Osasun egoerak hobera egin ahala, normaltasunera bueltatzen ari da kirol lehia. Iaz, koronabirusaren pandemiak lehenbizi eta Baiko enpresako pilotarien lan gatazkak ondoren, hankaz gora jarri zuten esku pilota profesionalaren egutegia. Ezohikoa izan zen erabat, eta hiru txapelketa nagusiei eragin zien bete-betean. Horren ondorioz, Eskuz Pilotako Enpresen Liga (EPEL) aspaldiko ordena aldatu beharrean izan zen: lehenbizi, urrian, 2019-2020ko binakakoaren finalerdietako ligaxkako azken bi partidak jokatu zituzten; jarraian, buruz burukoa, azaroan hasi eta bukatu; ondoren, binakakoaren finala; segidan, lau eta erdikoa, abenduan hasi eta bukatu; eta, azkenik, urtarriletik maiatzera 2020-2021eko binakakoa.
EPELek helburu zehatz bat jarria zion bere buruari: osasun egoerak aukera emanez gero, pixkanaka-pixkanaka pilotaren jarduna ohiko datetara bueltatzea. Eta asmo horretan lehen urratsa da, iraganean bezala, lau eta erdikoa izatea denboraldiko lehen txapelketa nagusia. Nahi eta egin. Atzo aurkeztu zuten, Bilbon, Miribilla pilotalekuan. Hasi, berriz, ostiralean hasiko da, Mallabian (Bizkaia), eta bukatu, azaroaren 14an, Bilbon. Egun horretan jokatuko da finala.
Pilotaren jarduna normaltasunera itzultzen ari den beste seinale bat da aurtengo lau eta erdikoa ez dela jokatuko hasi eta buka, etenik gabe, hilabete eskasean. Iaz halaxe egin zen. Aurten, ordea, sei asteburutan luzatuko da: batetik, final-laurdenetan ligaxka jokatuko baita, eta, bestetik, finalerdien eta finalaren artean hirugarren eta laugarren posturako neurketa jokatuko baita. Beraz, finalera ailegatzen diren bi pilotariek bi asteko epea izango dute azken partida hori prestatzeko. Ez da atzerapenik onartuko, eta, bi finalistetako batek min hartuz gero, hirugarren sailkatuak ordezkatuko luke. Hain zuzen, horixe gertatu zen azken buruz burukoan: Iñaki Artolak min hartu zuen Beñat Rezustaren aurka, finalerdietan, eta uko egin zion finala jokatzeari. Rezusta aritu zen haren ordez finalean, Jokin Altunaren kontra.
Pilotazaleen berotasuna
Bada beste aldaketa oso garrantzitsu bat. Azkeneko hiru txapelketa nagusiak ikuslerik gabe jokatu ziren, baina, osasun egoerak hobera egin eta neurriak arindu direnez, ikusleak egongo dira pilotalekuetako harmailetan: gaur-gaurkoz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gehienez %75eko edukiera bete daiteke. Nafarroan, berriz, ez da mugarik egongo ostiraletik aurrera, bertako gobernuak bertan behera utzi baitzituen atzo neurri murriztaile guztiak. Beraz, oso litekeena da txapelketako hainbat partida jokatzea Nafarroan, batez ere Iruñean, Labriten.
Pilotari kopurua, berriz, azken lau eta erdikoaren berbera izango da: hamabi, enpresa bakoitzetik sei. Hiru aldaketa bakarrik daude azken ekitaldiaren aldean: Unai Lasok, Victor Estebanek eta Aitor Elordik jokatuko dute, Iker Irribarriaren, Axier Arteagaren eta Iraitz Zubizarretaren ordez.
Ostiral gauean jokatuko dute final-zortzirenetako lehenbiziko partida, Mallabian: Elordik etxean egingo du debuta maila nagusiko txapelketa batean, eta Artola izango du aurkari. Larunbatean, berriz, Laso eta Jon Ander Peña ariko dira Donostian. Igandean, Lekeition (Bizkaia), Mikel Urrutikoetxeak eta Victorrek neurtuko dituzte indarrak. Eta, azkenik, astelehenean, Tolosan (Gipuzkoa), Peio Etxeberria eta Danel Elezkano izango dira aurrez aurre.
Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Elordi-Artola eta Peio Etxeberria-Elezkano II.a partidetako garaileek Altuna III.a eta Oinatz Bengoetxea izango dituzte aurkari hiru jardunaldiko ligaxkan; Urrutikoetxea-Victor eta Laso-Peña III.a neurketakoek, berriz, Erik Jaka eta Joseba Ezkurdia. Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta Bko lehenak, Ako bigarrenaren kontra. Urriaren 30ean eta 31n jokatuko dituzte finalerdiak.
Ilusioa eta gogoa
Elordi da debutari bakarra. Atarikoan Iker Irribarriari nagusitasunez irabazita sailkatu da: 22-12. Hori gutxi balitz bezala, etxekoen aurrean ariko da, Artolaren aurka: «Oso pozik nago. Ilusio handia egiten dit horren txapelketa garrantzitsu bat jokatzeak; sekulako maila dago. Etxean jokatuko dut, eta horrek bereziago egingo du. Ikerri irabazteak konfiantza handia eman dit. Baina badakit erronka zaila izango dudala, Iñaki aurkari oso indartsua baita. Nirea egiten ahaleginduko naiz. Ea hori eginda lanak ematen dizkiodan».
Lasok, berriz, hirugarrenez jokatuko du lau eta erdikoa, baina oso berezia du aurtengoa, lehen txapelketa baitu pilota profesionaletara itzuli zenetik: «Txapelketa hasteko gogo handia dut. Faboritoetako bat naizela? Ez dakit. Ea lehen partidan txukun aritzen naizen eta aurrera ateratzen dudan. Lehen norgehiagoka tentsio handikoa izaten da. Gainera, Peña aurkari gogorra da. Ondo ezagutzen dut. Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketan estutu galanta eman zidan [22-17 irabazi zion Lasok Baikoren final-zortzirenetan]».
Tolosarrak, berriz, partida bat jokatu du jada: 22-12 irabazi zion Asier Agirreri atarikoan. Baina badaki «oso erronka zaila» duela: «Unai ikusgarri aritu da udan. Argi dut oso partida gogorra izango dela. Entrenatzeko aukera izan dut, eta Agirreri irabazteak konfiantza eman dit. Ea gauzak ondo egiten ditudan. Sekulako poza hartuko nuke final-laurdenetarako sailkatuko banintz: hiru partida jokatuko nituzke hiru pilotari oso onen aurka».
Hain zuzen ere, ligaxkan tokia dute jada Altuna III.ak eta Bengoetxea VI.ak: lehenak, txapelduna baita; bigarrenak, berriz, finalerdiak jokatu baitzituen iaz. «Hiru partidatan nire maila eman nahi dut. Ematen badut, finalerdietarako sailkatzeko aukera izango dut. Hori dut lehen helburua. Eskuko arazoak izan ditut udan, eta zenbait partida utzi ditut jokatu gabe, baina aukera izan dut lan fisiko handiagoa egiteko, eta ondo nago. Gaur [atzo] hasiko naiz lau eta erdikoa prestatzen», esan zuen Amezketako aurrelariak (Gipuzkoa).
Leitzakoak (Nafarroa), berriz, «opari moduan» hartu du lau eta erdikoa jokatzea: «Oso pozik nago. Uste dut nire azken txapelketa izan daitekeela [urte bukaeran amaituko zaio kontratua Baikorekin], eta ilusio handia egiten dit jokatzeak. Badakit hiru partida oso gogor jokatuko ditudala, baina ondo nago sasoiz, eta oso indartsu buruz. Gerra ematera aterako naiz. Ez dizkiot bueltak ematen kontratuaren kontuari. Jokatzea eta gozatzea baino ez dut buruan».
Normaltasun itxura dauka
Etzi hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, Mallabian, eta azaroaren 14an jokatuko da finala, Bilbon. Ligaxka izango da final-laurdenetan, eta, azken txapelketa nagusietan ez bezala, ikusleak izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu