Mitoa filmatzearen abentura

Paul Urkijoren 'Irati' pelikula filmaketaren erdira iritsiko da aste honetan. Euskal mitologiari buruzko istorio epiko bat kontatzen du, VIII. mendean eta Euskal Herriko paisaia «ikusgarrietan» girotua

Irati-ren filmaketako taldea, atzo, Asparrenako Lezean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Andoni Imaz.
Asparrena
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun

«Entsegua!», oihu egin dute filmaketa platotik. «Entsegua!», errepikatu dute atzerago dauden ekoizpeneko kideek. Eguerdia da, eta Lezearen gaineko argia aprobetxatu behar dute sekuentzia hori bazkal aurretik filmatzeko. «Isilik!», beste bi bider. «Ekin!», azkenean, Paul Urkijok. Bi pertsonaia kamerarantz doaz, kobazuloa atzean dutela. Bi esaldi, eta garrasi gorgarri bat. «Moztu!». Zenbait probaren ondoren, zuziak piztu dituzte, eta kez inguratu dute dena. Hasi da benetako hartzea. «Zoragarri!», eten du Urkijok oraingoan.

Lezea Asparrenan dago (Araba), Egino eta Ilarduia artean. Leize garaia da, ikusgarria. Errekaren eta txorien hotsen gainetik ohi baino zarata handiagoa dago, ordea. Ingurua dekoratu bihurtu dute Irati pelikula filmatzeko. Ez da harritzekoa txori saldo bat haitzuloan txorrotxioka sartu denean bisitariek ekoizpenaren parte ote diren galdetu izana. Urkijok ezetz, barrez: «Baina lasai, grabatu dugu badaezpada».

Kobazuloaren aurrealdean dago platoa, eta inguru guztira zabaldu dute lantokia: kamioien aparkalekua, zaldiak, efektu berezien makinak, ekoizpen bulegoa... Filmaketako kide asko dabiltza gora eta behera, mendizale ikusnahi batzuen begiradapean.

Antzematen da Urkijo film handi bat egiten ari dela. Irati-k ia 4,3 milioi euroko aurrekontua du. VIII. mendean dago kokatuta. Gerlari kristau eta musulman talde bat Pirinio baskoi paganoan barrena dabil, haitzulo baten barrenean dagoen Karlomagnoren altxorra lortzeko asmoz. Bertakoen arabera, jainkosa boteretsu bat bizi da han: Mari. Eneko gaztea da taldearen burua, eta Irati misteriotsuak gidatzen ditu mundu mitologiko ilun batean barrena.

«Beti egin nahi izan dut euskal mitologiari buruzko film handi bat», kontatu du Urkijok. 2017an Errementari pelikula egin zuen, eta hura ipuin herrikoi batean oinarrituta zegoen arren, ez zen propio euskal mitologiari buruzkoa. Irati-n, abentura epiko bat sortu du mitologiaren mundua VIII. mendeko historiarekin nahastuta, «zeina ia mitikoa den oraindik ere, oso gutxi ezagutzen dugulako Erdi Aro hori».

Filmaketaren laugarren astean daude, etzi iritsiko dira «ekuatorera». Lokalizazio naturaletan ari dira filmatzen, eta zuzendaria gustura dago sekuentzia zail asko aurrera ateratzea lortu dutelako. «Euskal Herriko tokirik politenak jasotzen ahalegindu gara, pelikula ikusgarri bat egin nahi dudalako». Izan ere, Urkijorentzat natura bera filmeko protagonistetako bat da.

Bide luzea egin du Errementari atera zuenetik gaur arte. Tartean, Dar-dar film laburra sortu, eta hainbat zinemalditan erakutsi du azken hilabeteetan. Orain, lehen pelikula egin zuenean baino lasaiago dago Urkijo. Esperientziari esker, «organikoagoa» da haren lan egiteko modua: «Inguru naturaletara egokitu beharra daukagu. Gidoia idazterakoan erabaki genuen hori, inguruak asko ematen digulako».

Iruditeria berri bat

Eneko Sagardoi da filmeko protagonistetako bat. Larruzko jantzi batekin dabil, eta gurutze bat dauka lepotik zintzilik. «Ondo zahartu naiz: deabru izatetik ibar jauna izan daitekeen norbait izatera igaro naiz bost urtean», esan du olgetan, Errementari-n jokatu zuen rola gogoan. Orain Eneko Arista da. «Bera da, baina ez da bera; pelikula fantastiko bat denez, lizentzia asko hartu ditugu», ohartarazi du.

Sagardoiren hitzetan, Arista pertsona zuzena da, zintzoa, baina, era berean, botere handia dauka, eta horrek tinkotasuna eta indarkeria ematen dizkio. «Bi mutur horiek elkar ukitzen dute harengan». Pelikulan, eraldaketa handi bat izango du: Hiriberrira (Nafarroa) itzuliko da ibar jauna izateko asmoz, baina, ezusteko bat dela-eta, bidaia bati ekin beharko dio Irati neska basatiarekin. Aurkikuntza asko egingo ditu bidaia horretan, eta nahasi egingo dira fede kristaua eta naturaren indarra.

Sagardoik ere lasaiago sumatzen du Urkijo Errementari-ren aldean; lehen pelikularen zama gainetik kenduta, baina lanerako pasio berberarekin. Anekdota batekin azaldu du hori: «Paulekin bazkaltzera joan nintzen behin, pelikulan lanean hasi baino lehen, eta jatetxeko jabearen umeari istorio bat kontatu zion, Gauekoren istorioa. Ikaragarria zen zer emoziorekin kontatzen zuen... Berriro ere ikusi nuen nolako ipuin kontalaria den». Irudien bidez mundu bat sortzeko duen gaitasuna nabarmendu du: «Talentu handia dauka gure mitologia iruditara ekartzeko, haren iruditeriaren bidez, indar handiko iruditeria duelako».

Errementari-ren eta Irati-ren istorioen artean ere badago aldea, Sagardoiren arabera: «Irati askoz ilunagoa da. Elementu fantastikoak barneratuago daude lurrazalean, paisaian; ikusezinagoak dira, baina egon, badaude. Tonua errealistagoa da, biolentoagoa».

Aktoreak uste dute filmak ikusleak hunkituko dituela. «Zuk mendi bat ikusten duzu, kontatzen dizute mendi horretan bizi zen agure baten istorioa, eta handik pasatzen zaren aldiro mendi hori ezberdina izango da aurrerantzean. Uste dut pelikula hau agure hori izango dela. Esanahi berriak emango dizkie gure paisaiari eta sinesmena bizitzeko dugun moduari». Urkijok esaera zahar bat errepikatu du: «Izena duena bada». «Bada, eta ikusi egin dugu», gehitu du Sagardoik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.