Jokoan dago Arabako txapela

Larunbatean jokatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketako finala, Gasteizko Europa biltzar etxean, 17:30ean. Sei bertsolarik kantatuko dute, eta Paula Amilburu aurreneko aldiz arituko da lehian

Sei finalisten aurkezpen argazkia, Gasteizko Europa biltzarrean: Abarrategi, Agirre, Amilburu, Igoa, Perea eta Viñaspre bertsolariak lehiatuko dira. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
30 bertsolarik hasi zuten bidea, baina seik bakarrik izango dute Gasteizko Europa biltzar etxeko oholtzako fokuen pean seiehun pertsonaren aurrean kantatzeko aukera. Arabako Bertsolari Txapelketari amaiera biribila eman nahi diote larunbateko protagonistek. Txapela xede dutela, Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabi Igoa, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre lehiatuko dira aurten. Txapelketa lehiatua izan da hasieratik, eta ez dago batere argi finalean zer gertatuko den ere. Amilburuk izan ezik, beste finalista guztiek badakite zer den final baten abestea. Horiek horrela, larunbatean, 17:30ak puntuan hasiko da lehia, eta bertsolariek beren onena eman beharko dute, ez baitago faborito argirik. Finala Berria.eus-en emango da zuzenean.

«Txapelketak aurten izan du mailarik handiena». Zalantza izpirik gabe nabarmendu du Viñasprek, egungo txapeldunak. Izan ere, finalean gazteen freskotasuna eta beteranoen garra egotearen seinale da hori. Batzuek badakite zer den buruan txapela daramatela azken agurra kantatzea; beste batzuk, aldiz, gogotsu daude hori beren larruan sentitzeko.

Lau txapel dauzka Pereak, bi Agirrek. Viñasprek, berriz, azken txapelketa irabazi zuen, eta ez du final bat ere huts egin 2004tik. Igoak laugarren finala izango du, eta Abarrategik bigarren aldiz jarraian abestuko du. Aldiz, lehen aldia izango da Amilbururentzat.

Txapelketa berezia izan da aurtengoa, arrazoi askorengatik. Batetik, hiru urte pasatu dira azkenekoz Gasteizko Principal antzokian txapela jokoan egon zenetik; eta, bestetik, hori gutxi balitz bezala, pandemiarengatik txapelketa atzeratzea erabaki zuen Arabako Bertsozale Elkarteak. Beranduago hasi arren, Pereak zehaztu du «oso lehiatua» izan dela ibilbidea, eta guztiek «sufritu» dutela finalera iristeko.

Finaleko lanetan hiru ofizio osatu beharko dituzte binaka: zortziko nagusian, hamarreko txikian eta seiko motzean. Bakarka, bina puntu erantzun beharko dituzte, eta bi bertsoz josi gai bat. Puntu gehien jasotzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Fase horretan, berriz, ofizio bat abestuko dute Iparragirre abila dela doinuan, eta, bakarka, hiru bertso kartzelan, nahi duten doinu eta neurrian.

Serapio Lopezek jantziko dio txapela irabazleari. Ibilbide oparoa du Arabako bertsolaritzan, eta 1982an lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izan zen. Ordutik egundaino, bertsolari, irakasle eta antolatzaile aritu da. 2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Horregatik guztiagatik, egindako ibilbidea eskertu nahi dio elkarteak.

Lehen aldiz egingo dute finala Europa biltzar etxean. «Pena Principalean ezin kantatzea, eta foku horien berotasuna ez sentitzea», esan du Amilburuk, apur bat penatuta, azken txapelketan finaletik koska batera gelditu baitzen. Halere, ez dio garrantzi handirik eman nahi izan, eta lehen finalean lehiatzeko «gogotsu eta pozik» dagoela adierazi du. Agirrerentzat, berriz, «puntu berezia» emango dio finalari leku aldaketak, eta beteranoek —Viñasprek eta Pereak— bat egin dute Agirrek esandakoarekin.

Sei bertsolarietatik lau aramaioarrak (Araba) dira, eta guztiak lagun minak: Abarrategi, Agirre, Amilburu eta Igoa. Guztiek errepikatu dute ez dela «kasualitatea» laurek finalera sartzea lortu izana, eta urte osoko «lan handia» dagoela atzean. Igoak, esaterako, kontatu du bertso eskoletan «mimo bereziz» prestatu dutela txapelketa: «Txapela irabazteko lehiatu nahiko nuke aurten». Azkenik, Abarrategik hitz egin du. Txapelketa gorabeheratsua izan dela esan du, «maila handikoa», baina espero du finalean gozatu ahal izatea: «Guztiei aurre egiteko kapaz ikusten dut neure burua. Gainera, badakit nik gozatzen badut besteek ere gozatuko dutela».

Arabako bertako eta Euskal Herriko bertsozaleek aukera daukate saiorako sarrera eskuratzeko: bazkideek, hamabost euroan; 16 urtetik beherakoek, hamarrean, eta gainerakoek, hemezortzi euroan. Antolatzaileek gomendatu dute sarrerak aurrez erosteko, webgunean.

«Bidean jarraitzen dugu»

XV. Arabako Bertsolari Txapelketa da aurtengoa. 2019ko txapelketaren bidez, Arabako bertsogintzak bertsolaritzan eta euskalgintzan egindako bidea nabarmendu nahi izan zuten. Eta aurten ere bide horretatik jarraitu nahi izan dute, eraikitako zubiek eta urteetan pausoz pauso eginiko lanak duen garrantzia goraipatuta.

«Bidean jarraitzen dugu, norabide eta norantza berean. Banaka egin dezakegu, grinaz eta mimoz, hurkoek bidea adierazi diguten harri-pilari segika, oreka mantenaraziz: bidean gurutzatzen garenok harri-pilari bakoitzak bere harri alea gehituz, pila haziz, handituz», irakurri du Egoitz Iradier Arabako Bertsozale Elkarteko kideak, txapelketako diseinuko irudiari erreferentzia eginez, harri metaketa bat baita.

Dena den, bidea ez da beti erraza izan, Arabako bertsogintzak oztopo asko gainditu behar izan dituelako.

1982an lehen bertso eskolak martxan ipini ziren Gasteizen eta Aiaraldean; 1984an, lehenengo txapelketa egin zuten; eta 1993an, Arabako Bertsozale Elkartea sortu zen. Iradierrek harro esan du ordutik hona «hainbat sariketa, proiektu, egitasmo eta hausnarketa» egin dituztela, besteak beste. Laburbilduz, herrialdeko bertsogintzak «bere bidea» egin duela.

Bide horri esker, lurralde osoan lantzen da bertsolaritza, ikastetxez ikastetxe. Gainera, eskualde gehienetan daude bertso eskolak zein tailerrak: «Ibar denetan lantzen da bertsogintzaren sustapena zein transmisioa», gaineratu du Iradierrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.