Irakiten igartzen du unibertsoa xake taularen gelditasunaren atzean Mabi Revuelta artistak (Bilbo, 1967), lehen mugimenduak noiz askatuko esperoan balego bezala. «Munduaren ordenaren eta izakien eta gauzen patua ikusten dugu bi koloreko eremu txiki batean zabaltzen». Urteak eman ditu artistak xakearen mundua eta haren iruditeria ikertzen, eta, hain zuzen ere, horregatik hautatu dute joko hori haren ibilbide artistikoaren hiru hamarkadak laburbiltzen dituen Akromatikoa. Partida hilezkorra erakusketa harilkatzeko. Izen ezaguna da Revueltarena Euskal Herriko arte garaikidearen esparruan, eta ibilbide horregatik jaso zuen 2016an Sorkuntza aitortzeko Gure Artea saria. Susana Blas historialariak egin ditu komisario lanak orain, eta, azaldu duenez, «gutxi» dira Revueltak besteko «anbizioz» aritzen diren sortzaileak. Urtarrilaren 24ra arte egongo da zabalik erakusketa Bilboko Azkuna zentroan.
2002ko obra baten berrikuspena topatuko du bisitariak ibilbideko lehen aretoan, Natura hila perla beltzekin izenekoa, eta, erakusketarako «tonua» ezartzeko baliatu nahi izan du lehen pieza hori artistak. Eskultura esferiko dirdiratsu multzo bat zen pieza hura «natura hil erraldoi bat» bilakatu du sortzaileak oraingoan, eta berrikuspen gogo horregatik jarri dute pieza hori sarreran, barruko aretoek ere nolabait ariketa bera proposatzen dutelako.
1990etik hasi eta gaur egunera arteko ibilbidea laburbiltzen dute barruko aretoek, baina, kronologia itxi bati jarraitu beharrean, xakearen historia kontatzeko erabiltzen den sasoiz sasoiko banaketa baliatu du komisarioak: xake erromantikoa izenekoarekin hasi, eta xake dinamikoarekin amaitu. Eta logika jostari horren arabera multzokatu dituzte piezak atalez atal.
Revueltak pintura utzi zuen sasoiko margolan bat da erakusketako piezarik zaharrena. Ernst Franz Grunfeld eta Alexander Alkhinek 1923an jokatutako partidaren une bat irudikatzen du koadroko xake taulak, eta Partidaren bukaera du titulua. Baina koadroaz harago ere badoa aipamena, hain justu, pinturaz bestelako bideak lantzen hasi baitzen Revuelta lan hura bukatu eta gutxira. «Geroztik, ideiatik abiatzen naiz, eta haren arabera bilatzen dut gero zer forma eman».
Ibilbide zirkularra
Zirkularra da erakusketako ibilbidea, eta, sarrera gurutzatu ostean, bisitariak berdin erabaki dezake ezkerrerantz jo ala eskuinera joan, eta, erabaki horren arabera izango da xake partidari buruzko margolana ibilbideko lehen artelana edo azkena.
Revueltaren lan egiteko modua irudikatu nahi izan du zirkulartasun horrekin komisarioak, Blasek dioenez, gaiak bueltaka ibiltzen baititu buruan artistak, eta, beraz, ezinezkoa baita linea kronologiko zorrotz bat proposatzea. «Haren lana traizionatzea litzateke hori».
Revueltak onartu du «zaila» izan dela bere lan zaharrei aurre egitea, baina harritu ere egin dela esan du. «Soiltasuna ikur zuen artista bat nintzela uste nuen, baina erakusketa kolore leherketa bat dela konturatu naiz. Sorpresa bat izan da».
Atzera begirakoaz gainera, Bilboko Azkuna zentroan bertan sortutako Akromatikoa proiektuak hartzen du erakusketaren beste erdia, eta hori da artistaren lanik berriena. Adolf Anderssen eta Lionel Kieseritzkyk 1851n jokatutako xake partida du abiapuntu lanak, eta hortik dator erakusketaren izenburua ere; xakearen munduan Partida hilezkorra ezizenez baita ezagun norgehiagoka hura. «Izen hori interesatzen zait», azaldu du Revueltak, «artearekin lotu dezakedalako, artea ere hilezkorra delako, eta ezin delako ez suntsitu, ezta kulturatik eta gizartetik bereizi ere».
Askatasun aldarria
40 minututik gorako bi bideok osatzen dute pieza, zehazki, eta batera doaz bien proiekzioak aretoaren erditik zintzilik dagoen pantailaren alde banatan. Sinkronizatuta. Hogei dantzariko talde bat ikus daiteke haietako batean,bakoitza xake pieza bat irudikatzen, eta partida hilezkorraren mugimenduak errepikatzen, bitartean, pantailaren beste aldean, Marcel Duchamp artistaren rolean ari den aktore batek xake taula bateko fitxak mugitzen dituela. Peoi beltzaren mugimenduarekin abiatzen du partida Duchampek pantailaren alde batean, eta peoi beltzaren pertsonaia ikusten da pantailaren beste aldean dantzan, mugimendu hori bera egiten. Eta artelan horretara heltzeko bidean Revueltak baliatutako zirriborro, gogoeta, jantzi eta piezek laguntzen dute proiekzioa, alboko aretoan.
Indartsu hasten da erregina, adibidez, baina indarra galduz joango da partidak aurrera egin ahala. Peoia, aldiz, indarra hartuz joango da, eta erregeak ere izango du bere garapena, partida urrun ikusiko baitu hasieran, baina, mehatxua hurbilduz doan heinean, kezkatuz joango da, eta, azkenean, babesgabe hil.
Behin baino gehiagotan laudatu du Revueltaren anbizio artistikoa komisarioak, eta baita haren askatasuna ere. Blasen ustez, beti aritu baita taldeen logiketatik kanpo eta merkatuaren joan-etorriei jaramonik egin gabe. Kostua ere izan du horrek, ordea, haren hitzetan. «Zergatik ez daude haren lanak zenbait erakusketatan? Erosketa erabakiak hartzen dituztenei egin beharreko galdera da hori».
Jokoan dagoen guztia
Bilboko Azkuna zentroak xakearen logika baliatu du Mabi Revuelta artistaren hiru hamarkadako ibilbidea biltzen duen atzera begirako erakusketa antolatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu