«Erreferente absolutua»

Eusko Ikaskuntzak Xabier Amurizari eman dio Manuel Lekuona saria. Bertsolaritzan eragindako «iraultza» nabarmendu dute, baina literaturan eta euskaran egindako lana ere hartu dute kontuan

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria Xabier Amuriza bertsolari eta aurtengo Manuel Lekuona sarituarekin batera, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Garai aldaketa bat markatu du». Laburrean, horregatik eman dio Eusko Ikaskuntzak aurtengo Manuel Lekuona saria Xabier Amurizari. Bertsolaritzari egindako ekarpenagatik saritu dute nagusiki, baina literaturan, itzulpengintzan, ikerketan eta euskararen zabalpenean egindako lana ere izan dute gogoan. «Euskal komunitate globalarentzat» ekarpen garrantzitsua egin duen jendearen lana aitortzeko sortu zuten saria, 1983an, eta, besteak beste, Jorge Oteiza, Joan Mari Torrealdai, Mentxu Gal, Piarres Xarriton eta Fermin Leizaola saritu dituzte. Amuriza izango da zerrendako lehen bertsolaria. «Erreferente absolutua da», laburbildu du Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak. Oraindik ez dute lekua zehaztu, baina, aurreratu dutenez, udaberrian egin nahi dute saria emateko ekitaldi ofiziala, eta Remigio Mendiburu eskultorearen brontzezko pieza bat jasoko du Amurizak.

Bertso eskolak sortzeko eginiko lana aipatu dute Amurizaren lorpenen artean, eta baita bertsolaritza irakasteko sortutako metodoa ere, baina bere sorkuntza ere laudatu du epaimahaiak. 1980an irabazitako Bertsolarien Nazio Lehiaketako txapela aipatu dute horren adibide. «Edukian eta formetan aldaketa baten hasiera eta abiapuntua ezarri zituen». Euskara batuan abesten zuen, eta ordura arte gehiegi erabiltzen ez ziren neurriak eta irudiak zerabiltzan. «Iraultza» izan zen hori, Eusko Ikaskuntzako ordezkarien esanetan. 1982an irabazi zuen bigarren txapela nagusia.

Espetxean, teorizatzen

2016an utzi zuen plazako bertsolaritza, baina idazten jarraitzen du, eta Neska bat leku inposiblean nobela da argitaratu duen azken lana. Abade zela Zamorako espetxean (Espainia) bizitakoak ditu oinarri eleberriak. Josu Naberan, Julen Kaltzada, Alberto Gabikagogeaskoa eta beste hainbatekin egon zen kartzelan, eta han zeudela egindako ihesaldi saiakera bat da literatura bilakatu duena. Funtsezkoa da sasoi hori Amurizaren ibilbidean ere.

1965ean, abade ordenatu zen, eta Frankismoaren errepresioa salatu eta euskal kulturaren berpizkundea bultzatzeko Gogor izeneko abadeen mugimenduko parte izan zen. Derion egin zuten protesta itxialdiaren ondorioz, Zamorako abadeen espetxera eraman zuten, eta 1968tik 1975era luzatu zitzaion espetxealdia. Ordukoak dira haren lan teoriko nagusiak ere: Hiztegi errimatua eta Hitzaren kirol nazionala.

Abade izateari utzi ostean ere herriz herri aritu zen material horrekin bertso eskolak abiatzen, eta garai hori mugarria da bertsolaritza modernoaren sorrerarako.

Eusko Ikaskuntzak ematen du Manuel Lekuona saria, baina Internet bidez izendatzen dira hautagaiak, eta hainbat erakundek hartzen dute parte gero azken hautaketa prozesuan. Aurten, honakoak izan dira epaimahaian, Eusko Ikaskuntzaz gain: Aranzadi zientzia elkartea, Euskal Kultur Erakundea, Jose Miguel Barandiaran fundazioa, Vianako Printzea erakundea, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Unesco Etxea eta Etxepare institutua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.