Kultur sektorea laguntzeko neurri sorta berria eman du Jaurlaritzak

Poltsak 2.645.000 euro izango ditu, eta bi ardatz nagusi: enpresa txikiei gastu finkoetan laguntzeko lerroa eta alor jakinei zuzendutakoa: liburugintza, ilustrazioa, zinema, arte plastikoak eta digitalizazioa

Ezker-eskuin, Mikel Aizpuru, Joxean Muñoz, Aitziber Atorrasagasti, Bingen Zupiria eta Irene Larraza. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
«Kolpea handia izan da, eta galerak ere bai, bizitzaren alor guztietan. Horien artean, kaltetuenen artean dago kultur jarduera». Hasiera-hasieratik jakitun egon direla esanez eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehenengotik egoera horri erantzuteko lanean jardun duela nabarmenduz abiatu zuen Bingen Zupiria sailburuak laguntza berrien aurkezpena, atzo, Donostian egindako agerraldian. «Elkarrizketa zuzena eta etengabea izan dugu kultura arloko ordezkariekin, eta horren ondorioz sortu zen inkesta espezifiko bat egoera zein zen zehatz-mehatz jakiteko, eta gure erantzunak beharrizan horietara egokitzeko». Apirilaren azkenetan onartu zuten kulturgileentzako larrialdiko diru laguntza plana, eta, geroztik, udalak eta aldundiak euren planen berri ematen aritu dira;Zupiriaren esanetan, horien «osagarri» da Jaurlaritzaren laguntza sorta berria. «Laguntzarik gabe ahalik eta jende gutxien geratzea da helburua».

Lehen ardatza kulturako enpresa txikiei dagokie, hots, hamar langile baino gutxiago eta urteko fakturazioa bi milioi eurotik beherakoa dutenei. Bi milioi euro gorde dituzte alor horretarako, eta eskatzaile bakoitzak 10.000 euro jaso ahalko ditu gehienez, enpresaren gastu finkoei eta egiturazkoei aurre egiteko. Pertsonaleko gastuak ez dira sartuko hor; bai, ordea, hauek: lantokiaren alokairua, garraio ibilgailuen eta material teknikoaren alokairua, hornidura (ura, telefonoa, Internet...), eta beste gastu batzuetatik sortutako interesak (lantokia erosteko hipoteka maileguen kuotak eta udal zergak, besteak beste).

Baldintza bi bete beharko dituzte laguntza eskatu nahi duten enpresek: batetik, frogatu beharko dute beren jarduera bertan behera geratu dela osasun larrialdiaren ondorioz, eta sarrerak gutxienez %75 murriztu zaizkiela aurreko urteko fakturazioaren aldean; eta, bestetik, erakutsi beharko dute kulturari lotutako jardueretatik eskuratzen dutela fakturazioaren %70 gutxienez.

Bost alor jakini bultzada

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak aletu du laguntza sorta berriaren bigarren ardatza. Bost ildoz osatu dute, eta, bakoitzak bere alorrari erantzun nahi badio ere, bostak kontsideratzean hiru helburu izan dituzte gogoan, Muñozen arabera: laguntzak ahal den azkarrena iritsaraztea, ahalik eta esku gehienetara banatzea, eta sektoreko beste elkarte eta erakundeekin lankidetza bermatzea. «Jaurlaritzak asumitzen du inbertsio publikoa egin behar dela kulturaren alorrean ere; aktibitatearen eragile izan behar dugu orain, sortzaileek lana izan dezaten», aipatu du Muñozek.

645.000 euro banatuko dira, bada, bost alorren artean. Liburugintzaren kasuan, 100.000 euro bideratuko dituzte liburuak erostera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi publikoei egin zaie deialdia, eta baldintzen artean daude bertako liburu dendetan erostea eta gutxienez %30 euskarazko lanak izatea. Liburutegietako funtsa «aberasteaz» gainera, editorialen fakturazioan eta liburu dendenean eragin nahi dute horrela.

Ilustrazioaren alorrean, hogei irudigileri bina marrazki egiteko eskatu die Jaurlaritzak, itxialdia gaitzat hartuta. Liburu batean bilduko dituzte guztiak, eta, azken hiletan gertatutakoaren testigantza izateaz gainera, «gaurko euskal irudigintzaren katalogotzat» ere baliatu ahal izango dela nabarmendu du sailburuordeak. Euskal Irudigileen Elkartearekin eta Etxepare Institutuarekin ari dira elkarlanean, eta argitalpena lau hizkuntzatan emango dute gero.

Zinema ekoizpena da laguntza jasoko duen beste alorretako bat. Film laburren aldeko apustua egin dute, denbora gutxiago behar dutelako, eta filmatzeko baldintzak «kontrolatzen errazagoak» direlako egungo egoeran. «Bermatu nahi dugu, halaber, guztiek jasoko dutela ordainsaria: gidoilari, teknikari, aktore... Film laburrak grinagatik edo bide profesionala urratzeagatik egiten dira askotan, baina hemen baldintza moduan jarri dugu mundu guztiak kobratzea». Zineuskadirekin, Zinebirekin, Donostiako Zinemaldiarekin eta EITBrekin jardun dute, eta azken horrek beste 100.000 euro jarriko ditu egindako filmak erosi eta banatzeko.

Arte plastikoen alorrera eta katalogazio-digitalizazioarenera ere helduko da bultzada. Lehenari dagokionez, Gasteizko Artium museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Donostiako Tabakalerak komisio bat osatuko dute obrak erosteko. 150.000 euro izangodituzte horretarako. Muñoz: «Urrats bat esan nahi du museoen arteko kolaborazioan: ondarea guztiona izango da, eta ez museo batena». Erositako lanak Jaurlaritzaren eskuetara igaroko dira, eta Artiumek hartuko ditu bere egoitzan. «Apustua egiten dugu Artium izan dadin arte garaikidearen Euskadiko museo nagusia».

Eta azken ildoa, berrikuntza eta digitalizazioarena. Jaurlaritzak 50.000 euro inbertituko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan argitaratutako diskoen karatulak katalogatu, digitalizatu eta aztertzeko. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarekin ariko dira, eta katalogazioan zein digitalizazioan diharduten enpresen jarduera sustatzeko ere balioko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.