Euskaltzaindiak EHHE-200 Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa osatu du. Hau da, euskarazko hainbat berbaren biografia. «Etimologia eta hiztegi etimologikoak hizkuntzaren barne historia aplikatua dira; hots, fonologian, morfologian, dialektologian, lexikologian, sintaxi diakronikoan eta abarretan oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena», azaldu du Joseba Lakarra euskaltzainak. Berak gidatu du hiztegia atontzeaz arduratu den ikertzaile taldea: Julen Manterola, Iñaki Segurola, Gabriel Fraile eta Koro Segurola. 2009an Urkiolan (Abadiño, Bizkaia) egindako biltzarrean onartu zuen proiektuari ekitea akademiak, eta 2010 hasieran ekin zioten lanari. Atzo aurkeztu zuten emaitza, Bilbon.
«Badakigu euskararen etimologia oso eztabaidatua izan dela; ia gutariko bakoitzaetimologista bat da, edo hala uste dugu. Baina orain, argitalpen honi esker, oinarriak maila akademikoan jarri dira, eta hala bedi aurrerantzean ere», ohartarazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Esan du metodologia bat zehaztuta geratu dela, «bidezidor baino gehiago, bide zabal bat irekita» dela; eta aurrerantzean osatzen jarraituko dutela, nahiz eta jakin inoiz ez direla osotasunera iritsiko. Oraingoz, papereko bertsioan dago hiztegia; Elkarren dendetan dago salgai. Epe ertainera, papereko bertsioa osatzea eta digitalizatzea dute asmoa. Euskaltzaindiarentzat eta euskararentzat «garrantzitsua» da argitalpen berria, etimologiaren alorra oraindik gutxi landu baita akademikoki. Garrantzi horren adierazle, atzoko aurkezpenean Euskal Herriko erakunde publiko nagusienetako batzuen ordezkariak izan zituzten lagun. Urrutiak esan du aurrerago Baionan beste aurkezpen bat egiteko asmoa dutela.
Lehen bertsio hau 200 hitz familiatako 2.600 sarrera eta azpisarrerarekin osatu dute; familiaka atondu dute hiztegia, ordena alfabetikoaren arabera. Hiztegia egin aurretik, hitzak hautatzeko irizpide diakroniko estandarrak erabili ziren, Lakarrak azaldu duenez: hitzen hedadura geografiko zahar eta berria, lekukotasunen kalitate eta kantitate historikoak, haien antzinatasuna protohistorian eta historiaurrean, oinarrien emankortasun lexiko eta morfologikoak, hitzok sortutako bibliografiaren kalitate eta kantitatea eta abar. Iragazki horiek gainditu dituzten letra guztietako hitzak bildu dira langai gisa, historikoki hiztegietan letra horiek izaten dituzten proportzioetan hierarkikoki antolaturik.
«Hiztegi honen garapenean erabaki markagarrien artean larriena aurreko iragazkiak gainditu dituzten hitzak familietan antolatzea izan da; hots, ez sarrera solteka, hiztegi arruntetan bezala». 200 familietatik, erdiak ondare zaharrekoak dira, eta beste erdiak, mailegatuak. Familia bakoitzak duen hitz kopuruan aldea dago ondare zaharrekoak izan edo mailegatutakoak izan. Oinarri mailegatukoek launa kide-edo dute, gutxitan gehiago. Ondare zaharrekoek, aldiz, denek 20-25 kide dituzte gutxienez; hainbatek lau edo bost dozena dituzte, eta zur-en familiak, 120-130 hitz, esaterako.
Mitxelenaren garapena
Lakarraren esanetan, «aberatsa» da EHHE-200en egin den protohistoriaren azterketa zabala, Orotariko Euskal Hiztegitik harago doana.«Asko edo gutxi, beti aurreratu dira lekukotasunak, eta ugaldu azterketa diakronikorako ezinbestekoak diren aldaera ezezagun edo gutxi ezagunak. Orobat, berritu dira sarri hedadura dialektal zaharrez genituen usteak. Azken urteotan ezagutu diren lekukotasun berriak edo lekukotasun ezagunen inguruko azterketa filologiko eguneratuez ere baliatu gara».
Diakroniaren azken hamarkadetako teorien ezagutzak eta garapenak eragin zuzena izan du emaitzan. 200 hitz familia horien azterketan, besteak beste, barne berreraiketa mistoa, erro eta morfemen fonotaktika eta aldaketa, gramatikalizazioa eta lexikalizazioa, motibazioa eta etimologia konparatua konbinatu dituzte. «Ikerketa tradizio aurreratuenei lotu gatzaizkie, Mitxelenaren ekarpenaren ondoren gera zitezkeen amateurismo edo ohitura zaharkituenetatik ihesi. Hain zuzen, Mitxelenak lortu eta ondoren areagotutako diakroniaren eta filologiaren garapen eguneratua islatu nahi izan da».
EHHE-200 euskararen historia aztergai duten ikerlarientzat idatzi dute batez ere. Dena den, Lakarraren esanetan, gainerako filologo eta hizkuntzalariek nahiz hizkuntzarekiko zaletasuna duten askok aurki dezakete intereseko ezagutzarik. «Horregatik saiatu gara gauzak modurik zehatz eta argienean azaltzen, errazkeriak baztertuz, baina alferreko zailtasunik ere erantsi gabe gaiari». Hala, bilaketak errazteko, ia 2.600 hitz horien aurkibide orokor bat gehitu diote.
Euskal hitzen lehen biografia
EHHE-200 Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa aurkeztu du Euskaltzaindiak. 200 hitz familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera ditu. Proiektu zabalago bateko lehen urratsa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu