Antzokiak itxita daude; kontzertu oro bertan behera geratu da; dantza emanaldirik ere ez dago; eta liburu argitalpenik ere ez. Koronabirusaren krisiak jarduera oro geldiarazi du kulturgintzaren alorrean ere, eta horrek, katean, nabarmen eragin du sektorean diharduten langileen egoera ekonomikoan ere. Kalte hori arintzeko, Eusko Jaurlaritzak oinarrizko soldata bermatu nahi die diru sarrerarik gabe geratu diren kulturgintzako langileei. 2,5 milioi euroko diru sail bat prestatu du horretarako, eta, hala, eskatzaile bakoitzak gehienez 1.200 euroko laguntza jasoko du hilean, sei hilabeteko epean.
Atzo aurkeztu zuten diru laguntzen programa Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak, Internet bidez egindako agerraldi batean. Zupiriak adierazi zuen «egoera estuan» diren langile «autonomo profesionalentzako» laguntza bat dela, eta ez sektore oso bati zuzenean bideratutakoa. Izan ere, berretsi zuen krisiaren ondorioei aurre egiteko onartutako beste laguntza lerroen osagarri izan nahi duela oinarrizko errentak: «Jakitun gaude, kultur jardueraren bereizgarritasunen ondorioz, langile autonomo ugari daudela aldian aldiko kontratazioak dituztenak eta ezinezkoa zaienak laguntza horiek eskuratzea. Horregatik erabaki dugu lerro berri hau zabaltzea».
Hilaren amaierarako jarriko da martxan laguntza eskatzeko bidea, eta martxoaren 14tik krisia amaitu bitarteko tartean iraungo du; laguntza sei hilabetez emango da gehienez, halere. Langile autonomo bakoitzak bere errenta izango du, eta aurreko urteko errenta aitorpenaren arabera kalkulatuko da, Artolazabalen hitzetan. Bada, iazko diru sarrera garbien hileko batazbestekoaren %70 eskatu ahal izango du bakoitzak, gehienez ere 1.200 euroraino. Jarduera ekonomikoa aurten abiatu dutenek ere eskatu ahal izango dute laguntza, baina jasoko duten kopurua lanbide arteko gutxieneko soldataren baliokidea izango da: 950 euro, alegia.
Jaurlaritzak ez du zehaztu zenbatek jaso dezaketen laguntza hori, baina otsailean Kulturaren Behatokiak emandako datuen arabera, 6.834 lagunek egiten dute lan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultur eta sormen industrietan. Zupiriaren arabera, ondorioztatu daiteke, beraz, erdiek inguruk eskatuko dutela laguntza; beste asko enpresa bati zuzenean lotuta daudelako, edo enpresari direlako, eta beste laguntza batzuk jaso ditzaketelako.
Programak berak zehaztuko ditu, halaber, zein jarduerak eskuratu ahal izango dituzten laguntzak. Baina horien artean leudeke, besteak beste, sorkuntzari lotutakoak; kultura merkataritzari dagozkionak; liburutegietako, artxiboetako, museoetako eta ondareko jarduerak; musika edizioko jarduerak; eta musika tresnen fabrikazioari lotutakoak.
Lanbideren bitartez kudeatuko da, Kultura Sailarekin lankidetzan. Hala, aurrekontuetan «kultur formakuntzarako» bideratuta zegoen funtsa erabiliko dute soldata horiek bermatzeko.
Aholkularitza zerbitzua
Jaurlaritza ohartzen da osasun krisia kulturan eragiten ari den kalteaz: «Geldialdi hau oso ondorio larriak izaten ari da kulturaren arloan», esan du Zupiriak. «Azken urteetan, garai gozoagoak bizitzen ari zen euskal kultura, eta hori begi bistakoa izan zen euskal zinemagintzan, arte eszenikoetan, arte plastikoetan, museoen arloan eta literaturarenean. Baina, bat-batean, COVID-19a gelditzeko neurrien ondorioz, dena gelditu da bertan behera». Sailburuak adierazi du «etengabeko harremanak» dituztela sektoreko elkarte eta ordezkariekin, eta «informazio zehatza» jaso eta krisiaren neurria kalkulatzeko galdetegi bat eman dietela.
Hala ere, Zupiriak iragarri du Jaurlaritzak aholkularitza zerbitzu bat jarriko duela martxan, laguntza oro kulturaren arloko langileengana iristeko. «Eusko Jaurlaritzak enpresa eta autonomontzat bideratu dituen diru laguntzak kulturgintzako enpresetara irits daitezen ere ahaleginduko gara; helburua da kultur arloko enpresei diru laguntzen inguruko informazioa erraztea, eta tramiteetan laguntzea». Datorren astetik aurrera egongo da martxan.
Kultur jarduerari «ahal den azkarren» berrekiteko «apustua» berretsi du Zupiriak. Eta gehitu du «modu koordinatuan» ari direla lanean Foru Aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta Eudelekin, krisiari «erantzun bateratu bat» emateko. «Kulturak krisiaren aurretik zeuzkan balio guztiak mantentzen ditu orain ere. Beraz, orain kultura behar dugun moduan, kulturak ere behar gaitu gu. Eta uste dugu jarduera ekonomikoaren ikuspuntutik ere garrantzitsua dela».
Krisialdia kulturan
Kultur langileek 1.200 euro jaso ahal izango dute, gehienez, sei hilabetez
Eusko Jaurlaritzak soldata bermatuko die «egoera estuan» dauden kulturgintzako beharginei. Iaz deklaratutako diru sarrera garbien hileko batezbestekoaren %70 eskatu ahal izango du bakoitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu