Bi bardo: Whitman eta Yeats

Juan Kruz Igerabidek William Butler Yeatsen antologia bat itzuli du, eta Josu Goikoetxeak, berriz, Walt Whitmanen bat. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak sailean eman dituzte

Josu Goikoetxeak eta Juan Kruz Igerabidek euskaratu dituzte Walt Whitmanen eta William Butler Yeatsen antologiak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
«Haur batek esan zuen 'Zer da belarra?' hura eskubeteka niri ekarrita;/ Nola erantzun haur hari? Ez dakit zer den hark baino hobeto». Eta, halere, Walt Whitmanen eskutan, nahikoa da belar eskukada soil bat orriak eta orriak betetzen dituen irudi poetiko jario amaigabe bat abiarazteko. «Agian nire aldartearen bandera da, esperantzaren oihal berdez egina./ Edo agian Jainkoaren musuzapia da,/ Nahita utzitako prenda lurrintsu oroitarazlea,/ Puntetan jabearen izena daukana, ikus dezagun, errepara diezaiogun, esan dezagun 'Norena?'./ Edo agian belarra haur bat da izan, landarediaren haur jaioberria./ Edo agian hieroglifiko uniforme bat,/ Eta nahi du esan, Berdin ernatuz eremu zabaletan zein estuetan,/ Berdin haziz beltzen zein zurien artean,/ Kanadar Tuckahoeko, Kongresukide, Beltz, denei ematen diet berdin, denak berdin hartzen ditut./ Eta orain iruditzen zait hilobietako ile moztu gabe ederra». Josu Goikoetxeak ekarri du orain haren jarduna euskarara, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumarako, eta, bestetik, William Butler Yeats irlandarraren antologia bat ere kaleratu dute, Juan Kruz Igerabidek itzulita.

«Poeta amerikarra». Erabateko ezizen hori erabili izan dute hainbat adituk eta ikerlarik Whitmani buruz hitz egiteko. Eta ez da kasualitatea. Asko direlako poetak bere herrialdeari eskainitako poemak, eta, neurri batean, haren historiari lotuta dagoelako haren poesia moldea ere. 1855ean eman zuen argitara Belar-hostoak izeneko poema bilduma aurrenekoz, eta bizitza osoa eman zuen, gero, bilduma hori berregiten. Poema batzuk kendu, poema batzuk berrikusi, eta, batez ere, poemak gehitu eta gehitu. Eta, hain zuzen, era askotariko edizio horietako azkena izan du oinarri Goikoetxeak bere itzulpenerako.

«Ni poetiko handi bat dauka», azaldu du itzultzaileak, «ni poetiko ausart, eta batzuetan ausartegi bat, balio izan duena bestelako ni poetiko batzuk sortzeko eta garatzeko ondorengo literaturetan». Hain zuzen ere, haren hitzetan, hain da zabala haren poesia, ezen poeta asko bizi baitira poeta bakarrean. «Whitmanengan topa dezakezu zure Whitman, zure tonua, zure gaia. Gazteak etorkizuna izan dezake irakurgai, pertsona zaharrak heriotza edo bizitzaren errepaso bat izan dezake irakurgai. Gorputza topatuko du hemen irakurleak, eta gorputzetik abiatzen den arima ere bai. Sexuari buruz ere hitz egiten du; sexu heterosexualaz, baina, batez ere, sexu homosexualaz».

Zabaltasun hori bildu nahi izan du antologian Goikoetxeak. Horregatik saiatu da haren obra osoaren zantzuak biltzen, nahiz eta, onartu duenez, azkenean Neure buruaren kanta izeneko poemak hartzen duen antologiaren erdia. Hori baita egilearen poemarik ezagunenetako bat, eta baita luzeenetako bat ere.

Aurrez ere euskaratu dira haren poemak; Aitor Aranak, Maite Gonzalez Esnalek eta Bingen Ametzagak, esaterako, eta Belar-hostoak obraren lehen bi edizioen bilduma bat ere badu kaleratuta Hiria argitaletxeak, Xabier Galarretak itzulita. Aurrez egindako lan horiei keinu bat ere egin nahi izan die Goikoetxeak liburuan, eta horregatik bildu du Ontziburu!, nire ontziburu! Ametzagak 1941ean itzulitako bertsioan.

Irlandar tradizioa

«Irlandar bardoa». Haren ezizenaren handitasunak ematen du, Yeatsen kasuan ere, bere literaturak herrialde horretan izan duen garrantziaren neurria. Irlandar Literatur Pizkundea deitutako mugimenduaren izen handietako bat da berea, eta, poesiaz gainera, antzerkigintzan egindako lanagatik ere jaso zuen Literatur Nobel Saria 1923an. Haren poema solteak euskaratuta dituzte, aurrez, Joseba Sarrionandiak, Koldo Izagirrek, Andolin Eguzkitzak, Josu Lartategik, Luigi Anselmik eta Hedoi Etxartek. Susa argitaletxeko kideen hitzetan, ordea, antologia berri horrek lehen aldiz eskaintzen du Yeatsen gai eta obsesio errepikatuenen «bilduma osotu bat»: mitologia zelta, irlandar folklorea, Maud Gonne iraultzaile independentista mistizismoa eta beste tartean direla.

Gazte zela irakurri zuen Yeats Igerabidek, eta sasoitsuan deskubritu zituen sinbolista frantziarren ahaleginarekin parekatu du Yeatsena. «Oso interesgarria da ikustea sinbolismo frantsesa nola saiatu zen erabat askatzen sinboloa bere kateetatik, eta gizakiaren bazterrik ilunenetara eramaten. Gero, abangoardiak jarraitu zuen bide hori, erabat muturreraino eraman arte. Eta ahalegin antzekoa ikusten dut [William] Blake, [John] Keats, Yeats eta hauengan ere; baina haiek tradizioari lotu zitzaizkion. Irlandako elezaharrekin eta mitologiarekin uztardura etengabea da, nahiz eta eurek garapen berri bat eman».

Igerabideren hitzetan, Yeatsek irlandar nazionalismoarekin izandako hartu-eman gorabeheratsua ikus daiteke antologian, eta haren bilaketa espiritualaren nondik norakoak ere jarrai daitezkeela uste du. Haren ustez, katolikotasun sakonean hasten baita Yeats, ondoren, ekialdeko kulturen igurtzia jaso, eta, azkenik, natura oinarri duen erlijio pertsonal moduko batean murgiltzeko. «Topatzen du maitasun ikaragarri bat unibertsoan. Eta maitasun hori da bere erlijioa».

Molde klasikoak baliatu zituen Yeatsek poesian, baina Igerabidek errimatu gabe eman ditu euskaraz, errimari segika, edukirik ez sakrifikatu behar izateko. «Nahiago izan dut beste modu batera topatu erritmo horiek».

Lema aldaketa

Munduko Poesia Kaierak bildumako 41. eta 42. liburukiak dira Whitmanena eta Yeatsena, eta, argitalpen horiekin batera, lema aldaketa bat ere egon dela jakinarazi dute Susa argitaletxeko kideek. Orain arte Beñat Sarasolak koordinatu du saila, eta, aurrerantzean, Maialen Berasategik eta Isabel Etxeberriak hartuko dute lan hori. Sarasolak eta bilduman parte hartu duten itzultzaileek orain arte egindako lan «oparoa» aitortuz hartu dute lekukoa Berasategik eta Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.