Areto batera joan, besaulkian eseri eta inolako distrakziorik gabe film bat ikustea, alegia, zinemara joatea, «errebeldia ekintza» bat bihurtu dela esanez hasi zuten 67. Zinemaldiaren hasierako gala Cayetana Guillen Cuervo eta Loreto Mauleon aurkezleek. Zinema gero eta gehiago kontsumitzen den arren, filmak mugikorrean, tabletean edo telebistak ikusteak —liburu bat eskuetan dela edo pantailan beste hainbat lehio zabalik direla—, istorioan eta istorioak transmititzen duen emozioan kontzentratzeko aukera eragozten duela nabarmendu zuten. «Film bat kontzentratuta ikustea egileekiko errespetu keinu bat da». Hala, zinemaren erritualaz gozatzeko deia egin zieten zinemazaleei.
Zinema kontsumitzeko modu berriei egindako kritika horren ostean, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioaren (Fipresci) saria banatu zuten. Eta aurtengoan, aurkezleen hitzen ostean paradoxikoa ere eman zezakeen arren, Netflixen estreinatu den pelikula bat aukeratu dute urteko filmik onena: Alfonso Cuaron zuzendari mexikarraren Roma.618 kritikarik parte hartu dute bozketan, eta Marta Armengou kritikari kataluniarra igo zen oholtzara Gabriela Rodriguez filmeko ekoizleari saria ematera. Eskerrak eman zituen hark Cuaron zuzendariaren eta gainerako lantaldearen izenean. «Izugarrizko filma izan da, publikoarekin eta gizarte mugimenduekin konektatu eta mugak gainditu ditu. Zinema aretoetatik haratago eramatea lortu dugu».
Iragarrita zegoen bezala, zinemako genero guztiei egindako omenaldiak hartu zuen protagonismoa handik aurrera. Komedia, thriller eta fantasia generoetan Euskal Herrian eta Espainian ekoitzi diren pelikularik gogoangarrienetako batzuen pasarteak proiektatu zituzten, hainbat gonbidaturen laguntzarekin eta Paco Roca, Koldo Serra, Mamen Moreu eta beste zenbait marrazkilariren marrazkiekin egindako sarrerekin. «Sinpleak dira itxuraz, baina pasarte ahaztezinak uzten dituzte. Badirudi oso erraza dela irri eginaraztea, baina ez da hala», esan zuten Javier Calvok eta Javier Ambrossik (Los Javis bikotea) komediako pelikulez. Leticia Dolera zuzendari eta aktoreak thrillerrak izan zituen hizpide. «Ez gaitezen engaina, ez dituzte misterioak bakarrik argitzen, gure gizartean eta ariman ikusi nahi ez ditugun gauzak ere agerian jartzen dituzte». Paul Urkijo zuzendariak, berriz, Jason y los argonautas izan zela umetan ikusi zuen lehen filma kontatu zuen. «Da genero bat egoera surrealistak modu librean eraikitzeko aukera ematen duena», esan zuen fantasiazko zinemaz.
Epaimahaiei komedia eta thrillerak saritzea asko kostatzen zaiela gogoratu ostean, aurkezleek banan bana deitu zituzten aurtengo sail ofizialeko epaileak: Barbara Lennie aktorea, Pablo Cruz ekoizlea, Mercedes Moran aktorea, Katriel Schori ekoizlea, Lisabi Fridell argazki zuzendaria eta Neil Jordan zuzendaria. Azken hori da epaimahaiko burua, eta berak hartu zuen hitza:«Hurrengo hamar egunetan hamabost pelikula ikusiko ditugu, eta zinema denari buruz hitz egingo dugu. Niretzat da eserita egotea sala batean, ilunpean, ezezagunekin, palomitak jaten, eta beste batek amestu duen zerbait ikusten. Ez dugu berdin sentitzen liburu bat irakurtzen ari bagara», esan zuen hark ere aretoerara joateko eskatuz.
'BlacKbird' filmeko taldea
Roger Michell zinemagile hego afrikarraren (Pretoria, 1956) azkeneko filmari (Blackbird) egokitu zaio aurten Zinemaldiko Sail Ofiziala irekitzea, eta zuzendariak berak, Sam Neil aktoreak eta David Bernardi ekoizleak aurkeztu zuten filma Kursaaleko auditoriumean bildutako jendearen aurrean. Donostiako zinemaldia munduko zinemaldi garrantzitsuenetako bat dela esan zutenean, txalo jo zuten ikusleek, bai eta Bernardik testua euskaraz irakurri zuenean ere.
Borja Crespo zinemagile bilbotarrak idatzi eta zuzendu du hasierako ekitaldia, eta Susana Fernandezekin eta Borja Etxebarriarekin batera, hark prestatuko ditu aurtengo Zinemaldiko gainerako galak ere: Donostia sariena, euskal zinemarena eta amaierako gala, hain zuzen. Ekitaldiaren hasieran, bideo baten bidez, gogoan izan zituzten duela gutxi hil diren Diego Galan Zinemaldiko zuzendaria izandakoa, Luis Kalparsoro delegatu nagusia, Mariano Ferrer prentsa arduraduna eta Juanmi Gutierrez zinemagilea.
Donostiako 67. Zinemaldia. Hasierako gala
Erritualaz gozatzeko deia
Aretoetara joateko eta filmak distrakziorik gabe ikusteko eskatu dute Cayetana Guillen Cuervo eta Loreto Mauleon aurkezleek 67. Zinemaldiaren inaugurazioan. 'Roma'-k jaso du Fripesci saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu