'Zu'-aren hamaika trazuak

Tupust kolektiboak bigarren komiki antologia argitaratu du, oraingoan autoekoitzita. 21 sortzaile eta hamazazpi istorio bildu dituzte, eta askotariko ertzetatik heldu diote gai nagusiari, 'zu'-ari

Paula Estevez, Maite Gurrutxaga eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak, atzo, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hamar esku zirkuluan eta bederatzi hatz erdira begira, itua den aurpegi pekatsuari zuzen. Hamargarren hatza, harena, kanporantz seinalatzen, beste norabait, bera ez den beste zu baterantz. «Zu. Bestea. Ni ez den hori. Niaren ardatza, niaren etsaia, niaren osagarri. ZU. Eta hemen gatoz gu, zuaren itzulinguruan».Estreinakoa ni-aren inguruan osatu bazuten, zu-aren bueltan ondu du Tupust kolektiboak bigarren komiki antologia. «Hitz jakin batek oso mugatzailea irudi dezake, baina ez da hala izan; kritika soziala, norberarengan dagoen eta oso ondo kokatzen ez dakigun zu-az ari dena, zu-rekin hitz jolasak eginez sortu duena bere istorioa, amatasunaz hitz egin duena... Ni-arekin ere gertatu zitzaigun, baina berriz hartu dugu sorpresa hain erantzun plurala jasotzean», aitortu du Maite Gurrutxaga ilustratzaile eta kolektiboko kideak. Denera, 21 sinadura eta hamazazpi istorio bildu dituzte liburu bakarrean, bi kolore soilik erabilita baina askotariko tonu, estetika eta narrazio moldeak uztartuta 150 orrialdetan.

2016an ekin zion bideari Tupust bihurtuko zen ilustratzaile eta komikigile taldeak. «Pixkana, elkartzen hasi ginen komikiaren inguruan lanean genbiltzan emakume euskaldunak», oroitu du Ainara Azpiazu Axpi-k. «Hutsune bat ikusten genuen, eta gure asmoa zen ertzetan geunden narraziogileok beste esparru batzuetara hurbiltzea». Taldearen izen bera zeraman argitalpena atera zuten 2019an, Txalapartarekin, eta liburu hura izan zuten kolektiboa sendotzeko akuilu.

Zortzi lagun daude muinean—Amets Gurbiola, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziaindia, Irati Eguren, Maite Caballero, Paula Estevez, Gurrutxaga eta Azpiazu—, eta, aurrekoan bezala, gonbidatuekin osatu dute bigarren zenbakia. Hauexek dira: Raisa Alava, Josune Urrutia, Dom Campistron, Asteazkenak (Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren), Mikel Larraioz, Irkus M. Zeberio, Yolanda Mosquera, Ane Zaldibar, Irati Jimenez, Irati FG, Regina Salcedo, Aintzane Usandizaga eta Susana Martin. Leire Otxotorena, Maialen Garagarza, Marta C. Dehesa eta Amaia Apalauzak ere parte hartu dute itzulpenetan eta zuzenketetan. «Egileak gonbidatzeko garaian, autoedizioan gehiago mugitzen diren eta kanonetik kanpo dauden proposamenetan jarri dugu arreta, interesgarria iruditzen zaigulako haien lana; orria binetatzeko moduan arriskuak hartzen dituztelako, ohikoa den horretatik kanpo zerbait gehiago eskaintzen dutelako... eta estetikoki ere erakargarriak zaizkigulako», azaldu du Gurrutxagak.

Azpimarratu du, halaber, kolektiboa martxan jartzeko eta argitalpenak eta bestelako egitasmoak ontzeko arrazoi nabarmenetako bat emakume ilustratzaile eta komikigileen lana ikusgai egitea izan dela hasieratik. Eta bide hori fruituak ematen hasi izana ospatu du: «Gonbidatu gehienak emakumeak dira, eta hazi hori komiki proposamen ezberdinetan ikusten da. Horregatik, gu behintzat pozik gaude, nabaritzen dugulako ahots horiek beren tokia izan dutela proiektuan».

Bi koloreren batasuna

«Komikigintzak baditu erronka dezente; emakume izateak eta euskaldun izateak ere bai. Beraz, izan ditugu oztopo batzuk», onartu du Azpiazuk. Eta Paula Estevezek gehitu du proiektua nahi zuten bezala eta nahi zuten egileekin argitaratzeko baliatu dutela autoedizioa, hura ez zen arren eurek hasieran buruan zutena: «Hasieran hala saiatu ginen, eta aurrerantzean ere argitaletxeekin lan egin nahi genuke; oraingoan autoedizioa izan da komikia nahi genuen bezala ateratzeko bide bakarra. Horrek lan handia ekarri digu, baina, azken emaitza ikustean, baita poz handiagoa ere».

700 aleko edizioa kaleratu, eta aurresalmenta bidez lortu dute bultzada —liburuaz gain, Axpiren lamina bat ere jaso dute ale bat aurrez erosi zutenek—. Harrera ona izan zuen 2019ko zenbakiak, 1.200 ale inguru salduta, baina aipatu dute aurreikuspenak berriz gainditu dituztela bigarrenaren aurresalmenta onarekin.

Hala egin zuten lehenengoarekin ere, eta mantendu egin dute formatua: bi kolorerekin eman diete batasuna komiki guztiei; oraingoan, urdinarekin eta laranjarekin. Horien nahasketatik sortzen diren tonuak ere baliatu dituzte zenbait egilek, marroi-granate artean dabiltzanak. Estevez: «Horrek inprimatzeko teknika tradizionalen kutsua ematen dio edizioari, serigrafiak ere badaukan goxotasuna».

Aurrekoaren aldean, «edizio txukunagoa» landu duten sentsazioa gelditu zaie egileei, mate plastifikatua erabili dutelako azalean eta azal-hegalak gehitu dizkiotelako, besteak beste. Liburu dendetan eta taldearen webgunean jarri dute salgai: www.tupust.bigcartel.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.