Enpleguak arnasa hartu du

Langabezia jaitsi egin da eta afiliazioa igo, baina ez da aski izan urtarrilean galdutako lanpostuak berreskuratzeko. Industrian eta hezkuntzan gutxitu dira langabeak, oporraldien amaiera dela eta

jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Otsailean, oro har, gorabehera handirik ez da egoten Hego Euskal Herriko lan merkatuan, eta hala gertatu da aurten ere. Enplegua sortu da: urtarrilean baino 5.052 afiliatu gehiago daude Gizarte Segurantzan erregistratuta, eta langabeen kopurua ere apaldu egin da: aurreko hilean baino 243 gutxiago zenbatu dituzteEAEko Lanbidek eta Nafarroako Lansarek. Gogoratu behar da 2022ko azkenengo bi hilabeteak eta bereziki urtarrila txarrak izan zirela enpleguaren sorrerari dagokionez. Otsailean lan merkatuak arnasa hartu badu ere, ez da aski izan deuseztatutako enplegua berreskuratzeko. Urtarrilean, 12.237 afiliatu galdu ziren.

LANGABEZIA
Jaitsiera orekatua

Langabeen kopurua, halere, pandemia aurrekoak baino txikiagoa da orain ere. Guztira 144.660 daude, 2020ko otsailean baino 5.554 gutxiago, eta iazko otsailean baino 4.848 gutxiago. 2009tik otsail batean inoiz zenbatutako langabe kopururik txikiena da.

Hilabete batetik besterako bilakaera aztertuz gero, azkenengo zortzi urteetan otsailean behera egin izan du lanik gabekoen kopuruak —iaz izan ezik: 747 gehiago zenbatu zituzten—. Aurten ere behera egin du (-243), baina beste urteetan baino gutxiago.

Dena den, jaitsiera homogeneoa izan da, sektoreak, lurraldeak eta sexuak kontuan hartuta. Nagusiki, industrian gutxitu da gehien langabeen kopurua (-235). Eraikuntzan ere apaldu da (-99), eta nekazaritzan (-15). Sektore horietan azken hilabeteetako joerari eutsi diote, oro har, etengabea izan baita enpleguaren sorrera.

Otsail honetan ikusteko zegoen zerbitzuetan zer gertatutako zen. Urteko lehen hilabeteak txarrak izaten dira sektore horrentzat, Eguberriei begira sortzen diren lanpostu asko, bereziki merkataritzakoak eta ostalaritzakoak, galdu egiten direlako. Gainera, inflazio handia dela-eta kontsumoa moteldu egin da azken hilabeteetan. Horiek hala, urtarrilean langabeziak gora egin zuen (+2.883). Otsailean, baina, buelta eman zaio joera horri, eta langabe gutxiago zenbatu dituzte (-193).

Sektore horretan, halere, alde handiak daude jarduera batzuetatik besteetara. Afiliazio datuek erakusten dutenez, zerbitzuetan sortutako enpleguak nagusiki hezkuntzakoak dira —1.500 inguru—. Ohi denez, Gabonetako oporraldien ostean akademiek-eta betiko martxan segitzen dute, eta sektore horretako langile asko aldizkako finkoak dira. Merkataritzan, ostalaritzan eta osasunarekin loturiko jardueretan, aldiz, ez da ia enplegurik sortu, edo galdu egin da. Ondorioz, iazko otsailean baino 664 langabe gehiago daude zerbitzuetan.

Lurraldeka ere nahiko modu orekatuan apaldu da langabezia otsailean. Guztietan jaitsi da, batean izan ezik: Nafarroan. 366 langabe gehiago zenbatu ditu Lansarek, eta seigarren hilabetez jarraian egin du gora langabeziak. Gainerakoetan behera egin du, Gipuzkoan gehien (-248); jarraian, Araban (-194) eta Bizkaian (-167).

Sexuaren arabera ere antzera jaitsi da langabezia gizon eta emakumeen artean urtarriletik otsailera. Dena den, urte arteko bilakaeran proportzio handiagoan gutxitu da gizonetan (-%5,40 iazko otsailetik), emakumeetan baino (—%1,63). Fokua zabalduz gero, emakumeen langabezia pandemia aurreko kopuruetan da berriz —2020ko otsailean baino %2,08 gutxiago da—; gizonen artean, berriz, handiagoa izan da jaitsiera(-%7,31). Urtean zehar industriak eta zerbitzuen sektoreak bilakaera bera izan ez dutelako gertatu da hori, hein handi batean; lehenengoan gizonak aritzen dira ia esklusiboki, eta bigarrengoan emakumeak gehiago dira.

AFILIAZIOAK
Gora, industriagatiketa hezkuntzagatik bereziki

Afiliazioen bilakaera langabeziarena baino hobea izan da otsailean. 2010etik otsailean izandako igoerarik handienetako bat erregistratu da, gainera: urtarrilean baino 5.062 afiliatu gehiago daude Gizarte Segurantzan, eta aurreko urteko otsailean baino 16.302 gehiago. Mende hasieratik afiliatu gehien dauden otsaila da. Guztira 1.286.857 dira.

Urte amaiera, baina, oso txarra izan zen afiliazioetan. Abendutik urtarrilera 12.237 galdu ziren. Ohikoa izaten da epe horretan 10.000-13.000ko galera egoteaurtarrilean, eta hurrengo hilabeteetan berreskuratzea. Gabonetako jaiegunek eragiten dute beherakada hori, sektore batzuetan bereziki; hezkuntzan, adibidez. Otsailean berreskuratutako 5.062 afiliatuen erdiak, hor nonbait, sektore horrekin eta industriarekin lotuta daude: 1.500 afiliatu berri sektore bakoitzean. Eta aldizkako finkoak dira gehienbat.

KONTRATU BERRIAK
Beheranzko joera

Langabeziaren eta afiliazioen datuek erakusten dute lan merkatuaren alde positiboa. Baina badago kezkarako daturik ere. Lan kontratu berrien erritmoa moteltzen ari da. Otsailean 70.011 egin dira. Datu historikoei erreparatuz gero, ez da emaitza ona. Azken hamarkadan, soilik pandemiaren hilabeterik txarrenetan egin ziren gutxiago —2020ko apirilean, maiatzean eta ekainean—. Aurtengo urtarrila ere oso txarra izan zen lan kontratuei dagokienez, eta otsailean 9.658 gutxiago egin dira. Iazko otsailean egindakoekin konparatuta, are handiagoa da aldea: 19.989 gutxiago (-%22).

Kontratu motari dagokionez, otsail batean inoizko mugagabe gehien egin dira aurten (%26,39). Aurreko otsailean egindakoen aldean, 11 puntu igo da. Azken urtean, hilabete guztietan errepikatzen da hori, eta antzekoa izaten da mugagabeen proportzioa—lautik bat—. Iaz indarrean sartu zen lan erreformaren eraginez gertatzen da hori, aldizkakoak mugatu egin direlako. Dena den, kontratu finkoetan, bostetik bat aldizkakoa da, edo jardunaldi partzialekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.