Hamarkada batez Madrilen

Uxue Apaolazak 'Bihurguneko nasa' ipuin liburua plazaratu du Susa argitaletxearekin. Madrilen bizi den Lur emakume euskalduna da bederatzi kontakizunetako ahotsa. Arroztasuna du gai nagusia

GORKA RUBIO / @FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Uxue Apaolazaren hirugarren fikziozko liburua da Bihurgunekonasa. Azken hamar urteetan idatzitako bederatzi ipuin biltzen ditu: garai horretan Madrilen bizi izan den Lur pertsonaia euskaldunaren oroitzak, gertaerak, sentipenak eta kontakizunak. «Ipuinetako narratzailea bera da beti, baina ez da beti berdina», azaldu du Leire Lopezek, Susa argitaletxeko editoreak. «Ipuinak ez dira beti koherenteak haien artean, eta pertsonaia nagusia ere ez. Inkoherentzia hori ez da gauza bat esan eta beste bat egiten duenarena; bizitzaren konplexutasunak eragindako inkoherentzia da».

Ez dago bederatzi ipuinak lotzen dituen argumentu haririk. Hiri handi batek lotzen ditu kontakizunak, eta Lur narratzaile eta protagonistaren ahotsak. «Ahots bakarra izanik, ahalegindu naiz aniztasuna beste modu batzuetan bilatzen, formaren bidez», esan du Apaolazak. «Hamar urtean idatzitako ipuinetako bakoitza jaio da momentu batean, emozio batetik, irudi batetik. Autonomoak dira, banaka idatzita daude, irakurtzean ez dago zertan ordenari jarraitu».

Egia, gezurra eta zalantza

Askatasun eremu bat da literatura Apaolazarentzat, «mozorrotuta» jarduten duelako idazterakoan. «Mozorroan den gezurrak uzten digu inon baino egiatiagoak izaten, gure alderdiren bat askatzen duelako. Eta, era berean, baldintzatu ere egiten ditu gure egiak. Literaturaren egia ez da egia ebidente bat. Kasu honetan, gainera, nahi nuke egia hori zalantza bat izatea. Egiaz inguratuta gaude, horietako asko kolektiboak dira, eta ez dakit zein heinean gure neurrikoak. Egia gezurti horien aurrean, ipuin hauek gezur egiatiak izan nahi dute; gezurraren bidez egiak esan, egiak baino egiagoak direnak».

Ipuinak mozorroak balira bezala aurkeztu ditu Apaolazak. Mozorroak fikzioak dira: artifizioa eta eraikuntza. «Mozorro horiek dira ipuinak ipuin egiten dituztenak, eta ez egiak, ez guk kontatu nahi ditugun egiak». Apaolazaren ustez, mozorroa batzuetan kritika izaten da, karikatura edo burla. «Nik bizi ditudan pribilegioen biktimez ez mozorrotzea da idazle moduan dudan muga argia. Nire klaseaz, jatorriaz, generoaz, ideologiaz mozorrotzen naiz, eta horrek esan nahi du, agian, denbora guztian nire buruaz mozorrotu naizela».

Arroztasuna da ipuinen artean ageri den ideia komuna. «Munduarekiko arroztasunaz ari naiz, indibiduo moduan, era existentzial batean. Azkenean, kontu filosofikoak ere nahiko jakinak izaten dira, eta zerikusia daukate emakumea izatearekin, klase jakin batekoa izatearekin, homosexuala izatearekin, arrazializatua izatearekin».

Kanonetik kanpo egonez gero, Apaolazaren aburuz zailagoa izango da herritar heldu, oso eta adimentsu moduan tratatua izatea. «Normalean arrotza izango zara beti, pixka bat heldu gabea. Eta horrek erridikulura garamatza, lekuz kanpo egotera, behar ez diren gauzak egitera. Araua ozen hausten duzunean, erridikulua zara. Kanona betetzen ez duen edonor ahalduntzen denean, erridikulua egiten du. Liburuan adierazi nahi nituen gauzetako bat da erridikulua subertsiboa dela eta sublimea dela, araua modu oso deserosoan hausten duelako araua betetzen duenaren aurrean». Erridikulua kontzienteki egiteak ausardia eta indarra eskatzen dituela ohartarazi du idazleak. «Kontakizun hauetako ahotsa uste dut liburu osoan dabilela borroka honetan: erridikulua litzatekeen momentu epikoaren eta guztizko asimilazioaren artean balantzan».

Auzi moraletan arakatzen

Pertsonaia bat eta leku bat, Lur eta Madril, horiek dira Ibon Egaña kritikariarentzat Bihurgunekonasa liburuko osagai agerikoak. «Ez dago Madrilen deskribapen xeherik. Europako kapitalismo berantiarreko hiri bat da, eta kondizio garaikide gisa markatzen ditu liburua eta pertsonaien bizitzak. Hiriak ematen dituen anonimotasuna eta askatasuna arnasten dira, baina gehiagotan bakartzea, merkatuaren legea, errekurtso murritzengatik dagoen lehia, indibidualismoa».

Egañaren arabera, hiri garaikide hori ez da kontsumorako eta aisialdirako espazio bat. «Hiria batez ere da Lur emakume gaztea interpelatzen duen leku bat. Interpelatzen du auto batean segitzen dion gizonak, supermerkatuko ilaran ikusitako eskaleak, gaueko ordu txikietan ate joka datorkion neskak». Batzuetan hitzez eta beste batzuetan presentzia hutsarekin, batzuetan mehatxu moduan eta beste batzuetan aukera gisa hitz egiten dio Madrilek protagonista euskaldunari. «Eskatu egiten dio, iraindu egiten du. Gizartearen alderdi makurrak jartzen dizkio mutur aurrean: matxismoa, arrazakeria, klasismoa. Eta zerbait egitera, zerbait izatera behartzen du».

Apaolazaren literatura «sakonki morala» dela iruditzen zaio, ez moralista baina bai morala. «Auzi moraletan arakatzea interesatzen zaio. Moralak auzi politikoekin, klase sozialarekin, generoarekin dituen loturez hausnartzea bilatzen du. Gutxik bezala lortzen du irakurlea gogoeta egitera bultzatzea fikzioaren bidez».

Luzaroan egon ezin den leku batean bizitzeko sentipena dauka Lurrek. «Arroztasuna ez dator herritik urrun eta bakarrik dagoelako», ohartarazi du Egañak. «Esango nuke, klasez kanpo egotearekin daukala zerikusia: hanka bat gurasoen klase ertainean, beste hanka klase prekarizatuaren lokatzetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.