Aurrerako bide propioa

Aizkolariek agerraldi bateratua egin dute, federazioarekin ez daudela ados azaltzeko. Besteak beste, beren txapelketak jokatuko dituzte, urrian eta azaroan

Aizkolariak, atzo, Diman egin zuten agerraldian. Kezkatuta mintzatu ziren egungo egoerarekin. RAUL BOGAJO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Batasun irudi sendoa eskaini zuten atzo Dimako (Bizkaia) Garena jatetxe atarian bildu ziren aizkolariek. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak aletu eta aurrerantzean egingo dituzten urratsak jakinarazi zituzten lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik. Azken urteetan, eta, bereziki, azken hilabeteetan gertatutakoak azaldu eta epe laburrean dituzten asmoak jakinarazi zituzten.



Euskal Herriko txapela bost aldiz jantzi duen Aitzol Atutxak eta Iker Vicente egungo txapeldunak egin zituzten bozeramaile lanak: «Euskal Herriko herri kirol federazioarekin bilera ugari izan ditugu azken urteetan, baina haietan sentitutako deserosotasunak gero eta indar handiagoa hartu du». Besteak beste, «hitzemandakoak» ez direla bete salatu dute lehenengo mailako hamabi aizkolariek.

Joan zen ekainaren 29an federazioak Euskal Herriko txapelketak ez antolatzeko erabakia ezagutarazi eta gero, erakundean dagoen «utzikeriaz ohartu» ziren kirolariak. Azaldu dutenez, haietako askok «prentsaren bidez» jakin zuten erabakiaren berri, «txapelketak jokatzeko urte erdi baten faltan».

Beren bide propioa jorratzea erabaki zuten orduan: «Jakin eta berehala, gure artean zerbait egitea erabaki genuen. Federazioarekin harremanetan jarri, eta orain arte sarritan eskainitakoa eskaini genien berriz ere: hau da, txapelketa guk geuk antolatzea. Ezezko borobila jaso genuen».

Horiek horrela, beren aldetik lehiaketa bat prestatzea erabaki dute aizkolariek; bi jardunaldi izango ditu: urriaren 25ean jokatuko dute kanporaketa, Zestoan (Gipuzkoa), eta azaroaren azken asteburuan Iruñean jokatuko dute finala. Lehia federatiboaren molde bereko txapelketa izango da.

Aitzitik, abuztuaren 20an beste ohar bat kaleratu zuen federazioak, txapelketak jokatuko zirela iragartzeko: «Egoera horren aurrean aizkolariok bi txapelketa 'berdin' ditugu aurrez aurre. Erabaki beharra zegoen, biak aurrera atera, biak bertan behera utzi edota bietako bat aukeratu».

Azkenaren aldeko hautua egin dute, eta esan dute federazioak antolatutako txapelketetara ez direla joango. Azken hiru hamarkadetan jazotakoari errepasoa egin diote: «Bide bat badakigu nora zihoan, 30 urteko esperientzia daukagu atzera begiratu ahal izateko, eta argi eta garbi okerrera besterik ez du egin bide horrek». Agerraldiarekin bat egin zuten bigarren mailako zortzi aizkolariek ere beren kabuz jokatuko dute lehiaketa, oraindik data eta lekua ezartzeke dituzten arren. Eloy Corcherok eta Julen Larreak hitz egin zuten haien izenean.

Haiek abuztu amaieran jakin zuten txapelketak «hilabete eskasean» jokatuko zirela. «Zenbait arau haustez» ohartuta elkartzen hasi ziren orduan, eta federazioek ere egin zieten batzartzeko deia: «Irailaren 9an deitu ziguten lau ordezkariri. Bertan, bi ordu eta erdiko eztabaidaren ondoren, proposamen bakarra jaso genuen, hau ere arautegia errespetatzen ez zuena, eta erantzuteko eguna jarri ziguten».

Aizkolariek esan dute proposamen hori lantzeko bitartekari bat jarri zuela federazioak: «Printzipioz, proposamena gure taldeko ordezkariari pasatu behar zion guk denon artean ebazteko, baina bere kabuz dei pertsonalak egin zituen bozketa txapelketa jokatzearen alde ateratzeko». Errespetu falta, komenentziaz arauak aldatzea eta lehen mailakoen txapelketa bertan behera uzteko «erabili izana» sentitu dutela azaldu dute.

«Elkarte baten beharra»

Egoera horretan, «elkarte bat sortzeko beharraz» jabetu dira lehen eta bigarren mailako aizkolariak: «Guztion interesak defendatuko dituena eta etorkizunean txapelketak antolatzeko ekimena izango duena».

Izan ere, bat egindako aizkolariek azpimarratu dute txapelketaren antolaketatik harago doazela aizkolariak federazioarekin dituzten desadostasunak, eta adierazi dute haiek azken urteetan eskatutakoak ez direla bete.

Zenbait adibide plazaratu dituzte. Besteak beste, webgunea ez eguneratzea, sare sozialik «ikusi nahi ez izatea», zabalkunde antzua, aurrerapausorik eza, eta dieten nahiz diru sarien murriztea azpimarratu dituzte.

Muga bat gainditu dela uste dutenez, aurrerako urratsa egitea erabaki dute aizkolariek. «Zer pentsatua» eman dieten garaiak bizitzen ari dira, eta elkar hartuta aritzearen alde mintzatu dira: «Etorkizuna izango da gertatzen denaren testigu. Kanpoko laguntza behar-beharrezkoa izango dugu, eta herri kirola eta aizkolaritzaren etorkizuna bermatzeko prest dagoen edonoren laguntza eskatzen dugu, Erakunde publiko, pribatu nahiz pertsona fisiko izan». Haiek egin dute aurrerako bidean segitzeko lehendabiziko urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.