Preso independentistei indultua ematearen aurka agertu da Gorena

Auzitegiak argudiatu du ez dutela «damurik» adierazi. Azken hitza Espainiako Gobernuak du, eta ez du «lege testuingurua soilik» aztertuko. Kataluniako alderdi subiranistek amnistia exijitu dute

Lledonersen preso dauden zazpi buruzagi independentistak, espetxetik irteten, urtarrilean. SUSANNA SAEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako presidente Pedro Sanchezek badu Auzitegi Gorenaren erantzuna: Kataluniako buruzagi politikoak espetxeratu zituen auzitegia haiei indultua ematearen aurka agertu da, aurrez fiskaltzak egin bezala. Gorenaren txostenak adierazten du auzitegia hamabi presoei edonolako indulturik ematearen aurka dagoela, izan horiek osoak edo partzialak, argudiatuta, besteak beste, ez dutela «damurik» adierazi —1870eko Indultuen Legeak ez du halako baldintzarik jasotzen—: «Ez da kaltetutako ordena juridikoarekin berriz bat egiteko nahirik ikusi». Kontrara, presoek «bizikidetza demokratikoaren oinarrien aurkako erasoak berriro egiteko asmoa» azaldu dute, nabarmendu duenez. Halere, erabakia ez da loteslea, eta azken hitza Espainiako Gobernuak izango du.

Auzitegi Gorenak kritikatu egin du buruzagi independentistek euren burua «preso politiko» gisa kalifikatu izana, «ordena konstituzionala alde bakarretik asaldatzera bideratutako» mobilizazio baten gidari gisa agertu beharrean. Bigarren Salako presidente Manuel Marchena epaileak —presoen aurkako auzia gidatu zuen bera— azaldu du horrek, gainera, eskaera egiteko erabilitako edozein argudio ezerezean uzten duela. Nabarmendu du ez dagoela halako neurri bat hartzea justifikatzen duen «ekitate, justizia eta onura publikorako arrazoirik», eta 2019an auzitegiak jarritako zigorrek —bederatzi eta hamahiru urte artekoak— ez dituztela «proportzionaltasun printzipioak urratzen».

Orain arte, gutxienez zazpi indultu eskaera aurkeztu dituzte Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia; Dolors Bassa, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Santi Vila, Meritxel Borras eta Carles Mundo kontseilari ohiak; Kataluniako Parlamentuko presidente ohi Carme Forcadell; eta Omnium Culturaleko buru Jordi Cuixart eta ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidente ohi Jordi Sanchez askatzeko. Auzitegiaren esanetan, hirugarrenek eginiko indultu eskaera horietan figura juridiko horren «erabilera oker bat» egin da, erantzukizun penal kolektibo bat ezarri eta Espainiako Gobernuak ebazpen judizial bat moldatzea bilatzen baitute.

Era berean, Cuixartek bere indultu eskaera babesteko aurkeztutako alegazioetan eginiko amnistia eskaerari ere erantzun dio, esanez figura juridiko hori «erregimen diktatorialek pertsonen eta oinarrizko eskubideen aurka egindako delitu oso larriak ezabatzeko» erabili izan dela. Beraz, auzitegiak ondorioztatu du espetxe zigorrek «euren helburuak bete arte» egon behar dutela indarrean.

Hitzak hitz, azken erabakia Espainiako Gobernuarena izango da, Justizia Ministerioak Ministroen Kontseiluan aurkeztu beharko duen txostenean oinarrituta. Hala nabarmendu du Garraio ministro eta PSOEko Antolaketa idazkari Jose Luis Abalosek. Herenegun Sanchezek esanikoak gogoan hartuta, azaldu du «adiskidetasun espirituan» eta «mendekurik ezean» oinarritutako erabaki bat izango dela: «Ez da lege testuingurua soilik hartuko kontuan, baita bakean elkarrekin bizitzeko nahia ere». Halere, ez dute kasuak aztertzeko datarik zehaztu.

Halakorik iritsiz gero, PP Alderdi Popularrak, Voxek eta Ciudadanosek adierazi dute indultuen aurkako helegiteak aurkeztuko dituztela, Espainiako alderdi batek sekula egin ez duena. PPko presidente Pablo Casadok esan du Gorenaren argudioak «sendoak» direla, eta, kontra eginez gero, gobernuak Espainia «legez kanpo» utziko lukeela. Voxeko bozeramaile Ivan Espinosa de los Monterosek ere «lege iruzurra» aipatu du, eta gehitu eskuin muturreko alderdiak«behar den guztia» egingo duela halakorik eragozteko. Azkenik, Ciudadanoseko buru Ines Arrimadasen esanetan, «kolpistei» indultua ematea «doilorkeria» hutsa litzateke.

Elkarrizketa garaia

Oso bestelako jarrera erakutsi du UP Unidas Podemosek, eta adierazi indultuek gobernuen arteko elkarrizketa indartuko luketela. «Ezin diogu elkarrizketa mahaiari hasiera eman beste aldea espetxean badago», arrazoitu du UPek Kongresuan duen bozeramaile Jaume Asensek. En Comu Podemeko eledun Jessica Albiachek ere uste du presoak askatzea lehen pauso bat izango litzatekeela, «epaileen gobernuari» amaiera eman eta «elkarrizketaren etapa berri bati» bide emateko.

Alderdi independentistek pauso bat gehiago emateko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Lehen gobernu bileraren ostean, Kataluniako presidente eta ERCko idazkari nagusi Pere Aragonesek adierazi du «amnistia eta autodeterminazioa» direla bidea, Gorenaren «independentismoaren aurkako bide errepresiboaren» aurrean. Halere, indultuei erreferentzia eginez, presidente izendatu berriak gehitu du Kataluniako Gobernua ez dela «mina arindu» dezaketen erabakien aurka agertuko. Hala, datozen egunetan Sanchezekin bilduko dela nabarmendu du, «gatazka politikoari» konponbide bat bilatzeko asmoz.

Bide beretik, JxCko bozeramaile Elsa Artadik azaldu du indultuak «ospatuko» lituzkeela, baina benetako konponbide bakarra preso eta erbesteratuentzako amnistia dela. Hala uste du CUPek ere. Alderdiko diputatu Mireia Vehik, gainera, gogor jo du Gorenaren «interpretazio ultrakontserbadorearen» kontra, argudiatuta «espainiar nazionalismo egoskorrena» eta «eskuin muturraren argudioak» irudikatzen dituela txostenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.