gorka julio
IRLEN SAREA

Osasun publiko digitala

2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Osasun publikoa gizakien osasuna babestu, egokitu eta mantentzeaz eta hobetzeaz arduratzen den diziplina medikoa da. Osasuna hobetzea du helburu, baita gaixotasunak kontrolatzea eta desagerraraztea ere. Diziplina anitzeko zientzia da; izan ere ezagutza berria lortzeko, beste zientzia batzuetako profesionalen parte-hartzea beharrezkoa da. Datuak ere, osasun publikoaren barruan sartu behar dira, edo izaera bera duen kategoria batean.

Osasun publikoak osasun arazoen izaera ustez indibiduala kolektiboari kontrajartzen dio. Hau da, zenbait gaixo eta osasun arazoen trataerak ezinbestean erantzun kolektibo bat behar dutela alegia. Horrela eta horri esker, elikagai batek sortutako arazo baten aurrean, norbanakoak tratatzeaz gain, arazoa suertatu duen produktuaren kate guztia arakatzen da, eta, beharrezkoa denean, produktua merkatutik ateratzen da. Arazoa gaixotasun kutsakor bat denean, aldiz, gaixoek beste batzuek kutsatzeko egin dituzten bideak aztertzen eta kontrolatzen saiatzen da. Txertaketa, beste adibide bikain bat da. Honi esker, gaixotasun batzuk desagerraraztea lortu dugu eta beste batzuen eragina asko murriztu.

Demagun enpresa bati ez dizkiodala eman nahi nire datuak. Datu horiek nire telefonoaren zenbakia, izen abizenak, argazkia... izan daitezke, adibidez. Nire erabakia da hori horrela izatea, baina ezin dut beste norbaitek egiten duenari buruz erabaki. Horrela, norbaitek bere agendan sartzen banau, eta agenda hori nahi ez nuen enpresa horietako zerbitzu batean badago, automatikoki nire datu horiek edukiko ditu, nik nahi edo ez. Daturik ez sortzea edo zure pribatutasuna hobetzeko zifratze mekanismoak erabiltzea, besteek erabiltzen ez dituzten bitartean, hori ere datu bihur daiteke zure kontra, zu susmagarrien zakuan sartzeko.

Unea iritsi da esateko arazo hau bakarka konpontzerik ez dagoela. Ez dago gure esku, norbanakoen esku, gure datuekin zer eta nola egiten den erabakitzea. Noski, osasunean bezala, norbanakook erabaki onak eta txarrak hartuko ditugu; baina arazoaren konponbidea, beste maila batean eman behar da. Digitalizazioaren garai hauetan, datu trataeran jendartearen aldeko politika publikoak beharrezkoak ditugu; txertaketa digital kanpaina bat ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.