Iragarpen beltzak alde batera utzita, euskal ekonomia gai izan da 2023. urtearen hazkundearen bideari eusteko. Nafarroan %0,3 handitu zen barne produktu gordina —lehen estimazioen arabera—, eta %0,5, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantzian ere hazkundea izan da, txikia bada ere (+%0,2). Egoera kaskarragoa da eurogunean (%0), batez ere Alemania atzeraldian sartu zelako urteko lehen hiruhilekoan.
Bilakaerarik onena Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan dute, eta, gainera, hasieran uste zena baino hobea izan da, Eustatek zuzendu egin baitu duela sei aste aurreratutako datua. Orduan esan zuen hiru lurraldeetako barne produktu gordina %0,4 handitu zela 2022ko azken hiruhilekotik 2023ko lehenengora, baina orain hamarren bat handitu du hazkundea. Ondorioz, hamarren bat handitu da urte arteko tasa ere, %2,3raino. Azken bi urteotako tasarik txikiena da, eta baieztatzen du ekonomiaren hazkundeak moteltzen jarraitzen duela, baina atzeraldiaren mamuak oso urrun jarraitzen duela.
Eusko Jaurlaritzak espero du hurrengo hiruhilekoetan behera egitea urte arteko hazkunde tasa, eta urte osoan %1,5ean geratzea; 2024rako, berriz, %2,1ean.
Arabako BPGak izan du gorakadarik handiena urtearen hasieran, %1 hazi baita hiruhileko batetik bestera. Gipuzkoa %0,5era iritsi da, eta Bizkaia, berriz, %0,4ra. Urte arteko tasan ere, Araba sendoago dabil (%2,5) Gipuzkoa (%2,4) eta Bizkaia (%2,2) baino.
Industria ongien
Urtearen hasieran sektore guztiak hazi dira, baina lehen sektorea nabarmendu da, %7,5eko hazkundearekin hiruhileko batetik bestera. Sektore horrek, baina, pisu txikia du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian.
Emaitza pattalagoa eman du sektore nagusiak, zerbitzuenak. %0,2 baizik ez da hazi 2022ko azken hiruhilekotik 2023ko lehenengora, nahiz eta ostalaritzak bultzada handia izan duen (+%1,9). Hazkunderik ez dute izan administrazioak, osasunak, hezkuntzak eta gizarte zerbitzuek, eta %0,7 uzkurtu dira gainerakoak.
Hazkunde sendoagoa izan du industriak, %0,9koa. Haren barruan, manufaktura nabarmendu da, %1,3ko hazkundearekin.
Eskariari dagokionez, datu txarrak eman ditu gastu publikoak, %0,8ko ekarpen negatiboa eman baitio BPGari. Sendoago dago familien gastua (+%0,6), enpresen inbertsioak (+%1,6), eta kanpo sektorea (+%6,2).
Enpleguak ere hobera egin zuen urtarriletik martxora: 3.400 sortu dira, %0,3 aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
EAEko ekonomia %0,5 hazi zen urte hasieran, uste baino gehiago
Eustatek hamarren bat handitu du apirilean aurreratutako datua. Urte arteko tasa %2,3ra iritsi da, baina Jaurlaritzak espero du urteak aurrera egin ahala hazkundea motelduko dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu