi dute.
Liburua bukatzeko, Mariz Luz Esteban Galarzaren testu bat eta Iratxe Retolaza Gutierrezen beste bat jaso dute Kanpo begiradak atalean; hurrenez hurren, antropologia feministaren eta literatur kritika feministaren talaietatik heldu diote gaiari bi ikerlariek.
Artetxek adierazi du asmoa «ahalik eta libururik koralena» osatzea izan dela hasieratik. Horri erantzunez, testu bakoitzaren hasieran artikuluari buruzko bertso bat sartzea erabaki dute; «emakume bertsolarien kolektibotasuna» aldarrikatu eta bistaratzeko.
Gaur artekoa bildu, segitzeko
'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' liburua kaleratu du UEUk. Miren Artetxek eta Ane Labakak koordinatu dute, eta bertso bana duten hamalau artikulu bildu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu