«Publikoa entretenitzeko betebeharraren zama gainetik kentzeko arriskua hartu dugu». Igor Urzelaik eta Moreno Solinas dantzariek osatzen dute Igor & Moreno bikotea, eta ikusmenaz besteko zentzumenak kontuan hartuko dituen dantza emanaldi bat sortzeko erronka jarri diete beren buruei oraingoan: esperimentazio horren emaitza da 70 minutuko Andante izeneko pieza. Lau dantzari arituko dira oholtzan, baina halako batean eszena kez betetzen hasiko da; laino artean galduko dira artisten figurak, eta entzumenak eta usaimenak hartuko dute protagonismoa hortik aurrera. «Begirada nork bere baitara itzultzeko espazio bat sortu nahi dugu», azaldu dute sortzaileek. Bilboko Campos antzokian egingo dute gaur saioa Euskal Herrian lehenengo aldiz, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide jaialdiaren programaren barruan.
Sortzez donostiarra da Urzelai, eta sardiniarra, berriz, Solinas, baina Londresen ezagutu zuten elkar, eta hamar urte daramatzate elkarrekin dantza garaikidearen alorrean. 2015ean izan ziren lehen aldiz BAD jaialdian, Idiot-syncrasy lanaren Euskal Herriko estreinaldiarekin. Lan horren berrehun emanaldi baino gehiago eman dituzte jadanik mundu osoan, eta, besteak beste, Erresuma Batuko National Dance Award sarirako hautagai ere izan ziren pieza hari esker. A Room for All Our Tomorrows lana aurkezten izan ziren Bilbon 2016an, eta hirugarren lana taularatuko dute orain. Baina hari beraren muturrak baino ez dirahiru piezak, Solinasen hitzetan. «Idiot-syncrasy lanarekin hasten den ibilbidearen azken urratsa da Andante: pertzepzioaren alorrean egindako bilaketa baten emaitza».
Joxean Artzek idatzitako eta Mikel Laboak musikatutako poema ezaguna dago piezaren muinean. «Maite ditut/ maite/ gure bazterrak/ lanbroak/ izkutatzen dizkidanean». Urzelaik hitz horiek izan ditu buruan sormen prozesu osoan, eta, dioenez, olerkiak planteatzen duen ariketa bera planteatu nahi dute haiek ere dantzarekin: kanpo begirada itzaliz, barne begirada piztea. «Zer izkutatzen duen/ ez didanean ikusten uzten/ orduan hasten bainaiz izkutukoa.../ nere barruan bizten diren/ bazter miresgarriak/ ikusten».
Lau usaineko emanaldia
Antzokia kez betetzea izan zen guztiaren abiapuntua, eta orduan sortu zitzaien bestelako elementu batzuk koreografiatzen saiatzeko ideia. Usaimena eta entzumena pasatu ziren lehen lerrora momentu hartan. «Antzokian ikus daitekeena murrizteak beste zentzumenak piztuko zituen esperantzarekin abiatu genuen lana», laburtu du Solinasek.
Horregatik jo zuten Alessandro Gualtieri perfumegilearengana. Usaimenarentzako lau eszena diseinatu ditu hark, eta, artistek azaldu dutenez, adibidez, itsaso tanta batzuk ditu lehen atalak, lurrari egiten dio erreferentzia bigarrenak, animalia edo giza usainak igar daitezke hirugarrenean, eta «erre» usain moduko bat du laugarren lurrinak. Eta azken hori da, hain zuzen lau dantzariek emanaldian soinean eramango duten usaina.
Jende itsua ere gonbidatu zuten entseguetara, haien pertzepzioak ezagutzeko, eta hala joan dira detaile guztiak ixten.
Kontzeptu orokor batek abiatu ohi du sormen prozesua, Urzelaik azaldu duenez, eta ideia orokor horren menpe joaten dira gainontzeko elementu guztiak. Berdin usainak izan, dantzak, argiak zein abestiak.
«Iraupena» da konpainiaren lan ildo nagusia, Solinasek dioenez, baina, oraingo honetan, ikusleak entretenitzeko presioari ihes egiten saiatu direnez, muturrera eraman dute saiakera. «Pixka bat gehiago eskatu diogu ikusleari, baina, publikoa informazioz bonbardatu beharrean, introspekziorako espazio bat sortu nahi genuen».
«Beharra sentitzen genuen arrisku hori hartzeko», azaldu du Urzelaik. «Antzerkiak eskain dezake entretenimendua, eta izan daiteke dibertigarria, baina oso garrantzitsua da arteak orokorrean, eta arte iragankorrek zehazki, gogoetarako espazio bat ere sortzea»
Malabarrak dantzan
Urzelai eta Solinas izan dira konpainiaren orain arteko piezetan oholtzan izan diren dantzari bakarrak, baina ikuskizun handiagoa sortzeko arriskua ere hartu nahi zuten oraingoan, eta beste bi dantzari gehiago igoko dira oholtzara haiekin batera: Margherita Elliot eta Fionn Cox-Davies.
Ostegunean hasi zen BAD jaialdia, eta «pozik» dago hasierarekin Alicia Otxandategi zuzendaria. Igandera arteko programa du aurretik orain, eta emanaldi horiek ere ongi joango direla espero du. Guztira, 21 konpainiaren lanak hautatu dituzte, eta erdia inguru dira Euskal Herrikoak. Eta ez da kasualitatea izan, Otxandategiren hitzetan. «Azken urteetan euskal konpainien mailak nabarmen egin du hobera».
Esaterako, bihar Tiempo lanaren jendaurreko entsegua egingo du Zirkozaurre konpainiak. Pabiloi 6 aretoan izango da. Denbora da, kasu honetan, ikuskizunaren ardatza, eta dantza eta malabarrak uztartzea izan dute erronka Mar Garcia dantzariak eta Gorka Pereira malabaristak. «Hizkuntza komun baten bila gabiltza», azaldu dute. Erabat itxi gabe dute emanaldia oraindik, eta horretarako baliatu nahi dute biharko saioa. Publikoaren inpresioak eta iritziak jasotzeko solasaldi bat egingo dute emanaldiaren ostean. Entseatzen emango dute negua gero, eta udan egin nahi dute estreinaldi ofiziala.
Bazter miresgarriak ikusten
Ikusmenaz besteko zentzumenekin esperimentatzen duen dantza emanaldi bat aurkeztuko du gaur Igor & Moreno bikoteak, Bilboko Campos antzokian, BAD jaialdiaren barruan: 'Andante'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu