«Murrizketa handia espero dugu kultura aurrekontuetan». Beldur horrek bultzatuta, SOS Kultura plataformaren parte diren eragileek mobilizaziorako deia egin dute gaurko Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Diotenez, murrizketa horiek «heriotza epaia» izan daitezke kultura sarearentzat. «Kultura ez da huskeria, gutizia edo gure bizitzako bigarren mailako elementua: eskubidea, ondarea, lana, osasuna, identitatea, irizpidea eta gure gizartea eraikitzeko oinarria da». Egunotan egin dute publiko beren manifestua, eta 12:30ean egingo dituzte bilkurak. Zehazki, Bilboko Arriaga plazan, Donostiako Bulebarreko kioskoan, Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko Udaletxe plazan. Ez da egunotan egingo den protesta ekintza bakarra, ordea. Kupla plataformak biltzen dituen kultur eragileek ere kulturgintzaren hileta irudikatuko duen auto karabana bat antolatu dute Gasteizen, hilkutxa Eusko Jaurlaritzaren Lakuako eraikinaren aurrean uzteko.
SOS Kultura plataformakoek gaurko egindako deialdiaren arabera, protestak ez die alarma egoerak sortutako zailtasunei soilik erantzun nahi; «lehendik ere ezarrita zegoen prekaritatea» ere salatu nahi dute. Ez dute sentitzen erakunde publikoek kulturarentzat «benetako konponbiderik» eskaintzen dutenik. «Erakunde batzuek kulturaren aldeko apustua egiten dute, baina neurri eskasak, geldoak eta partzialak hartzen dituzte», eta, diotenez, horiek ez dira nahikoak «lan faltaren ondorioz diru sarrerarik gabe» dauden konpainientzat.
Josune Ilundain ilustratzailea SOS Kulturako kide da, eta, beste hainbat kiderekin batera, Nafarroako mobilizazioa antolatzen ibili da egunotan. Dioenez, Euskal Herriko kale arteen Artekale elkartearen inguruan dabilen sortzaile talde batek jarri zuen abian mugimendua, Bilbon, eta hedatuz joan da gero, Arabara, Gipuzkoara eta Nafarroara ere zabalduz. Horregatik egingo dira mobilizazioak lau hiriburu horietan. «Guztiok adostutako manifestua izango dugu Iruñeko mobilizazioaren oinarria ere, baina moldaketa gutxi batzuk eginda aurkeztuko dugu, gure errealitatea eta taldea osatzen dugunon aniztasuna islatzeko», azaldu du Ilundainek.
Hori izango da mobilizazioen patroia. Manifestu adostu bera irakurriko dute hiri guztietan, baina ekitaldia ezberdina izango da leku bakoitzean. Ilundainek azaldu duenez, adibidez, «antzezpen moduko bat» egingo dute Iruñean. Eta horregatik egin dute mobilizaziora aterki banarekin agertzeko deialdia. Antzokietako oihal bat irudikatzeko baliatuko dituzte euritako horiek, eta oholtza sinboliko horretan joango dira agertuz gero kulturgintzaren parte diren hainbat eragile: dantzariak, margolariak, aktoreak... Beraiek aurkeztuko dituzte manifestuko aldarrikapenak.
«Kulturaren hileta»
Lehen urratsa baino ez da mobilizazio hau, ordea, Ilundainen hitzetan. Elkartzen jarraitzea da plataformako kideen asmoa, eta adostutako manifestu hori pixkanaka-pixkanaka garatuz joatea. «Ez dugu elkar ezagutzen, eta ez dugu elkartzeko sarerik ere, eta hau izan daiteke horretarako abiapuntu bat».
Kupla plataformako kideek «hilzorian» ikusten dute kulturgintza. Teknikariak, enpresak zein artistak, sektorea osatzen duten kide guztiak batzeko asmoz sortu dute taldea asteotan, eta manifestu baten bidez jakinarazi dituzte euren eskaerak. «Immobilismoa» egozten diete erakundeei, eta, diotenez, ezer egin ezean, hilabete batzuen buruan «gaindiezina» izango da «hondamendia». Horregatik, beren burua eskaini diete erakundeei kulturaren berezitasunak kontuan hartuko dituzten neurriak planifikatzeko.
Hiru eskari jakin ere biltzen ditu manifestuak. Bat: zuzeneko ekitaldietarako segurtasun eta higiene protokolo zehatz bat sortzea. Bi: aurreikusitako jarduerak bideragarri egiten saiatzea. Eta hiru: sektore osoa hartuko duten salbuespeneko laguntzak martxan jartzea, «beste industria sektore batzuekin gertatzen den bezala». Eta hiru puntu horiek proposatu nahi dituzte bihar Gasteizen antzeztuko duten kulturaren hiletan. Hirira autoz doazenak 11:00etan elkartuko dira, Gobeo Hotelaren parean, eta zuzenean Lakuara joango direnak, 11:45etan. 12:00etan antzeztuko dute hileta han. Furgoneta batetik aterako dute «kultura hila», eta Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean utziko dute.
Hainbat mobilizazio egingo ditu kulturgintzak, gaur eta bihar
SOS Kultura plataformak gaur elkarretaratzeak egingo ditu Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eta Kupla plataformak, berriz, auto karabana batekin «kulturaren hileta» antzeztuko du bihar Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu