Olatu oso baten iturburua aipatzea bezala da Jean-Luc Godard aipatzea (Paris, 1930 - Rolle, Suitza, 2022). Haren jardunak erabat blaitu du zinemagintza, eta mugarri argia da zinemaren historian. Irudiak ezberdin mintzatzen hasi ziren haren lehen lanez geroztik, eta amaierara arte iraun dio lengoaia zinematografikoarekiko lehia pertsonal eta artistiko horrek. Nouvelle vague mugimenduaren sortzaile izan zen 60ko hamarkadan, eta zinemaren lengoaia auzitan jartzen, eraldatzen eta, aldi berean, elikatzen eman du bizialdi osoa, atzean lan esanguratsuen zerrenda luzea utzita: Une femme est une femme (1961), Bande à part (1964), Alphaville (1965), Prénom Carmen (1983), Notre musique (2004), Film Socialisme (2010), Adieu au langage (2014), Le livre d'image (2018)... Eta, era berean, esanguratsua izan da horri esker lortu duen sari sorta eta aitortza ere. Izan ere, ibilbide osoa aitortzeko ohorezko Oscar saria ez ezik, Berlingo jaialdiko bi Urrezko Hartz, zilarrezko bat, Veneziako Ohorezko Urrezko Lehoi bat, Canneseko Epaimahaiaren sari nagusia eta Urrezko Palma ere jaso ditu. 91 urterekin hil da.
Libération egunkariak jakinarazi duenez, gertuko senideak aipatuz, suizidio lagunduz hil da zinemagilea —legezkoa da Suitzan—. Gaixorik ez, baina «nekatuta» zegoela azalduta.
«Ez da film politikorik egin behar: politiko egin behar dira filmak». Filmetara ez ezik, behin eta berriz jo dute Godarden gogoetetara ere artista, idazle, dantzari eta, noski, zinemagileek urteotan guztiotan. «Sagar bat jan egiten duzu, ez ulertu». Eta, beraz, filmetan ez ezik, bateko zein besteko sortzaileek emandako elkarrizketaz elkarrizketa eta aurkezpenez aurkezpen ere hamaika gogoeta pilulatan zatikatuta heldu da haren pentsamendua gizartera. «Ez da nondik hartzen duzun, baizik eta nora eramaten duzun». Tantaz tanta, haren jario zabalaren erakusgarri. «Travelling-a, funtsean, arazo moral bat da». Agorrezin. «Zerura begiratzen dudanean, izar artera, desagertu dena besterik ez dut ikusten». Eta guztia, zinemarekin jarraitu bitartean. «Artea, artearen teoriarekin batera. Edertasuna, edertasunaren sekretuarekin batera. Zinema, zinemaren azalpenarekin batera».
Zinemagintzaren ertz denak
Eta ez da kasualitatea. Zinemagile izan aurretik, zinema kritikari izan baitzen Godard. Eric Rohmer eta Jacques Rivetterekin batera sortu zuen Gazette du cinéma aldizkaria, 1950eko hamarkadan, eta Cahiers du cinéma eta Arts aldizkarietan ere argitaratu zituen bere lanak. Eta, neurri handi batean, hor hasi zen nouvelle vague mugimendua indarra hartzen, hortik pasatu baitzen zinemagintzara Godard. Bai bete-betean pasatu ere. Film labur batzuk egin zituen lehenik, eta 1959an heldu zen haren lehen lan luzea: À bout de souffle. Eta kolpean heldu zen arrakasta.
Zinema zuzendari, gidoigile, ekoizle, muntatzaile, kritikari, pentsalari eta, tarteka, aktore ere izan baita Godard. Eta, ondorioz, gutxi izango baitira «zinemagile» hitzaren ertz guztiak Godardek bezain osorik bete ahalko dituzten sortzaileak.
Zinema baztertu, eta bideogintzara pasatu zen 1974tik 1978ra, eta 1980an itzuli zen, Sauve qui peut (la vie) filmarekin.
Bere buruari lan monumentala ezarri zion 1980ko hamarkadatik 1998. urtera: zinemaren historia kontatzea. Hori da Histoire(s) du cinéma saiakera tonuko lan multzoaren muina. Baina ikuspegia ez da historialari batena, Godardena baizik. Sinadura argiarekin. Joan-etorriko muntatze lan bat sortuz: collage bat. Autoreak azaldu zuenez, «kronologikoki» ez ezik, «arkeologikoki» eta are baita «biologikoki» ere egin nahi zuen kontaketa.
Lerratze politiko argi baten historia ere bada zinemagilearena. 1968ko udaberrian, argi lerratu zen Godard. Adituen hitzetan, «politizatu» egin zen haren zinema sasoi hartan, eta Jean-Pierre Gorinekin batera sortutako lanak jartzen dituzte horren frogatzat. Egiletza indibidualari izkin egin, eta Dziga Vertov taldearen ezizen kolektiboarekin sinatuta joan ziren sasoi horretako lanak. Maoista ere izan zen Godard sasoi batez. Izan zen Mozambiken ere, herrialde eratu berriarentzat telebista kate bat sortzeko proiektu azkenean huts eginean. Gerora beste hamaika filmetan zatikatuta amaituko zuen palestinarren aldeko film bat ere egin zuen, Al-Fatah mugimenduaren enkarguz. Eta sonatuak izan dira inguruko zinemagile eta intelektualekin izandako debate eta eztabaidak.
«Faxista hutsak zarete»
Ezagun da, esaterako, The Rolling Stones taldeari buruz filmatu zuen dokumentalarekin gertatutakoa ere. 1968. urtean izan zen hori ere. Musikariak beren garai historikoan txertatuta irudikatzen zituen collage moduko bat sortu zuen Godardek ordu hartan, eta, hala, musikarien entseguetako errepikapenak erakusteaz gainera, besteak beste, pantera beltzen irudiak ere tartekatzen zituen. One + one zeukan titulutzat zinemagilearen muntatzeak, baina ekoizleek, muntatze alternatibo bat egin, eta Sympathy for the Devil izenarekin zabaldu zuten. Haserre deskribatzen dute Godard sasoi hartako kronikek, esanez film hura ez zela berea, eta indarka atera behar izan zuten segurtasun langileek aretotik, garrasika. «Faxista hutsak zarete denak!».
Ezin luzeagoa da zinemagileari buruz egindako azterketa, ohar eta gorazarreen zerrenda ere. Olivier Assayas zinemagileak, esaterako, Picassorenaren parean jartzen zuen Godarden figura. Garaiari erabat lotuta, eta hura gurutzatuz, haren zama guztia gainean hartuta. Pintzela baliatzeko modua etengabe moldatuz. «Dena egiten saiatu da, dena edan du, hainbat zinemagile izan da, hainbat bizitza izan ditu, eta, aldi berean, gainera, haietako batzuk».
Ugarituz joango dira orain hari buruzko anekdota eta laudorioak. Olatuaren iturburua desagertuta ere, olatua geratu egiten baita.
Zinemaren gramatikari bat
Jean-Luc Godard zinemagile eta 'nouvelle vague' mugimenduko izar izandakoa hil da, suizidio lagunduz, 91 urterekin. Haren lanek zinemagintzaren lengoaia eraldatu eta, era berean, elikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu