«Modernizatzea» helburu

Bilboko Arte Ederren Museoa handitu eta beste eraikin bat «eskuratuko» duela iragarri du Miguel Zugaza zuzendariak. Lanek 22 milioi euroko kostua izango dute, eta 2022rako gauzatu nahi dituzte

Atzo egin zuten 2019-2022 urte artekorako ondu duten plan estrategikoaren aurkezpena, Bilboko Arte Ederren museoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoa handituko dute. Hala berretsi zuen, atzo, Miguel Zugaza museoko zuzendariak, 2019-2022 urte artekorako ondu duten plan estrategikoaren aurkezpenean. Iazko martxoan hartu zuen Zugazak zuzendaritza kargua, eta museoa modernizatzeko erronka hartu zuen berehala: eraikin zaharreko 31 areto berritu zituen, eta bi erakusketa handi antolatu ditu azken hilabeteetan. Museoaren plan estrategikoa idazteko enkargua egin zion patronatuak lehen unetik, eta atzo eman zuen bere asmoen berri: gaur egungo eraikina 5.000 metro koadro handituko dute, eta 3.000ko beste bat «eskuratuko» dute. 22 milioi euro baino gehiago gastatuko dituzte lanetan.

Eraikina ez ezik, museoaren barneko antolaketa aldatuko dutela azaldu du Zugazak. «Bi mugimendu estrategiko aurreikusten ditugu: bata, museoaren barne antolaketa berria; eta, bigarrena, aldiz, museoaren handitzea». Izan ere, «museoa, fisikoki eta espiritualki modernizatzea» da helburua.

MUSEOAREN HANDITZEA

Orotara, 8.000 metro koadro handituko da museoa, bi proiektutan bereizita. Gaur egungo eraikinari 5.000 metro koadro gehituko dizkiote: aldi baterakoerakusketetarako eta bilduma iraunkorrerako espazioak handitu, eta hezkuntza eta bisitarien arretara bideraturiko guneak zabalduko dituzte. Bestalde, 3.000 metro koadroko beste azpiegitura bat«eskuratuko» dutela iragarri du Zugazak, baina oraindik ez du eman kokapenari buruzko zehaztapenik. Liburutegia, Arteder Ikerketa Zentroa eta biltegia bilduko lituzke eraikin berri horrek.

Museoa handitzeko lanak adjudikatzeko, arkitektoen «nazioarteko» lehiaketa publikoa egingo dute, eta 2019ko otsailerako dago aurreikusita. Arkitekto lantaldea osatu eta gero, 45 hilabeteko epea izango dute eraikuntza lanak bukatzeko. Museoa ixtearen aukeraz ohartarazi du. «Gauzak ondo bidean, museoa handitzeko obrak 2021. urtearen erdialdean jarriko dira martxan, eta hamazortzi hilabete iraungo dute. Denbora tarte horretan, museoaren ateak itxi beharko genituzke». Kasu horretan, gaur egungo eraikinaz kanpoko beste espazio batzuk egokituko lituzke museoak, eta erakusketak bertan antolatu.

Orotara, 22 milioi euro inguruko kostua izango dute lanek: 18,16 milioi museoa handitzeko lanetara bideratuko dituzte, eta 3,95 milioi, aldiz, eraikin berria «eskuratzeko». Patronatua osatzen duten erakundeek —Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza— ordainduko dituzte lanak.

FINANTZAKETA

Autofinantzatzean sakondu nahi du museoak: txartelen salmentak, Museoaren Lagunek egindako diru ekarpenak eta inbertsiogile pribatuenak dira, gaur egun, museoak bere burua finantzatzeko dituen bideak. Urteko aurrekontuaren %40 betetzen dute gaur egun, eta kopuru hori %50era eraman nahi dute plan estrategikoa bukatzerako. «Eredu publiko-pribatua nahi dugu. Inbertsiogile pribatu estrategikoak bilatu behar ditugu». Helburu horretara iristeko, bisitari kopurua handitu behar dutela azpimarratu du Zugazak. «Gaur egun, 240.000 bisitari hartzen ditugu, gutxi gorabehera, eta 300.000ra iristea da dugun xedea». Museoen Lagunen kopurua ere 4.000ra igotzea nahi dute.

BILDUMA ETA ERAKUSKETAK

Orotara, XIII. mendetik XX. mendera bitarteko 14.000 pieza baino gehiago ditu museoak gordeta: 1.621 margolan, 489 eskultura, arte dekoratiboko 884 pieza, paper gaineko 11.152 obra; eta, horiez gain, ia beste 3.000 obra dituzte gordailuan. Aipatzekoa da bilduman dituen lan gehienak gizonezkoenak direla eta, oraindik ere, hutsune nabarmena duela museoak generoaren ikuspegitik aztertuz gero. Bada, hutsune horri helduko diote, ordea, bilduman genero ikuspegia bermatzeko neurriak jaso baitituzte plan estrategikoan.

Ikuspegi historikoari ere heldu dio zuzendariak. «Artearen historia kontatzeko erantzukizuna gure gain hartzen jarraitu nahi dugu». Museoaren bildumarekin «narratiba berriak» dituzten erakusketak antolatzeko beharra azpimarratu du.

Ondu duten plan estrategikoaren arabera, Euskal Herriko artea eta emakumeek egindakoa bultzatuko dute datozen urteetan, eta adierazpide artistiko berrietan indar egiteko asmoa ere jaso dute.

BARNE ANTOLAKETA

Museoaren «etengabe eraldatzeko erronka» bermatzeko, antolaketa aldatzea beharrezkoa dela dio zuzendariak. Artelanen kontserbatzearen eta ikerketaren eremuak indartzeko asmoa dutela iragarri du. Kontserbazioaren esparruan hiru sail berri sortu dituzte: antzinako artea eta dekorazio arteari dagokiona; arte moderno eta paper gaineko artearena; eta, arte garaikidea eta ikus-entzunezkoena. Ikerketari dagokionez, euskal arteari buruzko ikerketa eta dokumentazio zentro bat sortu nahi dute, dagoeneko museoak martxan duen Arteder, euskal artearen datu basea, oinarri hartuko duena.

LAUGARREN ERALDAKETA

Bilboko Arte Ederren Museoaren hirugarren handitze lanak izango dira iragarri berri direnak. «Espero dut behin betikoak izatea». 1945. urtean sortu zen gaur egungo museoaren eraikin zaharra dena, eta urte gutxiren buruan, hainbat obra eskuratu zituen museoak erosketen eta dohaintzen bidez. Txiki geratu zen sorrerako azpiegitura, eta, 1970eko hamarkadan, eraikin berria gehitu zioten horregatik. Alvaro Libano eta Ricardo Beasco arkitektoek egin zuten gaur egun museoaren eraikin moderno gisa ezagutzen den kristalezko eraikina. 1971n inauguratu zuten.

Zugazaren ardurapean egin zen museoaren bigarren eraberritzea. 1996an hartu zuen zuzendaritza, eta, berak gidatutako lanen ondorioz, 2001. urtean hartu zuen pinakotekak gaur egun duen itxura. Orotara, 6.450 metro koadro gehitu zitzaizkion museoari; 15 milioi euro inbertitu zituen patronatuak lan horietarako. Laster, Madrilgo Pradora egin zuen Zugazak. 2001ean egindakoaz autokritika egin du orain. «Eraberritze lanak ez zuen aurreikusi hiriburuak ordutik hona izan duen eraldaketa; are gehiago, Iberdrola dorreak eta Euskadi Plazaren eraikuntzak museoari eman dion kokapen zoragarria aintzat hartuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.