NATOk presentzia murriztuko du Afganistanen, 4.000 soldadu aterata

Stoltenberg idazkariaren arabera, abuztua baino lehen jarriko dute abian plana, 2016ko kopurura itzultzeko: 12.000 militar. Agintariak espero du estatuek gastua handitzeko promesa beteko dutela

NATOren soldadu batzuk, Afganistango hiriburuan, artxiboko irudi batean. JAWED KARGAR / EFE.
ander perez zala
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Talibanen eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) arteko akordioaren ondorioz, NATOk ere bere burua behartuta ikusi du Afganistango gerraren fase berrira egokitzera, eta horri begirako lehen pausoak ematen hasia da jada. Pixkanaka bada ere, Mendebaldeko 29 estatuk osatzen duten aliantzak Ekialde Hurbileko herrialde horretan duen presentzia militarra murriztea erabaki du, eta, oraingoz, 2016ko kopurura itzuliko da: 4.000 soldadu Afganistandik aterako ditu. Hortaz, aurten 12.000ra jaitsiko da NATOk herrialde horretan dituen militarren kopurua, Jens Stoltenberg erakundearen idazkari nagusiak atzojakinarazi zuenez.

Agintariaren arabera, datorren abuztua baino lehen plan bat jarriko dute abian erretiratze hori gauzatzeko: «Erabakia herrialdeko egoera eta baldintzak ikusita hartu dugu. Talibanei dei egiten diegu akordioan adosturiko beren partea errespetatzera, eta negoziazio mahaiarekiko konpromisoa erakustera». AEBek eta talibanek iragan otsailaren 29an sinaturiko itunean jaso zuten aliantza osatzen duten herrialdeek hamalau hilabeteko epean aterako dituztela beren tropak Afganistandik, eta Etxe Zuriak konpromisoa hartu zuen herrialde horretan dituen 14.000 soldaduetatik 8.600 erretiratzeko, akordioaren onarpenetik 135 egun betetzen direnerako; hau da, uztail erdialderako. Afganistanen geratuko diren NATOren 12.000 militarrek orain arteko zereginari eutsiko diote: indar lokalak entrenatzea eta teknika militarrak irakastea.

Talibanen eta AEBen itunaren sinadura ekitaldiaren aurreko astean, aliantza militarrak bat egin zuen bi aldeek adosturiko edukiarekin, eta, harrezkero, etenak ditu eraso militarrak: «Gure operazioek izaera defentsiboa izango dute», jakinarazi zuen NATOren Afganistango misiorako komandante Austin Scott Walkerrek.

Oraingoz, ordea, egoera zailean dago elkarrizketa politikoaren prozesua, talibanek preso guztiak askatu arte uko egin baitiote Afganistango Gobernuarekin mahai beraren inguruan esertzeari; exekutiboak 5.000 preso askatzeko dekretua onartu zuen, bainairagarri zuen 1.500 baino ez dituela askatuko bake negoziazioei ekin arte. Eta, bien bitartean, talibanek erasoekin jarraitzen dute, eta horregatik agindu zien atzo Assadulah Khalid Defentsa ministroak segurtasun indarrei defentsarako jarrera «aktiboa» izateko; ez hori bakarrik, erasoak prestatzen ari diren talibanen aurkako operazioak ere egiteko eskatu die.

Testuinguru horretan, Stoltenbergek adierazi zuen egungo erronka nagusia dela elkarrizketa horiek berriz abiatzea, herrialdeak «erronka askori» egin behar dielako aurre. Gainera, bake negoziazioen egoerari gehitu behar zaio Afganistango krisi politikoak hartu duen norabidea, NATOren idazkari nagusiak gogorarazi zuenez: iragan astean, Ashraf Ghani presidenteak eta Abdullah Abdullah lehen ministroak herrialdeko estatuburu karguaren zina egin zuten, bi ekitaldi desberdinetan. «Adosturiko prozesu politiko baten parte izango den gobernu batu bat behar dugu. Indar politikoei dei egiten diegu irtenbide bat bilatzera, talibanekin adosturiko akordioa martxan jartzea ahalbidetuko duena».

Europan ere, behera

Afganistango misioaren egoeraren berri emateaz gain, NATOren idazkari nagusiak jakinarazi zuen Europan abian dituzte ariketa militar ia guztiak bertan behera utziko dituztela, koronabirusarengatik: «Gure ariketetako batzuk aldatu egin ditugu edo bertan behera utzi, baina gure indarrak edozertarako prest daude».

Birusaren mehatxuaz, Stoltenbergek aitortu zuen «aurrekaririk gabeko krisi bat» sortzen ari dela, eta horrek eragina izango duela erakundearen aurtengo aurrekontuan eta jardunean. Halere, espero du estatuek gastu militarra handitzeko promesari eutsiko diote: 2024rako barne produktu gordinaren %2a defentsara bideratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.