«Funtsean, ni Newtonen aurka nago. Ni eta nire eskulturak». Bi esaldi horietan laburbildu zuen grabitatearen aurka aurrera eraman zuen borroka luzea Eduardo Txillidak (Donostia, 1924-2002). Sortzailearen interesgune ugarietako bat izan zen zientzia eta, zehatzago, fisika, eta haren legeen kontra egin nahi izan zuen artearen bidez. Pentsamendu ildo horren lanketaren erakusgarri dira Txillida Leku museoan (Hernani, Gipuzkoa) egunotan ikusgai dauden 30 bat artelanak. Zero grabitatea erakusketan bildu dituzte obra horiek, eta artistak auziari askotariko bideetatik heldu ziola erakusten dute. Maiatzaren lehenera bitarte izango dira ikusgai.
Zabalaga baserriaren babesean bildu dituzte erakusketako lanak, goiko solairuko 5. aretoan. Baina baserrirantz hurbildu ahala, aldameneko belardian, badira grabitatearen gaiarekin harreman zuzena duten Corten altzairuzko bi eskultura; bisitariak barruan ikusiko duenaren iragarle balira bezala. Hiru hanka txikidun mahai itxurako Omenaldia Luca Pacioliri (1986) da bata. «Mahaia flotatzen ari dela irudi lezake, lurrerainoko distantzia ez baita handia, eta sakontasuna ematen dion irudi bat ere baduelako [gurutze latino baten oinarria duen hutsune bihurri eta sakonago bat du erdialdean]. Gainetik ikusita, airean dagoela pentsa liteke; horixe da artistak sortu nahi zuen sentsazioa», azaldu dio BERRIAri Estela Solana museoko erakusketen arduradunak. Ia intuitiboki jaisten du burua ikusleak haren aurrean, hankak non dauden ikusteko, jakin arren ez dagoela airean, baina begiz frogatu beharko balu bezala. «Normalean, Txillidak forma bertikalak erabiltzen ditu, baina kasu honetan, eta espresuki, horizontala baliatzen du, hain zuzen, grabitatearen kontra borrokatzeko. Modu artistiko batean, noski, berak badakielako ezinezkoa dela, baina interesgarria iruditzen zaio artearen arloan halakoak egitea. Lebitazioarekin lotuta ere badago, zerbait espirituala sentiarazteko asmoarekin».
Zuhaixka batzuen atzean, handik gertu suma daiteke beste lana, Gora bera III (1991). Kulunka edo balantza itxura du, oinarri baten gainean horizontalean luzatzen den laukizuzen luzeago batekin, baina oinarrian bermatzen dena ez da piezaren erdigunea. Solana: «Alde bat luzeagoa da, baina pisu bisuala eta fisikoa konpentsatzen ditu bi kubo hutsen bitartez». Borroka beraren beste adibide bat.
Zabalagarako bidean, inguruko zelaietako Txillidaren beste obrei erreparatu die Solanak, eta gehienak beti gorantz altxatzen direla nabarmendu du; baina forma horizontalekin ere egin zuen saiakerarik, hain zuzen, grabitatearen gaia artistikoki aztertzeko.
Behin baserri barruan, eskailerak igo eta aretora sartzean, Txillida Newtonen aurka altxatzen deneko esaldia ikusiko du bisitariak. Sarrerako horman dago idatzita, erakusketara ongietorria emanez bezala, eta, haren azpian, grabitatearen auziak Txillidarengan izan zuen eragina erakusten duen obra nagusietako baten estudioa jarri dute: Topaketa lekua proiektua, 1972an igeltsuz ondua. Parez pare du benetako obra Madrilen ageri den zuri-beltzeko argazkia, aretoaren beste puntan. Batetik besterako tartea, baina, ez da espazioan oinez egiten dena bezain laburra. Historia luzea duen lana baita.
'Sirena hondartua'
Grabitatearen ideiari aurretik erebueltaka ibilia zen artista, eta horren arrastoa sumatzen da 50eko urteetako haren hainbat lanetan —hala nola Amets-ingudea zein Haizearen orrazia serieetako pieza batzuetan—. «Nik uste dut, hasieran, Sandy Calderren eragina izan zuela, bere mobil edo zintzilikako eskulturena; Maeght fundazioan ere harremana izan zuten», azaldu du Solanak. Eskultura «espazialagoak» lortzeko, zenbait obra zintzilikatzen nahiz hiru euskarritan jartzen hasi zen. «Baina grabitatearen aurkako benetako borrokari 1970eko hamarkadaren hasieran ekin zion», zehaztu du Solanak. Eta haren hitzetan, hainbat ariketa egin ondotik, Topaketa lekua III (1972) obrarekin jabetu zen artista nola heldu behar zion borroka horri.
Erakusketaren liburuxkan eskultorearen hitzetan irakur daiteke azalpena. Idatzita utzi zuenez, Legazpin (Gipuzkoa) Patricio Etxeberriaren burdinolan eskultura handi bat lantzen ari zela, atsedenaldian pipa erretzen zuen bitartean, begira geratu zitzaien makina astun batzuk mugitzen ari ziren garabi batzuei. «Ni han nengoen, urrun, erlaxaturik, eta bat-batean sentitu nuen makinaren gainetik zegoen espazio hura, pabiloi osoa betetzen zuen espazio hura, makina lurraren kontra zanpatzen ari zela». Aurrerago dioenez, denbora luzez gutxieneko hiru euste-puntu izan zituen. «Grabitatearen eta lurrari lotuta egoteko betebeharraren aurkako lehen matxinada izan zen hura».
Garaitsu hartan jaso zuen Madrilen, La Castellana zubiaren azpian jartzeko eskultura bat egiteko enkargua. Segituan egin zuen galdera: «Eseki daiteke pieza?». Arazo teknikorik ez zela egongo pentsatzen zutela erantzun zioten, eta «hormigoiarekin amesten» hasi zen orduan eskultorea. Hain zuzen, Solanak esplikatu du «pisua erabiltzea» izan zela grabitateari aurka egiteko sortzaileak hautatu zuen bidea; «arte munduan oso planteamendu originala eta pertsonala» dena, haren hitzetan. «6,3 tonako pisua duen obra bat sortzen du, eta, aldi berean, flotatzen ari den ilusioa sortzen du». 1978an jarri zuten, azkenean, Topaketa lekua III egun dagoen tokian, «hainbat arazo politikok» eragindako atzerapenen ondotik; herritarrek Hondartutako sirena izena jarri zioten.
Hormigoia orduan baliatu zuen Txillidak lehen aldiz. Solana: «Ez zituen materialak soilik estetikagatik aukeratzen, baizik eta beren transformaziorako ahalmenagatik». Eta, haren ustez, grabitatearen gaia jorratzeko funtsezkoa da ideia hori, artelanak sortzen duen sentsazioa bat edo beste izan daitekeelako materialaren arabera. Lurretik metro eskas batera aireratzen da Topaketa lekua III pieza, kable sendoz eutsita, eta, Solanaren iritzian, are nabariagoa da flotatzearen sentsazioa norbera erdian jarri eta hormigoizko masak inguratzen duenean.
Beste bi proiektu publiko
Grabitatearen gaia beste zenbait obra publikotan ere garatu zuen artistak, eta, aurrez aipatutakoaz gain, beste bi adibide ekarri dituzte erakusketara, haien estudioen bidez. Calderren omenez estudioa (1979) da horietako bat. Miresten zuen artistari burdinazko eskultura handi bat eskaini zion, eta beira arasa txiki batean zintzilik ikus daiteke haren estudioa aretoan. «Mugimendu asko dauka eskulturak, oso organikoa delako, bira pittin bat ere egiten du, eta grabitatearen legeen aurkako ideiarekin dago lotuta», azaldu du Solanak. Egun, bilduma pribatu batean dago tamaina handiko artelana. Obra horri, beste hainbati nahiz grabitateaz Txillidak zituen ideiei lotutako testuak eta argazkiak ere ikusgai dira aretoan, beste beira arasa batean.
Hirugarren eta azken proiektu publikoa, berriz, Estudioa uraren laudorioarentzat II (1986) burdinazko piezaren bitartez aurkeztu dute. Hormigoiz sortu zuen artistak tamaina handiko obra, zintzilikatzeko asmoz, 54 tonako pisua izan arren; eta halaxe egin zuten, gaur egun eraberritze lanetan dagoen Bartzelonako Creueta del Coll parkean; lau kable astuni esker, piezaren lau beso kiribilduak uraren gainean zintzilika daude, ura ukitzera iritsi gabe. Solana: «Nartzisoren mitoarekin jolasten da, obra uretan islatzen baita, bikoiztua egongo balitz bezala».
Kolarik gabeko collageak
Proiektu horien oso bestelakoak diren arren, ideia bera dute oinarrian Grabitazioak deituriko lanek. 1985etik aurrera hasi zen halakoak sortzen artista, paperean eta collageak balira bezala, baina kolaren ordez, «espazioa» bera erabiliko zuela erabakita, Solanak azaldu duenez. «Berak pentsatzen zuen espazioak indar handiagoa duela materiak baino». Paperak moztuz eta hari batez josiz, sakontasunaren edo lebitazioaren sentsazioak sortu nahi zituela gehitu du, mistikari lotuz.
Hainbat grabitazio daude aretoko hormetatik zintzilik, bi dozenatik gora. Eta ardatz jakin bati eskainitako hainbat serie edo sorta jarri dituzte ikusgai. Hala, bada gai filosofiko, sozial eta poetikoen inguruko multzo bat; eskua protagonista duten sei pieza; eta San Joan Gurutzekoaren zein Johann Bachen omenez ondutako beste dozena bat inguru, besteak beste.
Txillidak idatzitako gogoetekin batera, Barry Barish Fisikako Nobel saridunaren testuak bildu dituzte erakusketaren liburuxkan.
Maiatzaren lehenera arte egongo da zabalik erakusketa. Bitartean, jarduera programa zabal bat du martxan museoak; hitzaldiak, tailerrak, bisitak eta beste izango dira erakusketaren osagarri.
Grabitatearen aurka borrokan
Eduardo Txillidaren 30 obra inguru bildu dituzte 'Zero grabitatea' erakusketan, Txillida Leku museoan. Artistak gaiari askotariko bideetatik heldu ziola erakusten dute lanek. Maiatzera arte daude ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu