Mundua dekodetzeko mapak

Iñigo Astizek 'Analfabetoa' poema bilduma plazaratu du. Igarri arren ulertzen ez duen horretan jarri du arreta poemak osatzean. Ez-ulertze sentsazioak ez ezik, zorionarenak ere bustitzen du liburua

Iñigo Astiz idazlea, Analfabetoa lan berria eskuetan, atzo, Donostiako Pandora tabernan, aurkezpena egin aurretik. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Arraitzen (Nafarroa), Abauntz leize zuloan eginiko indusketa lanetan, marraz beteriko harri bat topatu zuten ikerlariek. Garrantzirik gabeko aurkikuntza zirudien, mapa bat zela jabetu ziren arte, Europa Mendebaldean orain arte topatutako maparik zaharrena. Orduko biztanleek bizileku zuten ingurunea erakusten zuen, baina ongi ezagutzen bazuten, zertarako mapa bat egin? Galderari bueltaka aritu zen Iñigo Astiz idazlea, eta gaizki planteatu zuela ebatzi. Kontua ez zelako zertarako, norentzat baizik. Eta mapa egin zuenak «etortzeko zirenentzat» marraztu zuela ondorioztatu zuen. «Marra horien bidez azaldu zuen zer zen bizitza beretzat leku horretan. Eta uste dut poema liburu honetan ere saiakera hori dagoela, saiatu naizela orainaldia azaltzen orainaldiak eskaintzen dituen tresnen bidez». Analfabetoa (Susa) bere poesia liburu berrian egin du saiakera hori, igarri bai baina ulertzen ez dituen gauzetan jarriz arreta. Leire Lopez Ziluaga editorearen laguntzaz, atzo aurkeztu zuen lana, Donostian.

Hiru ataletan banatu ditu Astizek liburuko poemak. Lehen atala poema bakar batek osatzen du, Norbaitek mapa bat marrazten du Arraizko kobazuloetan duela 13.660 urte izenekoak, historiaurreko mapagile hari buruz mintzo dena. Eta liburua amaitzeko, hirugarren atalak ere poema bakar bat dakar, «luze-luzea», Hogeita bat izenburu duena. «Poema horretan ni ere saiatzen naiz mapa moduko bat marrazten etorkizun den jendearentzat. Arraizko kobazuloko mapagilea bezala, ni ere saiatzen naiz irudikatzen zer den bizitzea hemen eta orain».

Aita izango zela jakin berritan sortu zuen poema hura. «Akaso horregatik, saiatzen naiz mapa bat marrazten oraindik jaio ez den ume horrentzat, eta aipatzen ditut mundu hau populatzen duten munstro eta gauza eder guztiak». Bizitzeko inportantea zena aipatu zuen Arraizko mapagileak, eta gauza bera egin du Astizek, «baina hiztegi ezinbestean diferente batekin». Bestelakoak aipatzen ditu: «Animalien ordez, aipatzen ditut globalizazio ekonomikoaren horroreak, edo ibaien ordez, deskribatzen ditut piloturik gabeko gerra hegazkinak, edo mendien ordez, azaldu beharra dut zer den mundu indibidualizatu eta digitalizatu honetan euskaraz aritzea gaur egun. Eta azaldu behar dut Ikea, eta desindustrializazioa, eta turistifikazioa, eta nazioarteko jihadismoa, eta...». Poema «apabullantea» dela onartu du Astizek; «baina ez dakit nola deskribatu daitekeen XXI. mendea apabullantea ez den modu batean».

Bi poema horien tartean, bigarren atalean, beste 39 poema jaso ditu. «Laburragoak dira, solteak, pixka bat denetaz ari direnak». Bere ahalegina poema bakoitzean jarri badu ere, gerora sumatu du liburuak baduela tonu orokor bat, Adam Zagajewski poetaren bertso lerro baten bidez deskribatu duena: «Poetak presokratikoak dira, ez dute ezer ulertzen», idatzi zuen Zagajewskik. Astiz: «Esango nuke liburuan badagoela kontzienteki eginiko ez-ulertze sentsazio horren bilaketa bat. Saiatzen naiz igarri bai baina erabat agortu ezin den ulermen horren bila joaten». Horregatik Analfabetoa izenburua, bere ustez uneren batean, hainbat gauzaren aurrean denok garen zerbait delako.

Ez-ulertze sentsazio horrekin batera, liburuan nahiko orokorra den beste sentsazio bat ere bada, egilearen hitzetan: zoriontasunarena. Dena dela, zorion sentsazio hori naifa izan ez zedin saiatu dela dio, «mundu konplexu batean zorion posible bakarra zorion konplexu bat baita». Hala, egungo munduaren gaitzak saihestu gabe, horien «zirrikituetatik» sortutako zorion bat dela azaldu du, eta hori «errekonozitu, erreskatatu eta erreserbatzeko gogo bat» badela poemetan. Etorkizuneko jendeei ez ezik, egungoei ere eskaini nahi dizkie zorion puska horiek.

Sortze prozesu «oso bizia»

Leire Lopez Ziluagaren esanetan, mezuek eta kodeek zeharkatzen dute Astizen liburua, aspaldikoek nahiz gaur egungoek. Eta horiek ulertzeko saiakera bat ageri da liburuan; ulertzeko ezintasunaren forman batzuetan, ezkutuko zerbait ulertzeak ematen duen poz txikiarenean besteetan. «Izan ere, esango nuke analfabetoa, hemen hitz egiten ari garen zentzuan, zorionez dela analfabeto. Dena jakingo balu, guztia ulertuko balu, ez litzateke harrituko, eta, [Wislawa] Szymborskak zioen bezala, harrituko ez bagina pertsona bera izango ginateke, baina, aldi berean, norbait guztiz ezberdina». Editoreak uste du liburuko poemek badutela zerbait epifanikotik, eta haietan «formaren kontzientzia handia» ageri dela.

Baita hondakinak ere (Susa, 2012) aurreko poesia liburuan Astizek landutako hainbat gai ageri dira lan berrian, Lopez Ziluagaren hitzetan, hala nola maitasuna, heriotza, adiskidetasuna eta politika. Haren poesia beste poeta batzuek aurrez egindakoarekin «elkarrizketan» dagoela gehitu du, eta nabarmendu egin du arte plastikoek liburuan duten lekua, bai barruan, bai azalean —Asier Mendizabal artistak sortu du—.

Harekin bat dator Astiz. Idazten ari dela, elkarrizketa horiek «oso errealak» izaten direla azaldu du, eta sumatzen direla horien arrastoak liburuan. Sortze prozesuaz, berriz, «oso bizia» izan dela dio. Horren lekuko, kontatu duen pasadizo hau: lana inprentara bidali zuten egunean, gauez, poema bat idatzi zuen, eta kanpoan geratuko zen penaz editoreari bidali zion, baina inprenta gelditu zuten, eta liburuan dago hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.