Optika eta balistika modu paraleloan garatu dira. Dronea da horren adibide, hiltzeko gai den kamera baita. Telegidatu daitekeenez, jolaserako, aisialdirako zein ikus-entzunezkoen ekoizpenerako erabil daiteke, baina geroz eta ohikoagoa da gerrarako erabiltzea.
Optika historian nola garatu den aztertu dute Ana Teixeira Pintok eta Oier Etxeberriak, eta horren emaitza da, hain zuzen,Tabakalerako erakusketa aretoan gaurtik hasi eta ekainaren 4ra bitarte ikusgai egongo den Evil Eye erakusketa. Gerrarekin lotutako lanak bildu dituzte bertan, eta, komisarioen iritziz, neutrala ez den begirada daukate denek oinarrian. Gaineratu dute «arrakalak sortzea» dela behatze horren asmoa. «Garaikidetasuna arautzen duten logikak alderantzikatu eta ikuspuntu berriak sortzeko egin dugu», azaldu du Etxeberriak. Horretarako, Haig Aivazian, Zach Blas, Pauline Curnier Jardin, Ho Rui An, Kiwanga, Prabhakar Pachpute, Miranda Pennell, Natascha Sadr Haghighian eta Azucena Vieites artisten obrak baliatu dituzte.
Hiru gune ditu erakusketak. Sarrera da, hiru horietan, argitsuena. Bertan, ezkerreko horman ikusgai dago Kiluanji Kia Henda artista angolarraren La conquista del reino sin memoria lana. Jeanne Rolande aktibistari Donostiako udaletxeko ekitaldi aretoaren barruan ateratako argazki bat ageri da bertan. Jarrera desafiatzailea du argazkian protagonistak, eta panpa belarra eskumako eskuan. Artistaren hitzetan, botere instituzionala ordezkatzen duen egituraren barruan, «migratu komunitateen presentzia legitimatzea» da lanaren helburua. Panpa belarra Hego Amerikako kolonietatik datorren belarra da, eta espezie inbaditzailetzat hartzen da egun. Artistaren ustez, «lurzoruak desinfektatzea adimenak deskolonializatzea bezain premiazkoa da».
Ezkerreko aretoa, berriz, ilunagoa da, eta hiru gune ditu. Atzealdean, Zach Blas estatubatuarraren Jubilee 2033 filma dago proiektatuta. Derek Jarmanen Jubilee (1978) filmaren irudikapen berria da. Azuma izeneko adimen artifizialak, 1955. urtean bizi diren Any Rand idazlea eta bere kideak, Silicon Valleyn girotutako etorkizun distopikora bidaltzen ditu. Apple, Facebook eta Google enpresen egoitzak sua hartzen du filmean, eta, hondakinen artean, Randek eta kideek ikusten dute nola harrapatzen dituen talde batek teknologiaren guruak. Peter Thiel enpresariaren bulegoa okupatzen dute, eta gaur egun ezaguna den Interneten aurkako mezuak bidaltzen dizkie Nootripix profetak.
Harrapakina, harrapatzaile
Beste film bat ere ikus daiteke erakusketan: Pauline Curnier Jardin artista marseillarraren Qu'un sang impur (2019). Espetxezain sadikoaren begirada kontatzen du. Presoen arteko maitasun homoerotikoan inspiratutako remake bat da. Jean Geneten Un Chant d'Amour (1950) filmeko gazteak menopausia garaian dauden emakumeez ordezten ditu Curnierrek, eta harrapakari eta harrapakinaren posizioa alderantzikatu egiten du. Izan ere, emakumeak baitira gizon gazteak erakarri eta hiltzen dituztenak.
Alboko gela argitsuagoa eta homogeneoagoa da. German Labradorrek komisariatutako erakusketa batek hartzen du erdigunea. Reina Sofia museoko jarduera publikoen zuzendaria da bera, eta Tabakaleran ikus daiteke karlismotik hasita, Rifeko gerra, faxismoaren gorakada eta 36ko gerrarekin lotzen duen continuum bat. Fanzine, liburu, komiki eta bertso zaharren erako dokumentazioa ageri da mahai baten gainean. Plasma telebisten aurretik ezagunak ziren kutxa itxurako telebistek garaia testuinguruan jartzen duten artean.
Lehen filmeko mugimendua
Ho Rui An artistarena da ikus-entzunezko beste lan bat. Hain zuzen, Lumiere anaien Langileak fabrikatik ateratzen (1895) filma abiapuntutzat hartu, eta garaikidetasunera ekarri du. Pelikulak langile masa handi bat erakusten du, emakumeak gehienak. Ho Rui An artistaren iritziz, langileen «askatasuna» irudikatzen du irudi horrek, eta klase identitatea«hausten dute haien bizitza pertsonalera itzultzean». Eszena hori eta beste 23 bildu ditu Rui Anek; tartean, alegoria bat ere egin du, 2010eko hamarkadan egon zen krisiaren ondorioz Ameriketako Estatu Batuek Txinako enpresetan egin zituzten inbertsioak egungo begiradatik azaltzeko.
Erakusketak, bestalde, espresuki sortutako bost ekoizpen berri ditu, eta Izaro Ieregi eta Azucena Vieites artistenak dira horietako bi. Performance bat eraman du Tabakalerara Ieregik: Conjugate one to each other performance. Hiru egun desberdinetan egingo du. Hain justu, atzo izan zen lehena, eta martxoaren 23an eta ekainaren 2an izango dira beste biak, Tabakalerako gune desberdinetan. Haren lanean prismarekin jolastu nahi duela azaldu du: «Kapitulu bakoitzak espazioa, gorputza eta denbora harremanduko ditu. Zati guztiek hitz egingo dute politika afektiboez: porrotaz, lotsaz eta maitasunaz».
Azucena Vieitesek, ostera, 1993ko argazki batzuk berreskuratu ditu bere sorkuntza artistikorako. «1990eko hamarkadan bi emakumeri egindako erretratuak dira. Orduan, ohikoa zen argazkiei filtroak jartzea, horien funtsa hobeto ikusten laguntzen zuen».
Evil Eye zinema zikloa ere izango du erakusketak, eta, osagarri gisa, proiekzio bat emango du hilean behin. Otsailaren 4an izango da lehen saioa: Harun Farockiren Images of World and the Inscription of War filma.
Begi bistakoa den armategia
Gaurtik ekainaren 4ra bitarte, Evil Eye erakusketa dago Tabakaleran. Izaro Ieregi eta Azucena Vieites artisten lanak ditu, besteak beste. Jarduera programa bat ere izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu