Euskadi saria Alex Gurrutxagari, Leteri buruzko saiakeragatik

'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' liburuagatik jaso du saria Gurrutxagak. Txani Rodriguez, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi saritu dituzte gaztelerazko eta ilustrazioko arloetan

Alex Gurrutxaga, Txani Rodriguez eta Mikel Reparaz erdian, Javier de Isusi pantailan, eta Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Andoni Iturbe Kultura sailburuordea hegaletan, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Joan den astean jakinarazi zituzten Euskadi sarietako aurtengo irabazle batzuen izenak, eta falta ziren kategorietakoen berri eman zuten atzo Bilboko Azkuna zentroan. Saiakera Euskaraz modalitatean, Alex Gurrutxaga Muxika saritu dute, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria (Alberdania) lanagatik. Iazko ekainean argitaratu zuen liburua, literaturako doktore tesirako egindako ikerketa abiapuntu hartuta. Lanak «ekarpen handia egiten du Xabier Lete poetaren eta haren obraren inguruan», epaimahaiaren arabera. «Gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, haren ideiak publiko egiten ditu, eta, gainera, haren kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giro eta pentsamenduarekin». Juan Ramon Makusok, Patxi Juaristik, Aitor Zuberogoitiak, Amaia Bacigalupek eta Katixa Agirrek osatu dute atal horretako epaimahaia.

Sariak ezustean hartu zuela aitortu zuen Gurrutxagak, atzo: «Topikoa da, baina, egia denez, esan behar dut ez nuela espero». Tesirako bildutako materialarekin osatu zuen lana, eta liburu batean jende askok parte hartzen duela nabarmendu zuen. Azken orrietan eskerrak eman zizkien lagundu zioten guztiei. «Ez dakit zerrenda horrek justizia egingo dien, izen batzuk urregorriz idatzi beharko nituzkeelako nire esker ona emateko», azaldu zuen.

BERRIAk iaz jaso zuen moduan, «irakurlearekiko elkarrizketa» baten gisan proposatu zuen liburua Gurrutxagak, eta informazioaz gain, hausnarketak, galderak eta erantzun posibleak planteatzen ditu obrak. Lete kantari, poeta eta intelektual moduan deskribatu zuen ikerlariak, eta ordura arte argitaratu barik zeuden zortzi pieza ere sartu zituen liburuan, hala nola pasarteak, azalpenak eta poemak.

Gurrutxagaren hitzetan, ikerketak «sufrimendua» eta «nekea» eragin dizkio. Lanaren «hutsuneak» eta «gabeziak» onartuta ere, saridunak adierazi zuen poz handia sentitu zuela ikustean euskal kulturgintzaren bidea jorratu zuten horien lana erakusten ari zela: «Poza erraldoi bihurtzen da ikusten duzunean [...] hondar aletxo bat jarri duzula Lete eta enparauek egin zutena transmititzeko». 2012an ere Leteri buruzko liburu batek irabazi zuen kategoria berean: Inazio Mujika Iraolaren Xabier Lete (Auto)biografia bat lanak.

Barrukoak eta kanpokoak

Beste hiru kategoriatako saridunak ere jakinarazi zituen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Gaztelaniazko literaturaren atalean, Txani Rodriguezek jaso du saria, Los últimos románticos liburuagatik. Epaimahaiaren ustez, haren idazkera «zorrotza da, xehetasunari adi dago, eta erritmo narratibo bikaina du».

Lan literarioen ilustrazioari dagokion saria, berriz, Javier de Isusiri eman diote, Transparentes. Historias del Exilio colombiano liburuagatik. Kolonbiako Bake Prozesuan girotutako istorio bat kontatzen du komikiak, eta hango errefuxiatuak dira ardatza. Zortzi pasartetan banatuta dago, eta bakoitzak kolore bat eta protagonista bat du.

Gaztelaniazko saiakeraren alorrean, azkenik, Mikel Reparazek eskuratu du saria, Las grietas de América lanagatik. Idazkeraz gain, liburuak hizpide dituen «gaien interesa eta gaurkotasuna» nabarmendu zituen epaimahaiak, «bai eta tratamenduaren koherentzia ere».

Joan den astean iragarri zituzten aurten saritutako beste hiru egileak: Pello Lizarralde, Argiantza-gatik (Euskarazko Literaturako saria); Anjel Lertxundi, Haltzaren muinoa-gatik (Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako saria); eta Joxan Elosegi, Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak liburuaren itzulpenagatik (Euskarazko Literatura Itzulpeneko saria). Bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 beste hizkuntzaren batean argitaratzen bada. Azaroaren 18an jasoko dituzte sariak zazpi irabazleek, Gasteizko Artiumen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.