ITP Castingsek 136 kaleratze egiteko asmoa du, ia lantalde osoaren %30

Martxoaz geroztik ez die kontratua berritu 120 behin-behineko langileri; gauzak hala, 253 lirateke suntsitutako lanpostuak. Langile batzordea neurri traumatikoak saihesten saiatuko da negoziazioan

ITP Castingseko langile batzordeko kideak, atzo zuzendaritzarekin izandako bileraren aurretik. LAB SINDIKATUA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Precision Castings Bilbao (PCB) enpresak 136 langile finko kaleratzeko asmoa du. LAB sindikatuak iragan astean eman zuen erregulazio espedientearen berri, eta ITP Aero taldearen barnean dagoen enpresak atzo jakinarazi zuen hartuko duen neurriaren tamaina. 410 langilek dihardute Sestaoko eta Barakaldoko plantetan (Bizkaia), eta haien %30ei eragingo die erregulazioak. Halere, lanpostu suntsiketa handiagoa da, iragan martxoaz geroztik ez baitiete kontratua berritu behin-behinean ziharduten 120 langileri. Gauzak hala, eta erregulazioa enpresak planteatu zuen bezala garatzen bada, PCBk iaz baino 253 langile gutxiago izango ditu.

Langile batzordeko iturriek aitortu dutenez, ITP Castingseko lantalde murrizketa espero baino handiagoa da. Erregulazio espedientea eskatzeko gutxienez langileen %10ei eragin behar die, baina, ITP Aerok duela bi hilabete Zamudion (Bizkaia) aurkezturiko erregulazioak hango lantaldearen %15ei eragin zienez, antzeko zerbait espero zuten. Kaleratze proposamena, ordea, esperotakoa ia halako bi izango da..

Negoziazioa atzo hasi zuten, Bilboko hotel batean, eta sindikatuek espedientearen nondik norakoak jaso zituzten. Negoziazio mahaia ere osatu zuten: CCOO eta UGTko launa kide, LABeko hiru, eta ELAko bat. Enpresari dagokionez, arrazoi ekonomikoak eta ekoizpenaren ingurukoak arrazoitu zituen kaleratzeak justifikatzeko. Azken urtean ekoizpena asko jaitsi dela esana du, eta galerak izango dituela aurten.

Langile batzordeko kideek, baina, auzitan jartzen dituzte argudio horiek. Batetik, ITP bera delako PCBren bezero nagusia, eta hark duelako eskaera bolumena erregulatzeko ahalmena. Eta, bestetik, ITP egoera ekonomiko onean dagoela iritzi diotelako. Urrunago joan gabe, iaz 95 milioi euroko irabazia izan zuen.

Iragan irailean, baina, mugarri bat egon zen langileen eta enpresaren arteko harremanean. PCBko zuzendaritzak aldi baterako erregulazio espediente bat eskatu zuen, eta sindikatuek helegitea jarri zioten epaitegietan. Epaileak arrazoia eman zien langileei, eta neurria hartzeko arrazoirik ez zegoela ebatzi zuen. Hartaz geroztik, langileek nabarmendu dute eskaerak uzkurtu egin direla. Hala ere, diotenez, oraindik ere erritmo onean dihardute.

Langileek ez dute erabaki nola erantzun. Batzordeak aurreratu du «erabaki traumatikoak» saihesten saiatuko direla, euren iritziz krisia «koiunturala» delako, eta osasun egoerak hobetzean hegazkingintzak ere goraka egingo duelako. Protesta ekintzekin hasteko asmoa dute, eta ikusteke dago grebarik egingo duten. Sindikatuek. behintzat, erreakzio gogorrak izan zituzten atzo. LABek Jaurlaritzari non dagoen galdetu zion, Ezkerraldeko enpresa handienetako bat arriskuan dagoen honetan. ELAk, berriz, kostuak murrizteko pandemia aitzakiatzat hartu izana egotzi zion ITPri.

Salgai dagoen enpresa

Rolls Royce Ingalaterrako multinazionala da ITP Aeroren jabea, eta jakina da hura saldu nahi duela. Zamudioko erregulazioa erabaki zuenean, langile batzordeko kideek hor ikusi zuten gakoetako bat: soldaten masa murriztea, produktua erakargarriagoa egiteko. PCB ere salmenta horren barruan legoke, baina han momentuz ez dakite harremanik dagoen ala ez. PCBn hegazkinen turbinen piezak egiten dituzte, fundizioa ere badute, eta Zamudion lotu egiten dituzte gero. Planta horiez gain, ITPk beste bi ditu Bizkaian: ITP Externals (Derio) eta ITA (Zamudio).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.