gorka erostarbe leunda
Literaturaren Nobel saria, 2016. Bob Dylan

Musikari, hitzen lustrea

2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Aldaketa aroa iragarri zuen 1960ko hamarraldiaren hasiera urrun hartan. Gauzak ez ziren askorik aldatu gerora; egun ere aldaketa aro betean gaudela diotenak asko dira. Akaso, Literaturako Nobel sarietara iritsi da aldaketa aroa, ordea. Iazkoa Svetlana Alexijevitx idazle eta kazetari bielorrusiarrari eman zioten, haren kronika eta erreportajeak nabarmenduz. Aurtengoa, berriz, Bob Dylan musikariari eman diote, «AEBetako kantu tradizio handian adierazpide poetiko berriak txertatzeagatik». Urte askoan faboritoen kinielan sartzen zuten aditu eta apustu etxeek. Aurten eman diote saria, haren izena hainbeste aipatzen ez zela. 1993an eman zioten azkenengoz AEBetako bati saria: Toni Morrisoni. Zenbait esaten hasia zegoen iritsia zela garaia berriro AEBetako egile bati emateko. Milioi bat dolar inguru eskuratuko ditu Dylanek abenduan, garaikurra jasotzearekin batera.

Saria Dylanentzat zela zabaldu orduko —atzo 13:00etan jakinarazi zuen Suediako Akademiako Sara Danius idazkariak— azaldu ziren aldeko eta kontrako erreakzioak. Dylanek badu dimentsio popular eta sozial bat, literaturako Nobel saridun askok izaten ez dutena, eta horrek areagotu zuen bateko zein bestekoen iritzi uholdea. Dylanen zaleak gustura ziren; asko ziren, halaber, literatura sari bat musikari bati eman izana ezbaian jarri zutenak.

Ika-mikak ohikoak izaten dira halakoetan. Inor gutxik zalantzan jartzen duena da Dylanek eragin izugarria izan duela Mendebaldeko herri kulturan; 1960ko hamarraldiaren hastapenetan, munduan eraldatze gogo bat pizten ari zenean, kantagintza anglosaxoia bera eraldatu zuena, belaunaldi antibelizista eta iraultzaile baten kultur ikur bilakatzeraino. Eta arnasberritze hori, musikari garrantzia kendu gabe ere, hitzen bitartez hezurmamitu zuena. Bruce Springsteenek esana da; «Elvis Presleyk gorputza askatu zigun, eta Bob Dylanek, burua. Rockari sakontasun intelektual bat eman zion».

Robert Allen Zimmerman 1941eko maiatzaren 24an jaio zen Duluth herrian (Minnesota, AEB), merkatari judu batzuen familian. Minneapolisko Unibertsitateko ikasketak alboratu zituen folk kantari gisa bidea egiten hasteko, eta 1961ean New Yorkeko Greenwich Villagera joan zen bizitzera, hango taberna eta klubetan kantatzen hasteko. Han ezagutu zuen Woody Guthrie kantugile eta idolo zuena. Izen artistikoa erabat finkatzeko zalantzak izan zituen, nahiz eta lehenagotik bazekien Dylan Thomas poeta galesaren izena aldez edo moldez erabiliko zuela, haren poesiaren irakurle eta zalea baitzen. Hastapenetan zen oraindik, baina kazetari batek izen artistikoaz galdetu eta ia modu automatikoan atera omen zitzaion erantzuna: Bob Dylan.

New Yorken, Bob Johnton ekoizleak ikusi, etaColumbia Records zigilurako fitxatu zuen. 1962an kaleratu zuen estreinakoa, bere izen bera zeramana. The Freewheelin Bob Dylan bigarrenak (1963) Blowin' in the Wind sonatua zekarren, belaunaldi oso baten ereserki bihurtu eta oraindik ere musikazale askoren memorian itsatsirik dagoena. 1960ko hamarraldia izan zuen sorkuntza garairik oparoena, bere marka hitz larritan idatzirik utzi zuena. Woody Guthrie, Robert Johnson, Hank Williams eta Pete Seegerren kantu moldeetatik abiatutako estiloa garatu zuen lehen urteetan, eta, apurka, teknika liriko geroz eta sofistikatuagoak erantsi zizkion folk kantagintza anglosaxoiari. Hamarkadaren hasierako folk hari «literatura eta poesia klasikoaren intelektualismoa txertatu zizkion», adituen esanetan. Paul Simon musikariak esan izan du folk generoa erabat bere esparrura eraman zuela Dylanek: «Lehen kantu haiek oso aberatsak eta sendoak ziren; melodia oso indartsuak zituzten: esaterako, Blowin' in the Wind-ek. Garai batez, hark definitu zuen folk generoa, eta haren figura handiagotu egin zen».

Folk musikatik rockera igaro zenean —1965eko Newport Folk Festivalen gitarra elektrikoa hartu zuen—, are musika eta egitura konplexuagoak landu zituen. Kritikari askoren esanetan, Dylanen ekarpenik handiena 1960ko hamarkadaren erdialdean egindako «sintesi kulturala» izan zen, Bringing It All back Home (1965), Highway 61 Revisited (1965) eta Blonde on Blonde (1966) trilogian mamitua. Mike Marqusee idazle, kazetari eta aktibista politiko ingelesak honela definitu zuen Dylanen garai hura: «1964ko uda amaierarik 1966ko udara, Dylanek oraindik ere bakana den obra bat sortu zuen. Folka, bluesa, countrya, rhythm & bluesa, rock-and-rolla, gospela, beat britainiarra, poesia sinbolista, modernista, surrealismoa eta dadaismoa oinarritzat harturik, eta hizkera soziala, Fellini eta MadMagazine aldizkaria aldarrikatuz, ahots eta ikuspegi artistiko koherente eta original bat garatu zuen. Disko haien edertasunak zirrara eragiteko eta bihotza alaitzeko ahalmena du oraindik».

Dylan eta literatura

Askok esan dute Dylanek txertatu zuela literatura rockean. Berak ere badu iritzia literaturaren eta kantuaren harremanaz: «Kanta dezakedan edozer gauzari kantu esaten diot. Kanta ez nezakeen edozer gauzari poema esaten diot. Kanta ez nezakeen eta poema izateko luzeegia den edozer gauzari nobela esaten diot». Dylanen kantuetako hitzek hartu izan duten oihartzun eta pisu literarioaren ondorioz, literatur kritikariek geroz eta arreta handiagoa jarri izan diote bere ibilbidean. Christopher Ricks irakasle eta kritikari ingelesak 500 bat orriko lana egin zuen Dylanen hitzak aztertuta, eta, besteak beste, T. S. Eliot, John Keats eta Alfred Tennysonen testuinguruan sartu zuen haren lana. Andrew Motion poetak esan izan du Dylanen kantuak eskolan irakatsi behar lituzketela, eta Nicanor Parra poeta txiletarrak—102 urte egin ditu iragan irailean— 2000. urtean esan zuen pozten zela Dylan saria lortzeko hautagaien artean egoteaz. «Hark idatzitako hiru bertso lerro nahikoa dira sari hori eman diezaioten». Highway 61 Revisited diskoko Just Like Tom Thumb's Blues kantuko lerroez ari zen Parra. «My father is in the factory and he has no shoes / my mother is in the alley looking for food/ and I'm in the kitchen with the thumb stone blues. Memoriak kantuaren hitzak apur bat aldarazi zizkion Parrari, baina honako hau gaineratu zuen: «Hiru bertso lerro horiek izugarriak dira, ez dutelako inolako pretentsio artistikorik. Errealismo erreala da, fabrika, azoka eta sukaldearekin».

Hamar aldiz Euskal Herrian

Sonatua izan zen 1970eko hamarkadan Dylanek kristautasunerantz egin zuen konbertsioa —zale eta kide askok ez zioten barkatu—. Orduz geroztik, ibilbide gorabeheratsua izan duela nabarmendu izan da batez ere, baina bai 1970eko hamarraldian —Blonde on the Tracks (1975) eta Desire (1977), adibidez—, bai 1980koan—Empire Burlesque (1985), eta Oh Mercy (1989)— eta baita hortik gaur arterainokoan, disko —Love and Theft (2000), Modern Times (2006)—, kantu eta hitz ederrak idatzi izan ditu. 1980ko hamarralditik aurrera, kantuak sortzea—500dik gora ditu guztira—, diskoak kaleratzea —ia 60— eta zuzeneko kontzertuak eta birak egitea bihurtu du bizibide. Hortik, Never EndingTour izena, bere etengabeko errepide gose horri jarraituz daraman bizimoduaren sinbolo. Eta mugikortasun horrek bultzatuta-edo, Euskal Herrian ikusteko aukerak dezente ugaldu ziren, aurrenekoz Donostiako Anoeta belodromoan aritu zenez geroztik —1989ko ekainaren 17an—. Sonatua izan zen 2006ko uztailaren 10ean Donostian bertan, Zurriolako hondartzan emandako kontzertua. Bakearen aldeko kontzertu modura antolatu zuten. Doakoa izan zen. Dylanen aurretik Mikel Laboa aritu zen, bere azkeneko zuzenekoa ematen. Kritikak leku txarrean utzi zuen Dylan, bere hoztasuna nabarmendu baitzuten gehientsuenek. Orduz geroztik, Iruñean (Anaitasuna pabiloia, 2008ko ekainak 24), Gasteizen (Azkena Rock, 2010eko ekainak 26), Bilbon (Guggenheim museoa, 2012ko uztailak 11), Baionan (Baiona Arenan, 2012ko uztailak 20) eta berriro Donostian (Donostia Arena, 2015eko uztailak 11) izan da Dylan. Euskal musikarien artean zaleak izan bai (Zigor Gazkez, Markos Untzeta...), baina apenas euskaratu den haren kanturik eta egin den bertsiorik. Anarik zuzenean aurkezturiko Iparraldeko neska (Girl from the north country, 1963) da gutxietako bat.

Aurten bertan kaleratu du Fallen Angels orain arteko azken lana. Orain, ikusteko geratzen da ea Literaturako Nobel saria eskuratzeak haren bizi eta kantu erritmoa aldatuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.