Poloniaren jarrera aldaketa saritu du EBk, suspertze funtsak desblokeatuz

Von der Leyenen arabera, Varsoviak sistema judiziala erreformatzea da 35.400 milioi euroak jasotzeko baldintza. Bruselak gertutik zainduko ditu aldaketak. Polonia pozik agertu da

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroa, atzo, Varsovian. RADEK PIETRUSZKA / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ukrainako gerrarekin loturik EB Europako Batasunak hartu dituen erabakiak babestu ditu Poloniak, eta horren ondorio da Bruselak, zenbait hilabetez negoziatzen aritu eta gero, Varsoviaren suspertze plana onartu izana. Orduan, 2026 bitartean, klub komunitarioko funtsetatik 35.400 milioi euro jasotzeko moduan egongo da Polonia. Horretarako, baina, sistema judiziala erreformatu beharko du, eta haren independentzia bermatzeko bere buruari jarri dizkion helburuak betetzen ari dela egiaztatu. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Andrzej Duda Poloniako presidentearekin eta Mateus Morawiecki lehen ministroarekin bildu zen atzo, Varsovian, eta zehaztu zuen Bruselak erreformen «hiru punturi» erreparatuko diela batez ere: «[Auzitegi Goreneko] Zigor aretoa baliogabetzea, kargugabetutako epaileak berriro hartzea eta sistema judiziala erreformatzea».

Poloniako Gobernua pozik dago, eta iruditzen zaio hartu duen konpromisoaren emaitza dela. Komisarioen Elkargoak hartu zuen erabakia herenegun, eta nabarmendu «gertutik» zainduko dutela ea Varsovia konpromisoak betetzen ari den —aurtengo bigarren hiruhilekoa amaitzerako egon beharko lukete erreformek indarrean—, eta horren arabera hasiko dela dirua jasotzen. Europar Kontseiluak —organo horretan daude ordezkatuta talde komunitarioko 27 estatuak— balioztatu behar du komisarioek erabakitakoa.

Nolanahi ere, Bruselak eta Poloniako Gobernu ultrakontserbadoreak azken urteotan eduki duten harreman gatazkatsuaren ondorioz, deliberoa ez dute aho batez hartu. Zenbait hedabidek iturri komunitarioak aipatuz kaleratu dutenez, bi presidenteordek, Margrethe Vestager Lehia eta Digitalizazioa sailekoak eta Frans Timmermans Klima sailekoak, kontra bozkatu zuten. Didier Reynders Justizia komisarioak ez zuen bileran parte hartu, eta, El País egunkariak argitaratu duenez, gutun bat bidali zuen elkargora, erabakiaren gaineko «zalantzak» plazaratuz. «[Poloniako Auzitegi Konstituzionalak EBko zuzenbidearen lehentasuna zulatzen duen une batean onartu da plana».

Hain zuzen ere, Polonia Europako Batasunaren jomugan dago —baita Hungaria ere—, egozten baitio zuzenbide estatuaren estandarrak ez betetzea; adibidez, sistema judizialaren independentzia bermatzeko orduan, eta LGTBI kolektiboaren eskubideak babesteari muzin egiten diolako.

Aintzat hartu behar da, gainera, Errusia Ukraina inbaditzen hasi baino bederatzi egun lehenago, otsailaren 15ean, EBko Justizia Auzitegiak ontzat eman zuela Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak 2020ko udazkenean adostutako baldintza klubeko funtsak jaso ahal izateko: estatu kideek zuzenbide estatua errespetatzea. Polonia eta Hungaria ez zeuden ados baldintza harekin.

Sententzia kaleratu baino pare bat hilabete lehenago, EBk zigor prozedura bat ireki zion Varsoviari, Auzitegi Konstituzionalaren «inpartzialtasuna» zalantzan jarriz. Izan ere, Konstituzionalaren bi ebazpenek zalantzan jarri zuten EBko zuzenbidea Poloniakoaren gainetik egotea.

Poloniak eta Hungariak salatu izan dute funtsak jasotzeko prozedurak «esanahi politikoa» duela. Morawieckik Bruselari aurpegiratu izan dio «xantaia ekonomikoa» egitea.

Abagunea aldatu egin da, ordea, azken hilotan. Errusiak Ukraina inbaditu zuen, eta EBk batasuna indartu nahi izan du Errusiaren aurrean. Polonia izan da Moskuren kontra gogorren egin duten klubeko bazkideetako bat, eta errefuxiatu gehien hartu dituen herrialdea izan da: 3,5 milioi.

Orduan, Bruselak begi onez ikusi du Varsoviak justizia sistema erreformatzeko aurkeztutako plana. Klubak eskatu zion Auzitegi Goreneko zigor aretoa indargabetzeko —horrek funtzionatzen jarraitzen duen bitartean, egunero milioi bat euroko isuna ordaintzera zigortu zuen EBko Justizia Auzitegiak, iazko urrian—, eta Varsoviaren asmoa hori da, baina gobernuaren proiektuak zehazten du antzeko beste organo bat sortuko dutela. Proiektu horrek, bestalde, ez ditu Bruselaren beste eskakizun batzuk kontuan hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.