Evo Morales: «Herritarren eta Poliziaren estatu kolpe bat izan da»

Mexikok asiloa eskaini dio Boliviako presidente ohiari, eta hark onartu egin du; salatu du Poliziak bera «ilegalki» atxilotzeko agindua duela. Atxilotu egin dituzte Hauteskunde Auzitegiko buruak

Hainbat polizia Moralesen dimisioa ospatzen Santa Cruzen (Bolivia), herenegun. JUAN CARLOS TORREJON / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ataka larrian dago Evo Morales Boliviako presidente ohia. Herrialdearen erdigunean ezkutatuta zegoen atzo, Alvaro Garcia Linera presidenteorde ohiarekin batera. Igandean dimisioa eman eta gero, salatu zuen Polizia bera atxilotu nahian dabilela: «Ofizial batek publikoki adierazi du ni ilegalki atxilotzeko agindua duela». Yuri Calderon Poliziako komandante nazionalaren arabera, ordea, ez dago atxilotzeko agindu hori. Nolanahi ere, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak asiloa eskaini zion Moralesi atzo, eta presidente ohiak onartu egin zuen eskaintza.

Herenegun dimisioa eman zuen agintari indigenak, eta arrazoiak aletu zituen atzo: «Gizartera bakea itzultzea nahi dugu. Talde oligarkikoek demokraziaren kontra konspiratu dute, eta ondorioa herritarren eta Poliziaren estatu kolpe bat izan da. Min handia eragin dit gertatu denak». Hitz gogorrak izan zituen Carlos Mesa oposizioko buruarentzat eta Luis Fernando Camachorentzat, azken hemeretzi egunetako protesten liderrarentzat. Dimisioa emateko arrazoi nagusia bi horiek «ofizialisten familiei, ministroei eta diputatuei, umilenei, min gehiago ez egitea» zela gehitu zuen. Pozarren agertu zen Mesa, aldiz: «Lezio historiko bat gertatu da. Ez dut inoiz ahaztuko egun hori, tiraniaren amaiera».

Hauteskundeen ustezko iruzurrak eragin zuen protesten hasiera, duela hemeretzi egun, eta AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak bozei buruz egin duen hamahiru orriko txostenak baieztatu du prozesuan irregulartasun «sendoak» izan zirela. AEEk aitortu du bozak Moralesek irabaziko zituela iruzurrik gabe ere, baina emaitza ofizialen arabera lortutako hamar punturen aldea «estatistikoki ezinezkoa» dela adierazi zuen —alde hori behar zuen bozen bigarren itzulia ez egiteko—. Poliziak atxilotu egin ditu Hauteskunde Auzitegi Goreneko presidentea eta presidenteordea.

Azken egunetan, Polizia eta armada izan dira protagonista nagusietakoak Boliviako aferan. Lehendik ere ez zuen Poliziaren babes handirik presidenteak. Ustelkeria kasuek barne krisi bat sortu zuten Polizian, eta gobernuak bi eskumen giltzarri kendu zizkion: nortasun agiriak eta gidabaimenak ematea. Jakina zen agindu horrek haserrea sortu zuela polizien artean, eta duela hiru egun matxinatu ziren gobernuaren aurka. Horren ostean hasi ziren Moralesen gobernuko goi kargudun asko dimisioa ematen.

Bestelakoa zen armadaren egoera. Moralesek babes handia eman die azken urteetan: aurrekontua nabarmen handitu zien, gobernuak kudeatzen zituen eskumen batzuk eman zizkien —aeronautika, adibidez— eta harreman handia zuen komandanteekin. Poliziarekin batera, ordea, «herriaren aurka ez egitea» erabaki zuen armadak eta, herenegun, William Kaiman komandanteak kargua uzteko eskatu zion Moralesi.

Boliviako indar armatuek operazioak iragarri zituzten atzo, MAS Moralesen alderdiaren aldeko taldeen aurka egiteko, eta hainbat hiritan istiluak izan ziren ofizialisten eta Poliziaren artean. Gutxienez hiru pertsona hil eta 421 zauritu dira protestetan hogei egunetan.

Nazioartean, Lopez Obradorrena izan zen adierazpenik esanguratsuena. Mexikoko presidenteak Moralesen «jarrera arduratsua» goraipatu zuen. Ustez, Mexikoren Boliviako enbaxadak Moralesen gertuko hogei funtzionario jasoak zituen atzorako.

Donald Trump AEBetako presidenteak, berriz, Venezuelako eta Nikaraguako gobernuei ohartarazi zien haientzako «seinale bat» dela Bolivian gertatu dena.

Hamahiru urte gobernuan

Dimisioa eman aurretik, gobernuan egin dituzten hamahiru urteak goraipatu zituen Garcia Linerak, Boliviako presidenteordeak: «Bolivia altxatu dugu, eta urriaren 20an boliviarren ia erdiek bozkatu zuten gure alde. Harro nago indigena baten presidenteorde izateaz, eta beti izango nau ondoan». Hainbat datuk adierazten duten moduan, Boliviako ekonomiak hobera egin du azken hamahiru urteetan. Batez beste, urteko %4,9 hazi da herrialdeko barne produktu gordina, pobrezia %60tik %35era jaitsi da eta hobera egin dute aberastasunaren banaketak. Era berean, analfabetismo tasak behera egin du.

Boterean horrenbeste urte eginda, ordea, higadura igartzen hasia zen Moralesen gobernua. Bigarrenez hautatu zuten presidente 2009an —botoen %64 eskuratu zituen—, baina ondoren hasi ziren arazoak. Boliviako Konstituzioaren arabera, presidente berak ezin ditu bi legegintzaldi baino gehiago egin karguan, eta Morales berriz aurkeztu zen 2014an; argudio gisa erabili zuen konstituzioan egin zituen aldaketekin herrialdea birfundatu zuela. Aise irabazi zuen berriz ere. 2016an, berriz, konstituzioa aldatzeko erreferendum bat antolatu zuen, hauteskundeetara aurkeztea oztopatzen zion legea aldatzeko. Ezezkoa izan zen erantzuna. Azkenean, ez dute hautetsontzien bidez kendu Morales.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.