Mundu mailan oihartzun gehien duen hirugarren kirol lehiaketa da, Olinpiar Jokoen eta futboleko Munduko Koparen ondoren. Atzerriko 400.000 errugbizale espero ditu herrialdeak. Japonia eta Errusiaren arteko partidak (09:15) irekiko du 48 partidako maratoia —hogei selekzio dira—, eta azaroaren 2an bukatuko da. Azken egunetan, dena den, bi auzik kirolak baino zeresan gehiago eman dute. Batetik, tifoi garaia da Japonian, eta eguraldiaren beldur dira. Bestetik, tatuajeak. Japoniako kulturan ez dute ospe onik, eta agerpen publikoetan estaltzeko eskatu diete jokalariei: prentsaurrekoetan, elkarrizketetan...
ZEELANDA BERRIA
Beti da faborito nagusia. Zerbaitegatik irabazi ditu Munduko Kopako azken bi aldiak (2011 eta 2015). Baina, hamar urtean lehenbiziko aldiz, All Blacks-ak ez daude IRBko sailkapenaren lehen postuan —Irlanda da lehena—. Kontu estatistiko hutsa da, baina adierazgarria halaber, Zeelanda Berriak hiru partida galdu eta bat berdindu baititu azken urtean. Hainbeste estropezu ez dira ohikoak. Urrunago joan gabe, abuztuaren 10ean 47-26 galdu zuen Australiaren aurka; inoiz hartu duen jipoirik handiena da, baina, astebete geroago, mendekua hartu zuen, 36-0 irabazita. 2018ko udazkenean, lagunarteko bi partida galdu zituen, Irlanda (9-16) eta Hegoafrikaren aurka (34-36), eta aurtengo uztailean 16na egin zuen Hegoafrikaren aurka. Hegoafrikak neurria hartua diola dirudi, eta haren aurka jokatuko du, hain zuzen, B multzoko lehen partida, bihar (11:45). Zalantzak uxatu edo areagotu egingo dira.BESTE FABORITOAK
Zeelanda Berriak kale egiten badu, Ingalaterrak eta Hegoafrikak dirudite hautagai nagusiak. Hegoafrikak irabazi du aurtengo Rugby Championship torneoa (Lau Nazioak), eta ez dio beldurrik Zeelanda Berriari. Gainera, ez du harekin topo egingo kanporaketetan. Ingalaterrak, aldiz, udako prestaketa partidetan lortu du hautagai izateko eskubidea. Sasoi betean dago, eta 2015eko orbaina garbitu behar du, ordukoan, etxean, ez baitzen pasatu lehen fasetik.Pixka bat atzerago, baina ez asko, Gales, Irlanda eta Australia daude. Galesek Grand Slama irabazi du aurten, Sei Nazioen torneoan, baina prestaketa partidetan gorabehera asko izan ditu. Irlandak, bestalde, ilusioz lepo ekingo dio Munduko Kopari. Sei Nazioetan bizkarrekoa hartu zuen, baina, Joe Schmidt hautatzaile denetik, oso ondo jokatzen ari da—2018an Grand Slama irabazi zuen Sei Nazioetan—, eta hark eraman du IRBko lehen postura. Australia ere ezin da baztertu: bi aldiz izan da munduko txapeldun, baina ez da ari irudi sendoa ematen. Abuztuan Zeelanda Berriari irabazi zion, baina azken urtean hainbat lagunarteko partida galdu ditu. Koska bat atzerago daude Frantzia eta Argentina.