Atzera begira, aldarrika

Jabier Muguruza eta Bernardo Atxaga elkarlanean aritu dira 'Geltokiak izarretara' disko-liburuan. Hamabost euskal kanturen bertsioak egin ditu musikariak

Mikel Azpiroz eta Jabier Muguruza Geltokiak izarretara disko-liburuaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. MONIKA. DEL VALLE / FOKU.
Bilbo
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Atzera begiratze bat egin du Jabier Muguruzak Geltokiak izarretara disko-liburu berrian. Euskal musikaren ondarea «nostalgiarik gabe, baina maitasunez» aldarrikatu nahi izan duabeslariak. 1980ko hamarkadatik 2000ko hamarkadara mugatzen dira Muguruzak aukeratutako hamabost kantak. «Gazte garaietan gehien hunkitu ninduten abestiak aukeratu ditut, oso zaila da zergatia azaltzea», esan zuen musikariak, atzo, Bilboko Kafe Antzokian egin zuten aurkezpenean. Mikel Azpiroz diskoaren musika zuzendaria ere bertan egon zen. Mara Mara argitaletxeak ekoitzi du lana.

Muguruzak hamaseigarren lana du bere diskografian, eta, azaldu dutenez, enkarguz egin dute. Barnasants jaialdiaren 25. urteurrenaren harira, iraganeko euskal kantagintzaren errepasoa jasoko zuen disko bat egiteko eskatu zion Pere Camps jaialdiko zuzendariak. Eta horrela ekin zioten, 2018ko udan. Bi urteko prozesuaren ondoren disko «koherente» bat lortu dutelakoan da Azpiroz. Jean Marie Ecay, Mikel Artieda eta David Gomez musikariek osatu dute taldea, Azpirozen ustez, talde bikaina osatu dute: «Profesional handiak batu dira, eta emaitza ezin hobea izan da».

Mila kantu entzun ostean, aukeratutako abestietan autore lana aldarrikatu nahi izan du Muguruzak. Hainbat ildotako musikariak txertatu ditu abestien zerrendan. Horien artean, Mikel Laboa «bezalako artista bat» nahitaez sartzeko beharra sentitu du. Baita ere, haren ustez «hain ezaguna ez den» Iñaki Eizmendiren Zu eta zugan abestia ere. «Hau ez da ranking bat, abesti guztiak daukate nire ibilbide pertsonalean esanahi bat», azaldu du egileak. Hala, abestien artean daude, besteak beste: Izarren hautsa, Xabier Leterena; (H)erra kanta, Anarirena; eta, Oi lur, oi lur, Benito Lertxundirena.

Disko berriarekin normalean baino gehiago ahalegindu behar izan dela nabarmendu du Muguruzak. Ez da lehenengo aldia bertsioak egiten dituela; aurretik, besteak beste, James Brawn eta Leonard Cohenen abeslarien omenaldietan parte hartu izan du. Baina disko honetarako abestiak bereziki landu dituela kontatu du, bere estilo pertsonala txertatzearen zailtasunak handiak izan direla. Bertsio originaletik aldentzerakoan lanak eduki dituela azaldu du; adibide moduan, Zu eta zugan Iñaki Eizmendiren abestia aipatu du.

Jazz apurtzailea

Abestiak sortzean Muguruzaren estilora moldatu direla adierazi du Azpirozek: «Hainbeste urtetan Muguruzarekin lan egin eta gero, abesti bakoitzean bere eremura bideratzeko gai ikusi dut nire burua. Kanten eta abeslariaren aukerak aztertu nituen horretarako». Jazz estiloaren aldeko apustua egin dute, bertsio «estandar» batetik urruntzeko asmoz. Melodia lasaiak dira nagusi, eta gitarra eta pianoak laguntzen dute abeslariaren ahotsa.

Disko osoa amaitua zutela, anaia Iñigo hil zela ekarri du gogora musikariak: «Nire anaia diskoa bidali baino egun bat arinago hil zen, eta azken momentuan berari eskaintzea pentsatu nuen». Eskaintza hori diskoaren lehenengo orrialdean ageri da: «Iñigo Muguruza in memorian. Paradisu zineman ikusiko gara, maitia». Fermin eta Iñigo Muguruzaren Hemenizango bazina kanta ere aukeratu du anaia zaharrenak disko-liburuan hamargarren kanta izateko.

60 urteetara helduta, gauzak beste modu batera ikusten dituela aitortu du Muguruzak: «Bi urte iraungo zuen proiektu honetan sartzeak esan nahi zuen ezin izango nuela nire sorkuntza propiorik egin tarte horretan; hori izan zen nire zalantzarik handiena, nahiz eta berehala eman nion proiektuari baietza».

Emetik hasten da

Bernardo Atxagak idatzi du disko-liburuko testua, ordenarik gabeko alfabeto batean oinarrituta. «Eme da Muguruza, Jabier», irakur daiteke hasieran. Eme letrarekin hasten baita idazleak propio sortutako alfabetoa. Testua sortzeko ere hizkiak izan ditu oinarri. Ez denak, Atxagak liburuxkan aitortu duenez: «Letra asko gelditu zaizkit aipatu gabe: esate baterako z, r, s eta w».

Diskoaren hamaseigarren kantuan Atxaga bera entzun daiteke testua irakurtzen, euskaraz. Kantu horren letra, euskaraz ez ezik, katalanez eta gaztelaniaz ere jasota dago liburuxkan.

Diseinu zaindua du disko-liburuak, kanta bakoitza ilustrazio batekin lagundu du diseinatzaileak. Amaieran, sortzaileen aurkezpenak egin dituzte, David Sagastaren zuri-beltzeko argazkiekin lagunduta. Muguruza: «Azkenaldian zuri-beltzeko argazkiak gustatzen zaizkit gehien».

Proiektua abiatu aurretik Barnasantseko jaialdikoek bi baldintza jarri zizkioten Muguruzari. Bata, disko-liburu bat izan behar zela, eta Atxagak idaztea «komenigarria» zela. Eta bestea, bi zuzeneko eman beharko zituztela. Datarik eman ez duten arren, zaleek 2020. urtera arte itxaron beharko dute abestiak agertoki gainean entzuteko. Bilbon eta Bartzelonan kontzertuak ziurtatuak dituzte, baina Irunen (Gipuzkoa) eta Palman (Balearrak, Herrialde Katalanak) jotzea gustatuko litzaiokeela aurreratu du musikariak.

Diskoaren azalean, maletak ageri dira. Taldekideak prest dituzte, hartu eta «izarretaraino heltzeko», diskoan esaten duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.