Renaultek ongi hartu du bat egiteko Fiat Chryslerrek egindako eskaera

Italiako eta AEBetako enpresak uste du autoen elektrifikazio prozesuan inbertsioak partekatu behar direla. Renaulten akziodun nagusia, Frantziako Estatua, ez dago aurka, baina bermeak nahi ditu

Fiat Chrysler Automobiles (FCA) enpresaren logoa, Chryslerren egoitza nagusian, Auburn Hillsen. RENA LAVERTY / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Frantzian aurkitu du ezkontidea Fiat Chryslerrek (FCA). Beste autogile batzuek ezezkoa eman ondoren, Renaultek ontzat hartu du autogile italiar-estatubatuarrarekin bat egiteko proposamen «interesgarria». Fusioak aurrera eginez gero, konpainia berriaren %50 izango lukete Renaultek eta FCAk. Ez da espero Nissan eta Mitsubishi taldean sartzea, gaur egun biak Renaulten aliatuak diren arren.

Urteak daramatza FCAk beste autogileei ate joka. Izan ere, Sergio Marchionne FCAko buru zenak argi zuen autogileek derrigorrez neurria handitu behar dutela, elektrifikazioak eta gidaririk gabeko autoen teknologiak inbertsio oso garestiak eskatzen dituztelako. Marchionne iaz hil zen, baina haren planekin jarraitu dute Mike Manley FCAko buruak eta enpresaren akziodun nagusiak, Agnelli familiak (%29).

Auto elektrikoetan nabarmen aurreratuago doa Renault —Zoe modeloa auto elektriko salduena da Europan—, eta oso urrats txikiak egin ditu FCAk. Azken horrek, ordea, baditu bi abantaila. Batetik, SVUetan eta noranahikoetan oso indartsua da, Jeep eta Ram marken bitartez, eta horiek dira gaur egun arrakasta handien duten ibilgailuak. Bestetik, Renaultek ez duen zerbait badu: Ipar Ameriketako merkatu erraldoiaren zati handi bat. Renaultek, Europan ez ezik, Hego Amerikan ere badu presentzia.

Nissan, hirugarrena

FCAren eta Renaulten arteko bat egiteak munduko autogile handienetan hirugarrena sortuko luke, VW taldearen eta Toyotaren ondoren. Iaz, bien artean, 8,7 milioi auto saldu zituzten, 170.000 milioi euroren salmentak egin eta 8.000 milioi irabazi. Baten eta bestearen indarguneak eta ahulguneak osagarriak diren aldetik, bat egiteak fabriken itxierarik ekarriko ez lukeela uste du FCAk. 5.000 milioi euroren aurrezkiak espero ditu, baina materialen erosketa eta inbertsioak partekatuz lortu nahi du kopuru hori.

FCAren eta Renaulten arteko balizko ezkontzak badu hirugarren aktor bat: Nissan. Azken hogei urteetan Renaulten aliatu izan da Nissan, eta teknologia partekatzen dute zenbait proiektutan. Bihar da biltzekoa Renaulten eta Nissanen arteko aliantzaren kontseilua, eta hor ikus daiteke zer moduz hartu duten japoniarrek italiar-estatubatuarren mugimendua. Apirilean, Renaulten bat-egite proposamena baztertu zuen Nissanek, eta berriro azalaratu zen Carlos Ghosnen atxiloketak agerian utzitako bi enpresen arteko tentsioa. Renaulten eta Nissanen arteko aliantzaren bultzatzailea izan zen Ghosn, eta bat egiteko planak zituela atxilotu zuten Tokion, Nissanen dirua desbideratzeaz akusatuta.

FCA-Renault bat egiteak babes politikoa ere beharko du, Frantziako Estatua baita Renaulteko akziodun nagusia (%15). Parisko gobernuak ziurtatu du ez duela orain arteko negoziazioetan parte hartu, baina ez dagoela bat egitearen aurka, «Europak industria erraldoiak behar dituelako». Baina, babesa eman aurretik zenbait berme eskatu ditu, hala nola milaka kaleratze edo lantokien lekutzea ez eragitea, eta auzitan ez jartzea Nissanekiko batasuna.

Japoniarren uzkurtasuna desagertze aldera, Fiatek proposatu du enpresa berriaren administrazio kontseiluan leku bat gordetzea Nissani, eta launa izatea berak eta Renaultek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.