Garbitzaileek eskatu dute lan baldintzak eta soldatak parekatzeko

Administrazioari esku hartzeko eskatu diote, «erantzukizun zuzena» duelakoan. EHUren kritikei erantzun diete: «Ez gara bandaloak». Ikastegiak garbitzeko ikasleak erabiltzen ari direla salatu dute

RAUL BOGAJO / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Bost asteko lanuztea hasi zuten astelehenean Euskal Herriko Unibertsitateko eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako garbitzaile azpikontratatuek. Laugarren greba eguna baliatu zuten protesta bateratua egiteko, atzo, Gasteizen. Lan baldintzak hobetzearen aldeko aldarria zabaldu zuten mobilizazioan, eta eskatu zuten lan kargak eta soldatak parekatzeko unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak zuzenean kontratatutako garbitzaileek dituztenekin. Bost urtez ari dira hitzarmena berritu nahian, baina, langileen hitzetan, patronalak ez du horretarako borondaterik. Ikasle talde batzuk ere batu zitzaizkien protestara.

Unibertsitatean hasi zuten manifestazioa, eta Emakunderen egoitzan amaitu. Administrazioari dagokion ardura gogorarazi nahi izan zioten horrela langileek. Izan ere, adierazi zuten arduradun politikoek «erantzukizun zuzena» dutela auzian, eta ez dela nahikoa Martxoaren 8aren harira berdintasunaren aldeko mezuak igortzea bere eskumenekoak diren eraikinetan errealitatea bestelakoa denean. «Martxoaren 8a egun garrantzitsua da emakume langile guztiontzat, baina egun hori beren irudia zuritzeko erabiltzen dute politikari askok. Ez diegu utziko; planto egingo dugu prekaritate egoera diru publikoz finantzatzen delako, diru publikoz hornitzen delako, eta egoera jasanezina delako», esan zuen Ane Alberdi Legorburuk, ELAko ordezkariak.

Langileak kexu dira lan baldintzekin. Salatu zuten Hezkuntza Sailak zuzenean kontratatutako garbitzaileek baino 2.200 euro gutxiago kobratzen dituztela urtean, eta haien aldean eremu zabalagoak garbitzen dituztela egunero. «Hezkuntza Sailarekin kontratua duten garbitzaileek 1.240 metro koadro garbitzen dituzte egunero; azpikontratatuek, berriz, 2.500 eta 2.800 artean; hau da, bikoitza». Gogorarazi zuten, halaber, azpikontratatutako langileen %40k lanaldi partzialak dituztela, eta soldatak ere partzialak direla.

Era berean, Alberdik esan zuen lan karga horren ondorioz gaixoaldi asko izaten direla sektorean, baina salatu zuen ez direla «lanaren ondoriozkoak» kontsideratzen, «gaixoaldi arrunt» baizik. «Sektore prekarizatuenetan eta feminizatuenetan inoiz ez dira lan gaixotasun moduan kontatzen lan kargak eragindakoak».

«Ez gara bandaloak»

Egunetik egunera zikinkeria agerikoagoa da EHUko campusetako eraikinetan, eta zenbait albo kalte ere eragin ditu horrek. Alberdiren arabera, greba izaten ari den erantzun handiaren ondorio da hori. Izan ere, gogorarazi zuen garbitzaileen lana «soilik» zerbitzu minimoak daudenean nabarmentzen dela. «Garbitzaileen lana derrigorrezkoa da EHUko eta Hezkuntzako eraikinak egunero normaltasunez ireki ahal izateko, eta horri ez diote baliorik ematen, ez enpresa pribatuek, ez eta sektore publikoak ere».

Hain zuzen, kexu azaldu zen unibertsitatea garbitzaileen protesta moduarekin. Grebaren lehen egunetan izandako «ekintza bandalikoak» salatu zituen erakundeak. Izan ere, EHUk salatu zuenez, Arabako eta Bizkaiko campusetan zakarra eraikinetako sarreretan, atondoetan eta eskaileretan bota zuten, eta «pertsonen osasuna eta osotasuna arriskuan» jarri zuten horren ondorioz. Leioa-Erandio (Bizkaia) eremuan grebarekin bat egin ez zuten garbiketako langileen eta piketeen artean izaniko «istilu larriak» ere gaitzetsi zituen ohar bidez.

Salaketa horri erantzun zioten langileek atzo: «Ez gara bandaloak», azpimarratu zuen Alberdik. «Egunero pilatzen den zikinkeria garbitzen dugu guk egunero. Gure lana egiteari utzi diogu, eta horregatik daude zikin eraikinak». Horrez gainera, salatu zuten bai EHUko eta bai Hezkuntzako arduradunek ikasle taldeak antolatu dituztela garbiketa lanak egiteko: «Hori ez da legezkoa». Langileek adierazi zuten horrek beren greba eskubidea urratzen duela, «ez dagokien lana» egiten ari direlako. «Onartezina da unibertsitateko arduradunek halakorik onartzea».

Aldarrikapenak aintzat hartu ezean protestarekin aurrera jarraituko dutela esan zuen Alberdik: «Indartsu gaude, eta aurrera jarraituko dugu». Hala ere, langileek adierazi zuten prest daudela patronalarekin «behar den guztietan» esertzeko.

[YouTube]https://youtu.be/8avI008Jt6s[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.