Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak salbuespen egoera ezarri du herrialde osoan dekretu bidez. Neurri horrekin, erantzun sendo bat eman nahi izan dio bezperan gertatutakoari. Errusiak Ukrainako armadako hiru itsasontzi antzeman zituen igandean Itsaso Beltzean. Krimeatik gertu antzeman zituen ontziak, eta horrek bi herrialdeen arteko tentsioa areagotu du. Krimea Ukrainako errepublika autonomoa izan zen, harik eta 2014ko martxoan errepublika aldarrikatu eta Errusiarekin bat egin zuen arte. Gaur egun, Krimeako Barruti Federala Errusiaren parte bat da.
Presidenteak sinatutako agiriak zehazten du neurria urtarrilaren 25era arte egongo dela indarrean. Parlamentuak oneritzia eman zion dekretuari, 276 diputaturen babesarekin. Neurria astelehenean sartuko da indarrean.
Poroxenkok Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiarekin mintzatu ostean hartu zuen dekretua sinatzeko erabakia. Stoltenbergek berak jakinarazi zuen neurriak ez dakarrela giza eskubideen eta askatasunen murrizketa; besteak beste, dekretuak ez duelako biltzen armada mobilizatzea.
Aleksandr Turxinov Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseiluko idazkariak jakinarazi zuen dekretuaren asmoa balizko «eraso militarra» saihestea zela. Pavlo Klimkin Atzerri ministroa, berriz, irmoagoa eta zehatzagoa izan zen, eta bezperan gertatutakoa «erasotzat» jo zuen: «Ukraina auziari irtenbide baketsua ematen saiatuko da, baina, zalantzarik gabe, autodefentsarako eskubidea dauka». Kieven arabera, itsasontziak ur neutraletan zeudenean antzeman zituzten, berriz ere porturatzeko bidea hartu zutenean—Odesako portutik atera ziren itsasontziak—.
Moskuren bertsioa oso bestelakoa da. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren hitzetan, «probokazio hutsa» izan zen ontziak euren uretan sartzea. Errusiak Kertxeko itsasartea itxi egin zuen, eta aitortu egin du itsasontzien kontra sua hasi zuela. Azoveko itsasoan sartu nahi izana egotzi dio Moskuk Kievi.
Auzi honek, dena den, agerian utzi du itxi gabeko gatazka bat dela Krimeakoa. Errusiak aste eskas batzuetan egindako operazio politiko-militar baten bidez bereganatu zuen Krimea. Ukrainako nazionalistek gobernua indarrez hartu zuten orduan —errusiar etniakoak dira errepublikako biztanle gehienak—, eta nazioarteak ez zuen ontzat jo anexioa. AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak zigor diplomatikoak eta ekonomikoak ezarri zizkioten Errusiari.
NATOren erantzuna
Asteburuko auziak, alde horretatik, nazioartearen kritika zorrotza eragin du. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak «indarra baliatu» izana leporatu zion Moskuri. NATOk, berriz, premiazko bilera egin zuen atzo krisiari irtenbidea bilatze aldera, eta ondorioztatu zuen erasoa «justifikaezina» zela. Ontziak eta eskifaiako kideak berehala askatzeko eskatu zion Moskuri. NBEko Segurtasun Kontseilua ere premiazko bilera egitekoa zen bart.
Ukrainak salbuespen egoera ezarri du Errusiaren balizko «eraso militarra» saihesteko
Moskuk Kieveko hiru itsasontzi atzeman ostean piztu da bi herrialdeen arteko tentsioa. Auziak agerian utzi du Krimeako gatazka konpondu gabe dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu