Etxe handi bat, zuhaitz artean ezkutatuta. Harrizko tximinia dotore bat egongela erdian, kristalezko kopak armairuetan, eta moketa beix biguna lurrean. Leihateen beste aldera, igerileku bat, hortentsiaz inguratuta. Eta, batera eta bestera, kamerariak, teknikariak, aktoreak, ekoizpen taldeko kideak... Imanol Rayo zinemagilea (Iruñea, 1984) eta haren lantaldea Irun (Gipuzkoa) inguruko etxe horretan ari ziren atzo Hil-kanpaiak pelikula filmatzeko lanetan. Ez da jakina zer-nolako pisua duten etxe horrek eta beste kokaleku batzuek narrazioan; misterioa airean utzi nahi du zuzendariak. Misterioz jositako istorioa baita sortzen ari dena. Baserri batean hezur batzuk agertu direla, hori du abiapuntuko misterioa. «Hobe ahalik eta gutxien esatea», zuzendariaren hitzetan, «oso film gorabeheratsua baita istorio aldetik, oso dosifikatua informazio aldetik».
2011n Bi anai filma zuzendu zuen Rayok, Bernardo Atxagaren izen bereko nobela oinarri zuena. Oraingoan ere, eleberri bat hartu du oinarri bere bigarren film luzea osatzeko, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil (2016, Elkar), nahiz eta istorioari aldaketa ugari egin dizkioten gidoian. «Nobelaren egitura egin zitzaidan interesgarria», azaldu du Rayok: «Oso egitura berezia du —oso eliptikoa da, oso zatikatua—, eta egitura horrek kualitate asko zituen ikuspuntu zinematografikotik begiratuta. Niri neuri asko interesatzen zait elipsia zineman, eta proiektuan sartzeko bide bat argi ikusi nuen hor». Istorioaren nondik norakoak ere interesatu zitzaizkion, baita horiek kontatzeko era «desorekatu, gorabeheratsu eta zatikatua» ere. «Kontatzeko era horrek ezaugarri oso bereziak ditu, eta, egiturari eutsiz baina gainontzeko guztia aldatuz, esentzian geratzen saiatu gara». Gorrotxategiren lana genero beltzekoa izateak ere erakarri zuen, euskal zineman ez baita genero ohikoena, zuzendariaren ustez.
Aurreko filmean Rayok berak idatzi zuen gidoia, baina Joanes Urkixok jardun du zeregin horretan oraingoan. «Niretzat, berria izan da lan egiteko modua, baina oso aberasgarria». Denen artean, pixkanaka, bila zebiltzan mundu hori sortuz joan ziren, azaldu duenez; eta ondoren joan da landuz filmaren estiloa , «formarekin zerikusi handiagoa duen» alderdia. «Filmak oso ikuspuntu konkretua izango du begirada aldetik; nolabait, begiraden pelikula bat da. Thriller bat baino gehiago, beltza da. Eta genero beltzaren barnean, esan dezakegu istorio beltza ere badela; pertsonaiek tragedia baten barnean biziko balira bezala jokatzen dute. Uste dut elementu ezberdinak ditugula, eta generoa ere porotsua bihurtzen dela; ez da genero soil-soila: tragediak ere parte handia du. Labur esanda, mendeku hotz baten istorioa dela esan genezake».
Iraganeko zauriak
Misterioaren haria ez dute askatu nahi izan Itziar Ituñok eta Eneko Sagardoik ere, baina beren pertsonaien zenbait gako eman dituzte. Ama-semeak dira filmean. Ituño: «Gaztea zenetik asko sufritu duen emakume bat da Karmen, eta sufritzen jarraitzen du. Bere bizitza ez da batere erraza izan, eta emakume gogorra da kanpotik, baina barruan bonba bat duelako».
Sagardoik, berriz, bi rol jokatu ditu: «Nagusia Nestor da, Karmen eta Ferminen semea. Eta Nestorren tragedia handia izan da gaztetan bere anaia bikia galdu zuela; hil egin zuten, eta zauri horrekin hazi da». Baserriko «giro hotza» gehitu behar zaio horri, aktorearen hitzetan. «Amarekin ez dauka ia batere komunikaziorik; aitarekin zertxobait gehiago, baina oso giro hotza da». Hasieran, baserrian hezurrak agertzearekin, «Nestorri eta pertsonaia guztiei ezinbestean iragana mugitzen» hasiko zaiela azaldu du, eta «horri aurre egitera» eramango dituela egoerak. Aitorren rola ere jokatzen du Sagardoik, gazte garaian agertzen den beste anaiarena; «Nestorrekin alderatuta, askoz ere pertsona inpultsiboagoa da, arriskatuagoa, burubakoagoa, baina amaren kutuna, igual horretan antza dutelako».
Hain zuzen, istorioak denboran atzera egiten duenean pertsonaia berak gazteagoak direnean antzezten dituzte biek. «Erronketariko bat izan da, karakterizaziotik gure lanera», Sagardoiren hitzetan. Iragana eta oraina ildo narratibo berean mantendu ditu zuzendariak, aktoreen esanetan. Eta ez da sumatu duten berezitasun bakarra, haren lan egiteko moduan ere igarri baitute berritasunik. Ituño: «Entsegu asko egin ditugu, baina Imanolek lan egiteko modu berezia dauka, eta askatasun handia utzi digu pertsonaiak nork bere kabuz lantzeko, motibazioak bilatzeko, ze emozio diren motor... Bera oso zorrotza da planoekin, keinuekin, ahotsaren doinuarekin... baina pertsonaiak zer sentitzen duen ez digu esaten; hori guri uzten digu. Niretzat oso gauza berria izan da, baina ikusten gabiltza oso gauza indartsuak ateratzen ari direla».
Dena zatika filmatzen ari direla nabarmendu dute. «Emaitza oraindik inkognita bat den pelikula horietako bat da, baina hori polita ere bada», Sagardoik. Eta Rayok «zigilu propioa» duela ere azpimarratu dute. Ituño: «Autorea da, badu bere gustua, badaki zelan kontatu gura duen, eta zein den hizkuntza audiobisuala; eta hori oso gutxitan topatzen duzu».
Yon Gonzalez eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak ere etxe berean zebiltzan atzo, filmaketarako prest. Oso bestelako pertsonaiak dira haienak. «Ezpeleta da nire pertsonaia, ertzain oso profesionala dena eta buru-belarri ikerketan sartuta dabilena», azaldu du Urretabizkaiak. Gonzalezek Kortazar ertzainarena egingo du. «Nire pertsonaiak lotura emozional bat du beste istorioaren barruan. Beraz, gu bion artetik bera da profesionala, eta ni, berriz, inpultsiboagoa, irrazionalagoa. Horretan, beste pertsonaiak nirea laguntzen eta kontrolatzen du».
Taldeak hiru aste daramatza filmatzen, eta beste horrenbeste falta dute amaitzeko. Beran (Nafarroa), Hondarribian eta Hernanin (Gipuzkoa) izan dira orain arte, besteak beste, eta Bidasoa inguruetan ibiliko dira asteotan.
Filmean istorioa non kokatzen den, aldiz, ez da zehazten; Euskal Herriko edozein leku izan daiteke. Rayo: «Euskal munduan, inguru zabal batean girotuta dago, non nukleo handi bat dagoen, eta baserri mundua inguruan. Espazio horiek mantentzen saiatu gara, eta, filmaren formaren bidez, zati horiek, leku horiek filmean horrela agertzen, nukleoetan. Ikusleak irudi orokor bat ez izatea interesatzen zait, baizik eta nork bere ikuspuntuarekin bateratzea eta, istorioaren egiturarekin batera, espazioaren ideia bat egitea».
[youtube]https://youtu.be/6XLzGywkDV8[/youtube]
Misterio bat filmatzen
Imanol Rayo zinemagilea 'Hil-kanpaiak' filmatzen ari da, Miren Gorrotxategiren '33 ezkil' nobela oinarri hartuta. Genero beltza eta tragedia uztartzen ditu filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu