«Literaturan izaera bereziko pertsonaiak bilatzen ditugu askotan. Bada, hemen badugu bat, nire ustez Europako literaturan ezartzeko modukoa dena». Hala goretsi du Juan Kruz Igerabidek Rozina, Han goian urkiak hostoberritzen direnean nobelako protagonista. Ekintza du emakumeak bere izaeraren ezaugarri nagusi, eta, XX. mendeko urte gogor eta gorabeheratsuetan ere, ez da geldirik geratuko. Andrazko esloveniar horren istorioa kontatzen du Breda Smolnikar idazle esloveniarrak liburuan. Igerabidek itzuli du lana euskarara, eta gaztelerara, berriz, Barbara Pregeljek eta David Heredero Zorzok. Alberdaniak argitaratu berri ditu bi itzulpenak, eta oso liburu berezia dela aurreratu dute bai itzultzaileek bai Jorge Gimenez Bech editoreak.
«Oso liburu bitxia da, estilotik hasita», adierazi du Igerabidek. Deskribapenak egiteko trebezia goraipatu dio idazleari, besteak beste.«Estilo bizia du; arrapaladan irakurtzen da; segituan harrapatzen du irakurlea». Horren ardura nagusia protagonistak du, itzultzailearen ustez. Lehen Mundu Gerraren aurretxoan, Rozinak AEBetara joko du, oso gazterik eta laster senar izango duen Brinovc herrikidearekin batera. «Zertan sartuko, eta uxuala, likorea egiten hasiko dira. Berak mugitzen du likorea, nonbait, Etxe Zuriraino ere iritsi omen zena». Negozio oparoa egitea lortu zuten Lege Lehor betean. «Liburuan zehar ikusten da edozeini eta edozeri aurre egiteko kapaz zen emakumea zela».
Alaba izeba batekin utzi eta bikotea senarraren herentzia bat jasotzera sorterrira itzultzean, Lehen Mundu Gerrak harrapatuko ditu, eta handik irten ezinik geratuko dira. Han seme-alaba gehiago izango dituzte, eta negozio berriei ekingo die Rozinak. «Nekazaritzako produktuak menditik portura jaitsiko ditu kamioi zahar batzuetan, eta han tratuak egingo ditu». Eraso egin nahi dioten marinel batzuk kolpeka hartuko ditu, eta denek errespetatzea lortuko du, «zer eta garai hartan». Gerra arteko urteetan diru ugari pilatuko du Rozinak. «Emakume honek harreman komertzialetan asko disfrutatzen duela argi ikusten da liburuan».
Eslovenian harrapatuko du Bigarren Mundu Gerrak ere, eta naziengandik hainbat jende salbatzea lortuko du. «Eta gero sozialismoa dator, eta ezin atera herrialdetik. Baina emakume hau, azkenean,bakarra izango da herrialde osoan Ameriketara joan eta etorri ibiliko dena». Han ere negozioa egingo du, oraingoan lastozko txapelak egiten eta saltzen. Eta atzera Esloveniara itzuliko da, familiarentzat opariz betetako kutxekin.
Igerabideri aldi berean gordina eta maitagarria egin zaio Rozinaren istorioa irakurtzea. «Kontatzen dituenak gordinak dira, baina ez ditu batere adornatzen. Bere lehen sexu harremana ere kontatzen du, baina apaingarririk gabe. Eta gero gertatzen zaizkionak ere ez ditu batere apaintzen. Alde horretatik, nahiz eta kontatzen duena gordina den, niri behintzat, irakurle gisa, maitagarria egin zait. Pertsona berekoi baina berezi bat da, muturreko egoera batean laguntzeko gai ere badena». Badira bigarren mailako pertsonaia interesgarriak ere, senarra kasurako, baina guztiak erabat itzalpean uzten ditu Rozinak, haren ustez.
Estilora itzulita, istorioa hasi eta buka punturik gabe idatzi zuen Smolnikarrek. Harekin adostuta, baina, horri moldaketa bat egin diote itzulpenean, Igerabidek zehaztu duenez. «Esperimentalismoaren garaiak pasatu ziren, eta, azkenean, adostasun batera iritsi ginen zatituko genuela pixka bat testua, irakurlearen mesedetan. Bere baimenarekin egindako aldaketatxo estilistikoa da, baina testuaren izaera bizia hor dago».
Oztopoen gainetik, idatzi
Igerabidek kontatu duenez, Eslovenian izan zen batean, Smolnikar ezagutzeko aukera izan zuen. «Segituan konexio bat sortu zen elkarrizketa hartan. Oso emakume maitagarria iruditu zitzaidan, eta, azkenean, agindu nion liburu hau itzuliko nuela; Barbararekin batera lan eginez, nik euskarara eta berak gaztelerara. Urte batzuk pasatu dira, baina azkenean lortu dugu argitaratzea, eta esan didate egilea oso pozik dagoela».
Smolnikarri buruz hitz egin du Pregeljek ere bi edizioen aurkezpenean, bideokonferentziaz, eta esplikatu du esloveniar literatura garaikideko luma berezienetako bat dela. Jugoslavia ohiko Herceg Novi herrian jaio zen, 1941ean, eta 19 urterekin hasi zen idazten. 1963an egin zen ezagun, Orocki ?ivljenje tece dalje gazteentzako eleberriarekin (Haurrak, bizitza aurrera doa). Sozialismoaren urteetan, Gospa (Andrea) ezizenez sinatu zituen helduentzako bere liburuak. Hainbat polemika eta auzibideren jomuga ere izan zen, bere lanetan «politikoki zuzenak» ez ziren gaiak jorratzeagatik, gerra arteko aldiari eta Bigarren Mundu Gerrari lotutakoak. Hiru hilabeteko kartzela zigorra eman zioten 1980ko hamarkadan.
Baina ez zuen hori izan auzi bakarra, orain itzulitako nobelagatik ere auzibide luze bat jasan behar izan baitzuen. 1998an, hilabeteko egonaldia egitera gonbidatu zuen Suitzako emakume idazleen talde batek, eta Ittengengo monasterioan eman zuen denbora horretan idatzi zuen Han goian urkiak hostoberritzen direnean, urte hartantxe argitaratu zuena. Kontua da bost emakumek beren ama zenduak ezagutu zituztela nobelako protagonistarengan, eta zortzi urtez auzibidean izan zen idazlea horren harira; haren lanak herrialdeko liburutegi eta liburu denda guztietatik erretiratzera behartu zuten, harik eta 2005ean auzitegiek zigor epai guztiak baliogabetu zituzten arte. «Jasaten ari zen zentsuraren aurrean protesta egiteko, liburuak idazten eta publikatzen segitu zuen», zehaztu du Pregeljek. «Oso idazle bizia da, kuriositate handikoa, esloveniar literaturan oso presente dagoena, eta oso burutsua, bere nobela ezagutzera emateko modu desberdinak bilatu baitzituen etengabe».
Gimenez Bech editorearen ustez ere, oso egile berezia da Smolnikar. «Idazle peto-petoa izateaz gainera, oso argi du, boterearekiko nolabaiteko erreakzioz, idatzi nahi duela, eta idazten du; hori da haren ezaugarri nagusietako bat».
Ekintzari emandako andre bat
Breda Smolnikar idazle esloveniarraren 'Han goian urkiak hostoberritzen direnean' nobela argitaratu du Alberdaniak. Rozina du protagonista, emakume «grinatsu eta ekintzaile» bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu