Monica Ojeda, Martha Rosler eta Aleksei Jurtxak. Baina baita Katixa Agirre, Itxaro Borda eta Miren Agur Meabe ere, besteak beste. Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdian batzuk zein besteak izango dira, programazioa eta, zenbaitetan, are agertokia ere maila berean partekatuz. Izan ere, euskal literaturak jaialdian izango duen presentzia «garrantzitsua» izango dela azpimarratu dute aho batez Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak eta Beñat Sarasola jaialdiko aholkulariak.
Gutun Zuria «euskal kulturaren aktibatzaile» izateko asmoa agertu du Perezek, eta, horregatik, «bertoko egile gehiagok» parte hartuko dute aurten, zuzendariak azpimarratu duenez. Festibalaren inguruko hausnarketa prozesuetan mahai gainean egon den aldagaia izan da euskal literatura, Sarasolaren hitzei erreparatuta. Izan ere, jaialdi «zabalago» bat sortzeko proiektuaren barruan «absurdoa» litzateke euskal letrak ere hedapen horren arabera ez tratatzea, aholkulariak azaldu duenez.
Hemen hitzaren esanahietan ez ezik, euskal literaturaren hedatzeko ahalmen eta beharrean ere oinarritu dira aurtengo edukiak erabakitzeko. «Euskal literatura nazioarteko gainerako sortzaileekin harremanetan dagoen kontu bat bezala, ez gauza aparteko edo isolatu bat bezala: hala pentsatu dugu programazioa. Euskal literatura munduko literaturaren barnean pentsatzeko saiakera egin dugu», adierazi du Sarasolak. Aurtengo berrikuntzetako batek, Bilbotik kanpoko egoitzek, zabalkunde hori egiteko modua ematen du orobat. «Euskal literatura garatzen den ohiko markoa gainditu egiten du jaialdiak», Perezen iritziz.
Sarasolak azaldu duenez, kontzeptuetatik abiatu dira programazioa ontzeko: gai bat bururatu, eta horren inguruan ari diren autoreak batuko dituzte jaialdiko emanaldietan. Hala, Itxaro Borda Yuri Herrera mexikarrarekin eta Monica Ojeda ekuadortarrarekin mintzatuko da estandarretik at geratzen diren baina hura aberasten duten aldaeren inguruan, bihar. Hizkuntza bakarrak izan ditzakeen askotariko moldeak iradokitzen ditu solasaldiaren izenburuak: Hizkuntzak hizkuntzetan, panpina errusiar linguistikoak. Solasalditik atera ditzakeen ondorioak aurreikusi ditu Bordak dagoeneko: «Uste dut argi geratuko dela mila hizkuntza beharrezkoak direla bizitzeko, monohiztun izatea ez dela gure onerako. Ama hizkuntzan ere mailak badaude: publikoa eta pribatua».
Norberaren hizkuntza maila batean zein bestean erabiltzeari «ezinbesteko» deritzo idazleak, eta, eleaniztuna izanda, ohartarazi du ezagutzen dituen hizkuntza horiek —euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa...— «mailakatu» egiten direla. Beste horrenbeste gertatzen da hizkuntzen barruko aldaerekin, eta Ojedak eta Herrerak erabiltzen dituzten erregistroek ere bat egiten dute, hein batean, Bordarenaren egoerarekin. Hala, hizkuntzaren «ezabaketaz» ere arituko dira hiru idazleak, Bordak aurreratu duenez: «Ezabatua izan den hizkuntzaren esperientzia ez da soilik Frantziakoa, unibertsala da. Eta unibertsala da ere ezabatua izan den hizkuntza berreskuratzea».
Bestalde, genero literarioen hibridazioari helduko diote Katixa Agirre, Aixa de la Cruz eta Eider Rodriguezek etzi, Haizea Barcenilla moderatzaile dutela, Saiakera eta fikzioaren bidegurutzean solasaldian. Gutun Zuriaren iazko aldian ziren horren inguruan aritzekoak, baina bertan behera geratu, eta aurten bilduko dira gaia ahoz jorratzeko —idatziz egin dute jada, iazko aldian parte hartzekoak ziren autore batzuen saiakerak biltzen dituen liburuan: Saiakera hemen hasten da—. Saiakerak bere obran duen eragina laburki azaldu du Agirrek: «Nire obran duen pisua ez da oso handia, baina hor dago, beste genero batzuekin nahastuta: nobela, memoria, autofikzioa...».
De la Cruzen ustez, positiboa da urtebeteko atzerapena: «Interesgarria da, ikusiko dugulako nola aldatu diren gure ideiak idatzi genuen horrekin alderatuta». Agirre ez ezik, Eider Rodriguez ere izango duenez solaskide, idazteko hainbat modu erakutsiko dituztela nabarmendu du: «Hibridazioa modu ezberdinean proposatzen dugun hiru autore gara».
Euskal autoreak, «egunero»
Datu praktiko bat azpimarratu du Perezek euskal egileek duten pisua agerian uzteko asmoarekin: «Egunero arituko da gutxienez haietako bat». Iñigo Astiz eta Anari izan ziren atzo, jaialdiaren lehen egunean, eta Miren Agur Meabe egongo da gaur Olga Novo poeta galiziarrarekin hizketan, Beñat Sarasolak gidatutako Txikitik idaztea handi solasaldian. Hizkuntza gutxitu batean idazten duten poetak izanik, bat egiten dute hainbat sorkuntza esperientziatan, sistema literario ezberdinetakoak izanik ere.
Larunbatean, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde arituko dira hizketan Goizalde Landabasorekin batera. Miñan liburuan Balderen bizipenak kontatu zituen Arzallusek, eta horietaz arituko dira Hormak eta zeharkaldiak saioan ere: jaioterritik, Gineako Errepublikatik, Gibraltarko itsasarteraino eginiko bidaia kontatuko du Baldek, zehazki.
Euskara, Gutun Zuriaren gako
Euskal literatura nazioartekoarekin jarriko dute harremanetan Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdian. Miren Agur Meabek hizkuntza gutxitu batean idazteaz hitz egingo du gaur Olga Novo poetarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu